Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak autogobernu ekonomiko eta politikoa defendatu du, garapenerako eta ongizaterako bitartekoa denez, Mexikoko foro ekonomiko handienaren aurrean

2014.eko urriak 29

Iñigo Urkullu lehendakariak, bidaia ofizialeko bigarren egunean, Latinoamerika osoko Mexikoko ekonomia- eta negozio-foro handiena den Mexico Business Summit 2014 – MBS-en parte hartu du, munduko mila bat lider politiko, enpresarial eta ekonomiko gehiagorekin. 

Bere hitzaldian, lehendakariak Euskadiren errealitatea azaldu, eta azpimarratu du euskal autogobernu politiko eta ekonomikoa dela Herrialdearen garapenaren gakoa. Urkullu lehendakariarentzat autogobernua eta garapena sinonimoak dira eta bide horretan aurrera egitea du xede. Bide hori, bere iritzian, berdintasunean eta mendekotasun ezean oinarritu behar da, Estatuko administrazioa eta euskal administrazioa negoziatzera eta akordioetara iristera «behartuta» daudela. 

Subsidiariotasuna, autogobernua eta aldebikotasun eraginkorra dira nabarmendu dituen kontzeptuak. Subsidiariotasunari dagokionez, Urkulluk beharrezkoa ikusten du maila anitzeko gobernantzaren bidean, Mexiko ere egiten ari den horretan, urratsak ematea; izan ere, «kudeaketa eraginkorrena herritarrengandik hurbilen dagoena da».

Maila desberdin horiei dagokienez, lehendakariak azaldu du Espainiako Estatuko autonomia-erkidego guztiak ez direla berdinak. Hala, nabarmendu du Euskal Autonomia Erkidegoak duela 35 urte eskuratu zuela Autonomia Estatutua, Eskubide Historikoak berreskuratuz. Lehendakariak adierazi duenez, autogobernu horri esker garatu ahal izan du Euskadik bere politika ekonomikoa, Euskadi herrialde industrial bihurtuz; industria BPGren % 25 da, Europako batez bestekotik gora. Egun, BPGren % 2,12 bideratzen da berrikuntzara Euskadin eta enpresei nazioartekotzen laguntzen zaie; esaterako, Mexiko da euskal inbertsioen bigarren norakoa.

Lehendakariak nabarmendu duenez, zenbat eta autogobernu gehiago, orduan eta ongizate handiagoa. Hala, autogobernuaren zutabeetako hiru azpimarratu ditu: baldintza etikoa, gardentasunari eta herritarren partaidetzari lotua; baldintza ekonomikoa, finantza- eta zerga-autonomiako sistema itunduaren alde eginez; eta baldintza soziala, dinamismo ekonomikoa eta oreka soziala xede dituen eredua.  

Azkenik, lehendakariak agenda ofiziala betetzen jarraituko du Mexikon gaur, asteazkena. Hala, azteken herrialdean diharduten 80 inguru euskal enpresekin bilduko da, Colegio de las Vizcaínas bisitatuko du eta Mexikoko Errepublikako Gobernuaren Energia idazkari Joaquin Codwellekin bilduko da. 

2 iruzkin
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @mirenepalacios
    2014.eko urriak 29

    Comentario de Twitter:
    El lehendakari defiende ante el mayor foro económico de México el autogobierno económico y político como her #euskadi http://t.co/whtEACTZ7d

  • @anamarti4
    2014.eko urriak 29

    Comentario de Twitter:
    Lehendakariak autogobernu ekonomiko eta politikoa defendatu du, garapenerako eta ongizaterako bitartekoa denez, ... http://t.co/GqexoFnRRZ

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)