Berriak Ogasuna eta Finantzak
Eu

Lege-proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena. (2014-10-28(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko urriak 28

LABURPENA

EUSKADIREN 2015EKO EKITALDIRAKO AURREKONTU OROKORREN LEGEAREN AURREPROIEKTUA ONETSI DU JAURLARITZAK

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren legearen aurreproiektua onartu du gaur. Eusko Legebiltzarrean erregistratuko dute datorren ostegunean, urriak 30.

1.- 2015eko Aurrekontuen testuinguru makroekonomikoa

Susperraldi ekonomiko apaleko testuinguruan egingo dira 2015erako aurrekontuak, eta baliteke aurreikuspen hori murriztea ere.

Gorantz ari da munduko ekonomia, baina hazkundea ahula da, eta askotarikoa batean eta bestean. Ekonomia aurreratuei dagokienez, hazkunde-erritmoa bizkortu zuten Estatu Batuek 2014ko bigarren hiruhilekoan, moteldu egin zuen Europar Batasunak eta ia bere horretan gelditu zen Japonia. Indartzen ari diren herrialdeen artean ere handiak izan dira dibergentziak.

Europar Batasunaren susperraldiak indarra galdu zuen urteko bigarren hiruhilekoan. Zehazki, kezkagarria izan zen euroguneko motor nagusien portaera (Alemania, Italia eta Frantzia). Eta behera egin dute prezioek oraindik.

Munduko ekonomiaren dinamismoa, oro har, aldez aurretik aurreikusitakoa baino ahulagoa izango da, nazioarteko erakundeen iritziz. Ziurgabetasun handia dago eurogunean, eta deflazioa gertatzeko arriskuak eragina du horretan. Herrialde jakin batzuetan (Siria, Irak eta Ukrainia) dauden tentsio geopolitikoak larriagotzea munduko susperraldi ekonomikorako mehatxua ere bada, orobat.

Nolanahi ere, EBZk hartu berri dituen moneta-neurriek susperraldia bi bidetatik laguntzea aurreikusten da: (1) euroaren balioa galaraziz, eta (2) enpresek kreditua eskura ditzaten baldintzak hobetuz.

Horiek horrela, euskal ekonomiak hazkunde egonkorra du, eta hobera ere egiten du apur bat. 2014ko bigarren hiruhilekoan % 0,4ko hazkundea izan zen aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta urtez urtekoa % 0,9koa izan zen. Eurogunean gertatzen ari denaren ildotik, euskal ekonomiaren inflazioaren azken datuek inflazio txikiko egoera iragartzen dute.

Hori ikusita, hazkunde ekonomikoa % 1,0koa izango da 2014an eta % 1,7koa 2015ean, Eusko Jaurlaritzaren iritziz betiere. Barneko zein kanpoko eskariek lagunduko dute hazkunde hori. Barneko eskaria, gainera, pixkanaka indartu egingo da, eta huraxe izango da euskal ekonomiaren motor nagusia. 2014an % 0,8ko hazkundea izango du, eta % 1,6koa 2015ean.

Kontsumo pribatuak eta inbertsioak dinamizatuko dute barneko eskaria. Higiezinen sektorearen jaitsiera moteltzeak, ekipo-ondasunetako inbertsioaren bilakaera positiboak zein bankuko sektorearen finantzaketa-baldintzek, halaber, kapitalaren eraketa gordina indartzea ekarriko dute.

Kanpoko eskariak, bestalde, ekarpen txikiagoa egingo dio BPGren hazkundeari, baina positiboa izango da oraindik (% 0,3 2014an eta % 0,1 2015ean). Euroaren balio-galerak, lehiakortasuna irabazteak eta merkataritzaren euskal kuota handitzeak, berriz, euskal produktuen kanpoko salmentak handitzea eragingo dute. Nolanahi ere, inportazioak handituko ditu barneko eskaria suspertzeak.

Eskaintzaren ikuspegitik, suspertu egingo dira ekoizpen-adar guztiak agertoki makroekonomikoan aztertutako aldian.

Lan-merkatuari dagokionez, enpleguaren batez besteko aldaketa-tasa % 0,0 izatea aurreikusi da, baina % 0,7ra igoko da 2015ean; horrenbestez, lanaldi osoko 5,800 enplegu inguru sortuko dira urteko batezbestekoan.

Beheranzko arrisku handia dagoela ulertu behar dugu, dena den, aurreikuspen horiek egitean. Arrisku horiek errealitate bilakatuz gero, ekonomia guztiek nabarituko dute eragina, merkataritzako eta finantzako kanalen bidezko mugaz haraindiko kutsadura dela eta.

2.- 2015eko aurrekontuen testuinguru ekonomiko eta finantzarioa

Susperraldi ekonomikoa eta erreforma fiskala eragin positiboa izaten ari dira zerga-bilketan. Finantzen Euskal Kontseiluak 2015eko ekitaldirako onartutako aurreikuspenen arabera % 5,5 igo da foru-aldundien diru-bilketa.

Hazkunde hori, jakina denez, sumatu egiten da foru-aldundiek Euskadiko 2015eko Aurrekontuak finantzatzeko egindako ekarpenetan; izan ere, 458 milioi euro gehiago emango dituzte aldundiek, 8.738 milioi guztira, aurrekontuen % 82, alegia. Eta ehuneko hori % 97 izango litzateke zorpetzea eta Euskal Y-ren kudeaketa-gomendioa kontuan hartu ezean.

Halere, gogoan izan behar dugu Euskadik defizit-helburu txikiagoa bete beharko duela datorren urtean (BPGren % 0,7) aurten baino (% 1,0); ondorioz, zorpetze garbirako ahalmena ere txikiagoa izango da, zehazki 2014an baino 197,9 milioi gutxiago (777,5 milioi euro aurten, eta 579,7 milioi euro 2015ean).

Horri gehitu behar diogu finantza-kargak (zorraren amortizazioa eta interesak) % 21 baino gehiago egin duela gora. Kontzeptu horren gastua 815 milioi eurotik (2014) 989 milioi eurora igoko da 2015eko ekitaldian; hots, 174 milioi eurotik gora gehiago.

Horrenbestez, aipatutako faktore horiek baldintzatzen dute 2015erako proiektua aurrekontuaren ikuspegitik.

3.- 2015eko aurrekontuetako Jaurlaritzaren estrategia eta jarduteko helburuak

Jaurlaritzak arlo sozioekonomikoan gizakien oinarrizko beharrak asetzeko bermeari dagokionez hartutako konpromisoa berretsi du, ongizatearen eta gizarte-kohesioaren ereduari eutsita.

Horregatik, 2015erako aurrekontu-proiektuak indartu egin ditu administrazioaren ardura diren gizarte-politika publikoak gauzatzera bideratutako gastuak; adibide batzuk aipatzearren, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (SDE) zuzkidurak edo Osakidetzako programa-kontratuarenak.

Beste ikuspegi batetik, hazkunde-aukeren alde egiteko Jaurlaritzaren apustu horrek, halaber, hainbat politika ere badakartza jarduera ekonomikoa eta enplegu-sorrera suspertzen laguntzeko.

Atal horretan, nabarmentzekoa da 2015erako Aurrekontuen Proiektuaren bidez inbertsiotan egingo den ahalegin handia. Inbertsioari zuzendutako atala (VI, VII eta VIII. atalak) % 3,1 handitu dugu 2014rako Aurrekontuen Proiektuarekin alderatuta: 2014an, 1.187 milioi euroko zuzkidura zuen; 2015ean, 1.223 milioi eurokoa. Eta alde batera uzten badugu Euskal Y-a eraikitzeko kudeaketa-gomendioaren eragina, % 4,4 handiagoa da atal horien zuzkidura. Zehazki, VI. atalaren egiazko inbertsioek, Euskal Y-a kenduta, % 12,2ko igoera izango dute, 157 milioi eurotik 176 milioi eurora.

Horrela bada, eragiketa arruntetarako gastua (I-IV. atalak) % 2,5 igotzen bada 2014rako aurrekontu-proiektuarekin alderatuta, kapital-eragiketetarako hitzartutakoak (VI-VIII. atalak) aipatutako % 3,1 hori egingo du gora; hortaz, bistan da pixkanaka berreskuratzen ari direla inbertsio publikora bideratutako zenbatekoak.

4.- 2015eko aurrekontuen ezaugarri nagusiak

2015erako Aurrekontu Proiektua Sailen arabera aztertuz gero, Enplegu eta Gizarte Politika Saila da, hain zuzen ere, gehien handituko dena (% 11,5 2014rako Aurrekontu Proiektuarekin alderatuta).

Hazkunde horrek batez ere bi partidarekin du zerikusia. Batetik, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta zein Etxebizitzarako Prestazio Osagarria ordaintzeko zuzkidurarekin (461 milioi euro). Eta bestetik, Gizarte Segurantzaren hobarien gastuekin (140,1 milioi euro). Bi partida horiek % 19,9 eta % 16,8ko hazkundea izan dute, hurrenez hurren (76,5 milioi euro DBEk eta 20,2 milioi euro GSrako hobariek).

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren aurrekontua gazteentzako eta 45 urtetik gorakoentzako enplegua sustatzearen, eskualde-planen, iraupen luzeko langabeen eta familia- eta kontziliazio-planak babestearen arloko beste zuzkidura batzuk barne hartzen ditu.

Arlo sozialeko gastuarekin jarraituz, Osasun arloa % 1,1 igo da 2014rako aurrekontuen aldean, Sailak Osakidetzarekin duen Kontratu-Programaren aurrekontua dela kausa. Osakidetzarekiko programa-kontratuak Osasun Sailaren aurrekontuaren % 74 hartzen du.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagokionez, bere aurrekontuak 26,4 milioi euroko igoera izango du zenbateko absolututan (+% 1,0); hortaz, sendotu egiten da 2014an izandako gastu-igoera handia.

Arlo sozialeko gastuarekin amaitzeko, aipatu behar da garapenerako lankidetzaren politikan 4,5 milioi euro gehiago gastatuko dela.

Euskal gizartearen ongizatearen eta kohesioaren arloko politiketan lehentasuna jarrita, hortaz, baliabide asko bideratzen ditu Jaurlaritzak gure ekonomia suspertzera. Hala, gehien inbertitzen duen sailak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, alegia, % 2,3ko hazkundea izango du aurtengo aurrekontuaren aldean, eta % 2,1ekoa Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, bestalde; horietan, bada, hainbat arlo sartzen dira, besteak beste sustapen ekonomikoko politikak, ekintzaileentzako laguntzak, nazioartekotzea eta teknologia.

2015erako Aurrekontu Proiektua atalen arabera aztertuz gero, ikusiko dugu Langileen gastuei buruzko I. atalaren % 1,7ko hazkundea izan dela, 2012an indargabetutako aparteko ordainsaria zati batez berreskuratzea aurreikusi baita.

Halaber, Funtzionamendu-gastuei buruzko II. atalean (+ % 2,2) eta Gastu arrunten transferentziei eta diru-laguntzei buruzko IV. atalean (+ % 3,5) hainbat jarduketari ematen zaie estaldura, hala nola Osakidetzaren Programa Kontratuari, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari, edota euskal hezkuntza-sistemaren gastuaren finantzaketari, haien gastu-zenbateko handienak aipatzearren.

Aurretik aipatu badugu ere, inbertsiora bideratutako atalen zuzkidura (VI., VII. eta VIII. atalak) 1.223 milioi eurokoa da (% 3,1eko hazkunde erlatiboa). Datu horiek agerian uzten dute Jaurlaritzak inbertsio publikoaren alde egindako apustua, susperraldi ekonomikoa dinamizatzeko faktoretzat.

Atalarekin amaitzeko, aurreko ekitaldietatik datozen zor-epemugak ordaintzeko Pasibo finantzarioen murrizketa (IX. atala) nabarmendu behar dugu. Zorraren amortizazioen zenbatekoak igoera handia izango du, 2014ko 537,7 milioi euroetatik 711,3 milioi izatera igaroko baita 2015ean. Hots, ia 174 milioi euro gehiago, % 32,3ko hazkundea.

Azkenik, 2015erako Aurrekontu Proiektua Funtzioen arabera aztertuta, nabarmendu beharra dago gastu-mailaren pisu erlatiboari eutsi zaiola politika sozialetan; horrelakoek, aurten bezala eta zorraren amortizazioak kontuan hartu gabe, gastu osoaren % 75,1 hartuko dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau