Berriak Lehendakaritza
Eu

Mexikok Euskadirekiko duen interesa egiaztatu du lehendakariak herrialde horretara egindako bidaia ofizialean

2014.eko azaroak 01

 

Iñigo Urkullu lehendakariak oso positibotzat jo du Eusko Jaurlaritzak Mexikora egin duen bidaia ofiziala. Lehendakariaren arabera, herrialde aztekara egindako bisitaldia «egokia, beharrezkoa eta emankorra» izan da, eta egiaztatu du Euskadik interesa pizten duela Mexikon, bai enpresen munduan, bai hezkuntzan baita berrikuntzarekin lotutako arloetan ere.

«Oro har, esan dezakegu Euskadiren giza garapen iraunkorreko ereduak interes handia piztu duela Mexikon», azaldu  du lehendakariak Euskadira itzuli aurretik Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzan eman duen prentsaurrekoan.

Lehendakaria oso pozik agertu da Mexikoko instituzioek eman dieten tratuagatik: Senatuak eta Kanpo Harremanetako eta Energiako ministerioek. Labur esanda, Eusko Jaurlaritza pozik dago egindako misioagatik, eta Mexikoko bidaiarako osatuta agenda bete eta hobetu izanagatik.

Prentsaurrekoan, izan dituen bilera guztiak aipatu ditu: gosariak Mexikon fabrikak dituzten Euskadiko enpresetan, Mondragon-UCO unibertsitatearen inaugurazioa, Queretaroko gobernatzailearekin sinatutako hitzarmena eta Mexico Business Summit biltzarra. Biltzarrean, Mexikoko hainbat gobernatzailerekin biltzeko eta Enrique Peña Nieto Errepublikako presidentea agurtzeko eta harekin presidente-mahaia partekatzeko aukera izan zuen. Peña Nietok Euskadiko enpresak eta diasporaren lana goraipatu zituen. Bestalde, Mexikoko energiaren eta elektrizitatearen organismo erregulatzailearekin izandako bilerak nabarmendu ditu, herrialde horretako erreforma energetikoak Euskadiko enpresetarako izango dituen garrantziagatik eta aukeragatik. 

 Lehendakariak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak hiru konpromiso hartu dituela bidaia honetan. Alde batetik, Mexiko Mahaia sortzea, Euskadiko enpresen eta instituzioen artean, Mexikoko erakundeekin harremanak errazteko. Bigarrenik, hornitzaileen sarea sortzea, hornitzaileak atzerrian ezarritako enpresa handietara gerturatzeko eta, hala, enpresa hornitzaileen nazioartekotzea bultzatzea. Eta, azkenik, atzerrian sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza indartzea, atzerriko ezarpenetan elkarrekin parte hartuz.

Azkenik, lehendakariak eskerrak eman dizkio Mexikoko euskal komunitateari, Euskal Etxean egindako harreragatik. «Topaketak Euskadiri Mexikon bizirik eusten dion komunitatearekin ditugun harremanak estutu ditu», esan du.

Azken astean izandako gertakizunen berri galdetu diote hedabideek Urkullu lehendakariari. Honek Estatu Hitzarmen bat eskatu du Estatu espainiarreko bizitza politiko instituzionalak eredu berri bat behar duelako, honen aburuz.

Urkulluk adierazi du Euskadi eta Kataluniaren jarrera argi dagoela eta azken honi dagokionean, ez du uste arazoa azaroaren 9ko kontsultaren aurkako helegitean dagoenik, erroan baizik. Lehendakariak ez du ulertzen elkarrizketarako prestutasun falta ezta dena usteltzeko estrategia erabiltzea ere, honek izan ditzakeen ondorioak kontutan hartu gabe. Urkullu lehendakariaren ustez, Espainiako presidenteak gai guzti hauek lidergoarekin landu behar ditu eta hori dela eta Estatu Hitzarmena eskatu du.


Hitzarmen hori korruzpioaren kontra eta politikaren duintasuna defendatzeko ere eskatu du. Azken asteotan izan diren korrupzio albisteen inguruan Urkulluk beharrezkotzat jo ditu Rajoy presidentearen parkamen eskaerak, halere, egoerak konpromiso etikoekin lidergoa izatea ere eskatzen duela gehitu du. Lehendkariak, gertakizunak argitu, erantzukizunak zehaztu eta baloreen kultura aldatuko duen hitzarmen baten alde agertu da.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2014.eko azaroak 03

    pues me alegro muchisimo a por euskadi , ya has vuelto de las tierras mexicanas @iurkullu

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)