Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak astelehenean ekingo dio Mutrikuko dikerako bidea konpontzeari

2014.eko urriak 30
  • Garraio Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulok esan du hormigoizko zatiak, argiztapena, hornidurak, barandak eta eskailerak berreraiki beharko dituztela

 

Datorren astelehenean, azaroak 3, Mutrikuko dikera sartzeko bidea konpontzeko lanak hasiko dituzte. Construcciones Campezo enpresari esleitu dizkiote, 200.000 euroren truke, eta bost asteko epean bukatzea estimatu dute, eguraldiak laguntzen badu.  «Joan den neguko denboraleen ondorioz, hondartzaren eta Burumendiko igerilekuen ondoko urbanizazioak eta Mutrikuko portuko kanpoko dikerako bideak kalte estetikoak izan zituzten, eta lanak bainu-denboraldia amaitu arte atzeratu ziren», esan du Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulok.

 

Ruiz de Anguloren arabera, kanpoko dikerako sarbidea konpontzen hasiko dira. Oinarri pikortatuaren gainean jarritako hormigoi-lauza batez osatuta dago, eta igerilekuen ondoko zatian erabat altxatuta dago, baita kanpoko dikearen babeseko lehen zatian ere.  Erdiko aldean, zoladuraren hainbat zati altxatuta daude, beste batzuetatik ura sartzen da, etab. Gainera, alboetan itxitura moduan jarritako hormigoizko hesiak lekuz mugituta daude.

 

Burumendiko hondartza eta igerileku inguruko zerbitzu sareak ere hainbat mailatako kalteak izan ditu. «Burumendi eta kanpoko dikea bereizten dituen hormaren arkugaineran jarritako zerbitzuen hornidura sarea kaltetu da. Hain zuzen ere, 80 mm-ko diametroko burdinurtuko hodi bat bistan geratu da, eta ur-harguneak eta kutxatilak hondatu egin dira», zehaztu du zuzendariak.

 

«Argiei dagokienez –esan du Almudena Ruiz de Angulok-, kanalizazioaren zati bat bistan geratu da, kutxatilak ezin dira erabili eta hormetako hartuneak apurtuta edo urez beteta daude. Bestalde, urbanizazioa eta dikea bereizteko hormako inpostetan, eskaileretan eta barandetan ere kalteak daude. «Batzuk eutsi diete denboraleei, baina beste batzuk lekuz mugitu edo hondatu egin dira», azaldu du.

 

Horma pitzatuta

Urbanizazioaren inguruan, iparraldeko sektorean, inprimatutako hormigoizko zoladuran pitzadurak agertu ziren, goiko pasabideko lauza altxatu egin zen eta igerilekuko perimetroko habea zartatuta dago.  Kanpoko dikeko ekialdean, zoladuraren zati handi batzuk altxatu egin ziren eta harlanduzko horma pitzatuta geratu zen.

 

«Konponketa lanak azaroaren 3an hasiko dituzte eta, 5 astean, hurrengo jarduera hauek egingo dituzte: kanpoko dikera sartu, indusketako, betetzeko eta berdinketako material soberakinak bidetik kentzea eta material pikortua jartzea, obraren mailara iritsi arte. Era berean, obra sarrera bat eraikiko dute. Horretarako, zagor artifizialezko 15 zentimetroko geruza jarriko dute sare geotestil baten eta 12 zentimetroko HM-20 hormigoizko lauza baten gainean, eta aurrez fabrikatutako hormigoizko hesiak muga fisikorik gabeko urbanizazioaren inguruan», adierazi du Almudena Ruiz de Angulok.

 

Eusko Jaurlaritzako portuetako arduradunaren esanetan, zerbitzu-sareetan, burdinurtuzko hodiak jarri, kaltetutako argiak ordezkatu eta kutxatilak konponduko dituzte. Gainera, hormaren gaineko kareharrizko inpostak leheneratzeko, pieza berriak edo konpondutakoak beren lekura eramango dituzte. Eta eskaileretan hondatuta dauden kareharrizko mailak konponduko dituzte. Bestalde, aprobetxatzeko moduan ez dauden barandako zatiak kendu eta berriak edo konpondutakoak jarriko dituzte horman lotuta.

 

«Urbanizazioko iparraldeko aldean, zoladurako pitzatutako zatiak eraitsi kenduko dituzte, eta inprimatutako hormigoizko sektorea, altxatutako hormigoizko lauza eta zartatutako habea berreraikiko dituzte», gehitu du Ruiz de Angulok. «Kanpoko dikearen inguruan, olatuek altxatu duten zoladura konponduko dute, eta harri-hormetako pitzadurak estaliko dituzte. Espero dugu eguraldiak laguntzea, azken asteetan bezala, programatutako epea bete ahal izateko», amaitu du Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak.

 

Ortoargazkien iturria: GeoEuskadi 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)