Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Dekretua, eraikuntzan kalitate-kontrola erregulatzeko dena. (2014-10-28(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko urriak 28

LABURPENA

JAURLARITZAK ERAIKUNTZAKO ETA HIRIGINTZAKO OBREN KALITATEAREN KONTROLA ARAUTU DU

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Maria Aburtoren proposamenez, gobernu-kontseiluak gaur onartu du eraikuntza- eta hirigintza-obra publikoen zein pribatuen exekuzioaren kalitatea kontrolatzeko prozedura arautzen duen dekretua.

Eusko Jaurlaritzak eraikuntza-lanen kontrolaren kalitatea 1990etik arautzen duen arren, Estatu-mailan ondoren onartu diren arauak direla-eta -azkena martxoaren 31ko 410/2010 Errege Dekretua-, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak kalitatearen kontrola erregulatzeko testu arautzaile berria gauzatu du, oinarrizko araudiarekin bat eginik.

Dekretu berria onartzeak -ingeniaritza zibileko lanak arauaren aplikazio-eremutik kanpo geratu dira- ez ditu gaur egun sektorean gauzatzen diren laneko errutinak aldatuko, baina atea ireki die proiektuaren kontrolarekin, obraren eta amaituriko eraikinaren kontrol berriekin, eta kalitate markak eta profilak ezartzearekin loturiko ondorengo garapenei.

Testuak, bestalde, entsegu-laborategiei eta eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko erakundeei eska dakizkiekeen betekizunak arautzen ditu, betiere beren jarduera EAE barruan gauzatzen badute.

Eraikuntza-fasean kalitatea kontrolatzeko prozesua proiektuarekin hasten da, haren memoriak eta baldintza tekniko espezifikoen pleguak honako hauek islatu behar baitituzte: eraikinetan erabilitako eta behin betiko ezarritako materialen, obra-unitateen, ekipamenduen eta sistemen kalitatearen ezaugarriak, betekizunak eta parametroak. Horretaz gain, Kalitatea Kontrolatzeko Plana izeneko eranskina ere badu: haren balorazioa proiektuaren aurrekontuan sartu beharko da.

Obrak hasi baino lehen, sustatzaileak Exekuzio Proiektuaren ale oso bat eman behar dio zuzendaritza fakultatiboari, obren kalitatearen kontrola modu eraginkorrean koordinatzeko helburuarekin. Urrats horren ostean, kalitatea kontrolatzeko laborategi baten edo batzuen zerbitzuak kontratatu ahalko dira, planean adierazitako entseguak, probak edo analisiak egiteko.

Obrako zuzendaritzak kalitatea kontrolatzeko liburua osatuko du obra abian den bitartean, eta obraren jarraipena egiteko nahitaezko dokumentazioaren zati izango da hura. Liburu horrek, besteak beste, honako hauek bilduko ditu: obran parte hartu dutenen erregistroa, eginiko kontrolen zerrenda, entseguen, proben eta analisien emaitzak, eta berme-ziurtagiriei, kalitate-bereizgarriei, -markei edo -zigiluei, homologazioei eta antzekoei buruzko dokumentazioa.

Amaierako ziurtagiria obrak proiektuaren kalitate-espezifikazioak betetzen dituela bermatzen duen dokumentu ofiziala da. Eusko Jaurlaritzaren ikuskatze-gaitasunari dagokionez, dekretuak dio erakunde horrek exekuzio-prozesuan den edozer obra ikuskatu ahalko duela araudia betetzen den egiaztatzeko, betiere sustatzaileari aldez aurretik jakinarazita.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @agmestudio
    2014.eko azaroak 23

    Comentario de Twitter:
    Se aprueba el Decreto por el que se regula el control de calidad en la construcción http://t.co/FWztKrbE7M

  • @JGorbena
    2014.eko urriak 29

    Comentario de Twitter:
    Decreto por el que se regula el control de calidad en la construcción. (Resumen del acuerdo del Consejo de Gobierno). http://t.co/zglhjb7N0o