Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik azpimarratu du Euskadik europar eskualde aurreratuenen artean jokatzen duen rol nabarmena

2014.eko urriak 30

Europako Eskualdeen Ingurumen-konferentzia (ENCORE) Bilbon

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuak, Ana Oregik, Euskadik lortutako ingurumen-aurrerapena azpimarratu du; nabarmendu du, orobat, Europako eskualde aurreratuenen artean dagoela kokatuta, Ingurumen Errendimenduaren Indizearen arabera (EPI); adierazpen horiek Enviromental Conference of the Regions of Europe –ENCORE- konferentziaren batzorde eragilearen bileran gaur eta bihar Bilbon parte hartzen duten hamabi europar eskualdeen aurrean egin ditu.

 “Hiru hamarkada hauetan aplikatu dugun ingurumen-politikak bidea eman digu Euskadi Europako eskualde aurreratuenen artean kokatzeko, bai abiatutako politika eta tresnen ikuspuntutik eta bai lortutako emaitzen ikuspuntutik”, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak, nazioarteko topaketa irekitzeko ekitaldian, Klima-aldaketaren ondorioengatik bereziki kezkatuta azalduz. 

ENCORE Konferentziaren bilerak Bilbon egingo dituen bi egunetan, Europako hamabi eskualdek jardunbide egokiak azalduko dituzte ingurumenaren zenbait eremutan, hala nola klima-aldaketa, energia, airearen kalitatea, ura edo eremu babestuetako turismoa, beste gai batzuen artean.

  “Ingurumen Errendimenduaren Txostenaren arabera (EPI), Euskadi laugarren postuan dago, Norvegia, Frantzia edo Austriaren parean“, azaldu du Oregik. Bere esanetan, “Euskadi bere ingurumen-politikaren etapa berri baten hasieran dago, Klima-aldaketak eragindako kezkaren eraginpean”.

 Erronkak

“Ingurumenaren aurkako mehatxuak globalak badira ere, uste dugu tokiko erantzunak ezinbestekoak direla; alde horretatik, ENCOREren moduko sareek egiten duten sareko lanaren rola tresna garrantzitsua da gure gobernuen lanaren balioa erakusteko. Gobernuen arteko lankidetza eta esperientziak guztion artean konpartitzea funtsekoa da erronka horiei aurre egiten dieten ingurumen-politika berritzaileak eraiki ahal izateko”, azpimarratu du Sailburuak.

 Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, konferentziaren kide aktiboa denez, Basque Ecodesign Meeting 2014 ekimenaren edukiak aurkeztuko ditu; izan ere, ekodiseinuari buruzko topaketa horrek produktu eta zerbitzuen diseinuaren alorreko hirurehun profesional bilduko ditu Bilbon, azaroaren 17an. Horrez gain, ekosistemen zerbitzuen eta lurralde-kudeaketa eta –plangintzaren arteko lotura ere jorratuko da, Euskal Herriko Unibertsitatearen UNESCO Katedraren eskutik.

 Topaketa aprobetxatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak bilera bat izango du Bavariako estatu alemaneko ordezkariekin, ingurumenaren alorreko proiektuetan etorkizunean kolaboratzeari begira; horren sustraian dago eskualde horrek eta Euskal Autonomia Erkidegoan iragan uztailean sinatu zuten akordioa.

 ENCORE Konferentzia eskualdeentzat garrantzia duten ingurumen-gaiak eztabaidatzeko foro bat da, Europa osoko eskualdeen parte-hartzea duena. Foro hori, eskualdeen arteko lankidetzarako eta esperientzien trukerako tresna gisa izateaz gain, funtsezko ingurumen-gaiei buruzko posizio komunak modu bateratuan hartzeko bidea eskaintzen die bertan parte hartzen duten eskualdeei, Europako Batasunak ezartzen dituen ingurumen-politiken definizioan eragina izateko xedez.

 Iragan maiatzaren 16an, Oregik Europako Eskualdeen Ingurumen Konferentzian (ENCORE) parte hartu zuen, Munichen. Beraren presidentea Marcel Huber izan zen, Bavaria Estatuko Ingurumen eta Kontsumitzaileen Babesaren Ministroa.

 Europako eskualdeek aztertzen dituzte ingurumenarekin zerikusia duten ikuspegi propioak, kezkak, azterketak eta arazo espezifikoak. ENCORE plataforma bat da, eginkizun hau duena: Europako eskualdeetako Ingurumen ministroek eta beste lider garrantzitsu batzuek ingurumen-gaiei eta garapen jasangarriari buruzko erabakiak hartzea, ingurumenaren gobernantza hobetzeko eta beren eskualdeetako garapen jasangarria sustatzeko.

 ENCOREri buruz

ENCORE Europako Eskualdeen Ingurumen Konferentzia da. Ingurumenaren eta Garapen Jasangarriaren alorreko gaiei buruzko plataforma politiko bat eta foro bat da, Ingurumen Ministroak eta beste lider politiko garrantzitsu batzuk biltzen dituena.

 ENCORE Europako eskualdeetako Ingurumen Ministroen arteko lankidetza politikora zuzentzen da. ENCOREren helburua da EBko ingurumen-politikaren inplementazio eraginkorrari laguntzea, ingurumen-gobernantza eta garapen jasangarria Europako eskualdeetan hobetzeaz batera.

 Beraz, ENCOREk: eskualdeentzat garrantzitsuak diren ingurumen-gaiak eztabaidatzeko foro bat eskaintzen die politikariei; halaber, posizio komunak modu bateratuan hartzeko eta Europako Batasunaren barneko ingurumen-politikaren formulazioan eragin kolektiboa izateko bidea ematen die eskualdeei, EBko komisario eta agintariekin biltzearen bitartez, eta eskualdeen arteko lankidetza, esperientzien trukea, berrikuntza eta jarduera komunak sustatzen ditu, ingurumenaren alorrean.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AclimaEuskadi
    2014.eko urriak 31

    Comentario de Twitter:
    Oregi destaca el papel ambiental de Euskadi entre las regiones europeas más avanzadas http://t.co/rkhOmL3x6K

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)