Berriak Herrizaingoa
Eu

Herrizaingo Sailak eta Bizkaiko Aldundiak itsasontzi istripu baten simulazioa egin dute Plentzian

2010.eko ekainak 07

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Bizkaiko Aldundiak itsasontzi istripu baten simulazioa egin dute gaur Plentziako kostaldeko uretan, larrialdietarako zerbitzuen koordinazioa eta erantzuna hobetze aldera. Gainera, erregai isuri batek uretan eragindako ingurumen-kutsadurari aurre egiteko zerbitzu publikoek ematen duten erantzuna praktikan jartzeko balio izan du jarduerak.

Simulazioa gaur goizean egin dute, Plentziako hondartzako uretan. Bi pertsona zeramatzan itsasontzi batek istripua izan eta, ondorioz, su hartzen zuela eta hondoratzeko arriskua zegoela simulatu dute. Horrez gain, ontziak eragindako gasolio orban kutsakor baten simulazioa ere egin dute.

SOS Deiak 112 zerbitzuak, Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzako Esku Hartze zerbitzuak, Getxoko ertzain-etxeak, Ertzaintzaren Helikoptero eta Itsas unitateek eta Plentziako Udaltzaingoak hartu dute parte simulatutako istripuari emandako erantzunean. Bestalde, erregai isuria kontrolpean hartzeko lanetan Hondartzainen eta Hondartzak Garbitzeko eta Kontrolatzeko zerbitzuek, Bizkaiko Aldundiko Salbamendu eta Sorospen zerbitzuek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko zerbitzuak hartu dute parte.

Simulazioa 11:30ean hasi da, SOS Deiak-ek abisua jaso duenean eta Eusko Jaurlaritzak halako egoeretarako aurreikusitako Taktika Operatiboak abian jarri dituenean: U2 "Salbemendua Kostaldean" eta IGM "Ingurumenaren Kutsadura Itsasoan" izenekoak, alegia.

Sorospen eta ingurumen zerbitzuak mobilizatzeaz gain, mobilizatutako erakundeetako arduradunez osatutako Aginte Postu Aurreratua ezarri dute ezbeharra jazo den tokitik gertu. Ertzaintzaren helikoptero batek ezbeharra izan duen itsasontzian zihoazen lagunetako bat erreskatatu du, garabi batez igota. Bestalde, bigarren biktima Itsasoko Gurutze Gorriaren ontzi batek erreskatatu du.

Gasolio orbana kentzeko, kutsatzeko arriskua zuen hondartzako tartea balizatu egin dute. Ondoren, Osasun Publikoko teknikariek orbanaren eragin-maila aztertu dute eta, azkenik, garbiketa zerbitzuek gune kutsagarria kontrolatu eta kutsatutako tarteak garbitu eta tratatu dituzte.

Jarduera egin aurretik, Herrizaingo Saileko Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzako teknikariek eta simulazioan parte hartu duten gainerako zerbitzuetako arduradunek bilerak egin dituzte, simulazioa prestatzeko. Ekimena ebaluazio batekin amaituko da, simulazioa berraztertzeko eta, beharrezkoa izanez gero, horrelako egoeretarako aurreikusita dauden komunikazio, esku hartze eta koordinazio protokoloan hobekuntzak ezartzeko.

Hondartzak kudeatzeko sistemarentzako lagungarria

Foru Aldundiko Ingurumen Sailak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta udalekin batera, hondartzak kudeatzeko sistema bateratu bat abian du. Sistema horrek bermatu egiten du herritarrek kalitatezko eta ingurumenarekiko begirunetsua den zerbitzua jasotzea. Gaurko simulazioa, hain zuzen, sistema horrek dakartzan eskakizunetako bat da, izan ere, hondartzen egoeran eragiten duten ingurumeneko eta kalitatezko baldintzak etengabe hobetzea du helburu sistemak; bereziki, hondartzetako eta inguruetako garbiketa zerbitzuak indartzea eta sorospen zein prebentzio zerbitzuak hobetzea. Gertakari honen simulazioa, gainera, lagungarria da udalek zein Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak kontratatutako garbiketa eta mantentze zerbitzuentzako. Pedro Anitua, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaria eta Maria Uribe, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen zuzendaria, tokian bertan izan dira, jarduera zuzenean jarraitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko