Berriak Herri Administrazioa eta Justizia

Eusko Jaurlaritza datorren urtean hasiko da Espainiako Gobernuak kendu zuen 2012ko abenduko aparteko ordainsaria itzultzen. (2014-10-28(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko urriak 28

LABURPENA

Kendutako aparteko ordainsariaren laurden bat itzuliko du, eta horrek 50 milioi euro inguruko eragina izango du aurrekontuetan.

Gainera, hirugarren urtez jarraian, 2015eko ekaineko eta abenduko aparteko ordainsariak urtarrilera eta uztailera aurreratuko ditu, hori ez egiteak Euskadiko kontsumoan edukiko lituzkeen ondorio negatiboak saihesteko.

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du Konstituzio Auzitegiak 2012ko abenduko aparteko ordainsaria kentzearekin eta funtzionarioen soldatetako beste murrizketa batzuekin lotutako lau konstituzio-kontrakotasuneko auzi ere dituela ebazteko.

Eusko Jaurlaritzak 2015ean ordainduko ditu Espainiako Gobernuak dekretu bidez kendu zuen aparteko ordainsariaren, 2012ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra sortutakoaren, lehen 44 egunei dagokien zatia. Hala, kendutako aparteko ordainsariaren laurden bat inguru jasoko dute EAEko herri-administrazioko 70.000 langile inguruk. Neurri horrek 50 milioi euroko eragina izango du aurrekontuetan. Hala ere, ez die eragingo aparteko ordainsaria kenduko zela iragarri aurretik eta 2012ko bigarren seihilekoan kontzeptu horrengatik zenbatekoren bat jaso zutenei.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak erabaki du, hirugarren urtez jarraian, datorren urteko aparteko ordainsariak urtarrilera eta uztailera aurreratuko dituela. Izan ere, oraindik goiz iruditu zaio aparteko ordainsarien normaltasunera itzultzeko. Eusko Jaularitzak uste du, neurri hori hartu ezean, Euskadiko kontsumoari negatiboki eragingo liokeela.

Bi erabakiak EAEko 2015eko Aurrekontu Orokorren Legean sartu ditu.

KONSTITUZIO KONTRAKOTASUNEKO ERREKURTSOAK

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du Konstituzio Auzitegiak 2012ko abenduko aparteko ordainsaria kentzearekin eta funtzionarioen soldatetako beste murrizketa batzuekin lotutako lau konstituzio-kontrakotasuneko auzi (*) ere dituela ebazteko. Laster beteko dira bi urte Konstituzio Auzitegiak ebatzi zuenetik Eusko Jaurlaritzak ezin zuela 2012ko abenduko aparteko ordainsaria ordaindu. Eusko Jaurlaritzaren ustez, auzitegiak errekurtsoari buruz ebazteko astia izan du. Hala, milaka funtzionarioren ezegonkortasun-egoera konponduko luke eta EAEko herri-administrazioek arau-marko egonkor batean arlo horretan jardun ahalko lukete.

(*) Espainiako Gobernuak errekurtsoa Konstituzio Auzitegian, Eusko Jaurlaritzak 2012ko abenduko aparteko ordainsaria ordaintzea erabaki zuelako. Eusko Jaurlaritzaren hiru errekurtso, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren aurka eta 2012ko eta 2013ko Estatuko Aurrekontu Orokorren legeen aurka.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan