Berriak
Eu

Komunikabideekin eta agentziekin elkarlan prozesu bat hasi du emakundek sexismorik gabeko komunikazio eta publizitate bat lortzeko bidean

2014.eko urriak 27

Emakundeko zuzendariak eta Idazkari Nagusiak, Izaskun Landaidak eta Ana Alberdik hurrenez hurren Begira, publizitate eta komunikazio ez sexista erabiltzeko aholku batzorde berriak azarotik hona egindako zenbait ekimenen berri eman dute gaur. (Begira 1998tik existitzen da baina Legegintzaldi honetan publizitateaz gain, komunikazio eremura zabaldu da). Hilabete hauetan, hiritarren kexak jasotzeaz eta erantzuteaz gain, Begirak, besteak beste, komunikabide eta publizitate agentziekin elkarlan prozesu bat jarri du abian komunikabide eta publizitatean eduki eta tratamendu sexistak baztertzeko lanean aurrera egiteko, eta gaur egun burutzen diren praktika onetatik ikasteko. Horretarako, prozesu honetan sexista ez den informazio edo publizitate baten tratamendurako erreferentziazko kode deontologiko bat edo jarraibide batzuk adostu nahi dira, eta honekin batera, komunikabideetako eta publizitate agentzietako zuzendariak eta teknikariak sentsibilizatu eta prestatu nahi dira,  eta genero ikuspuntua duen begirada komunikatzaile baterako tresnak diseinatu eta sustatu nahi dira, besteak beste.

Urrairen 21an komunikabide eta publizitate agentzietako arduradunekin bilera egin zuen Emakundek. Handik atera zen haien konpromezua hurrengo hilabeteetan lan taldeak antolatzeko. Emakunderen asmoa da 2015eko martxora arte lan talde hauen zenbait bilera antolatzea, bertan egoeraren diagnostikoa egin dezaten, eta  zenbait gida lerro zehaztu ditzaten. Ondoren, administrazioko eragileekin, beste komunikabideekin eta eragile sozialekin kontraste prozesu bat burutu ondoren, elkarlan honen emaitzak 2015eko ekainean aurkeztu nahi dira.

Bi ikerketa interesgarri

Bestetik, Begira batzordearen lanen artean, gaur aurkeztu da ‘’Publizitate sexistari buruzko azterlan koiunturala, EAEko hedabide- eta publizitate-bideetako 2013-2014ko joko eta jostailuen Gabonetako kanpainan’’ ikerketa. XX. mendean berdintasunaren alorrean egindako aldaketak gorabehera, ikerketak erakusten du  jostailuen publizitateak feminitate- eta maskulinitate-eredu tradizionalak iraunarazten dituela; izan ere, neskatoei Barbie edo printzesa izaten irakasten die, eta mutikoei txapeldun izaten. Jostailuen sexismorik gabeko publizitatea bermatzeko, lehenengo urratsa da onartzea bai joko eta jostailuek bai iragarkiek garrantzi handiko eginkizun sozializatzailea dutela haurtzaroan; hau da, haien bidez ikasten dute haurrek nola jokatu, zertan aritu eta zer desiratu.

Ikerketak 45  egunetako  grabazioa ikertu du, 10 telebista  katetan  (ETB2, ETB1,  ETB3,  Cuatro,  Antena3,  Tele5, LaSexta, Disney Channel, Boing, Neox), 5 irratitan (Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Onda Cero, Radio Nervión, Cadena Cope), idatziko 12 mediotan (ABC, Berria, Deia, Diario de   Noticias de Álava, Diario de Noticias de Gipuzkoa, El Correo, El DiarioVasco, El Mundo, El País, Gara, La Razón, Marca) eta zenbait katalogo espezializatuetan.

Hauek dira ikerketaren datu batzuk:

  • Ekintza-figurak eta eskalan egindako ibilgailuak dira mutikoek protagonizatutako iragarkietan gehien ageri diren produktuak (jostailu guztien % 50 dira) eta neskatoen kasuan panpinak gailentzen dira, guztien % 62,7 baitira.
  • Iragarkietan neskatoek erabiltzen dituzten jostailuak arrosak dira, batez ere; mutikoek erabiltzen dituzten produktuetan, berriz, kolore biziak eta neutroak dira nagusi.
  • Neskatoek protagonizatutako iragarkietan, off ahotsaren tonua leuna da gehientsuenetan; aitzitik, mutikoek protagonizatutako iragarkietan tonu serio eta autoritarioa da nagusi (% 69).
  • Eszenografiaren analisiak ematen duen lehen ondorioa da neskatoek protagonizatutako iragarkietan barnealdeak eta etxeko ingurua azaltzen direla batez ere (% 70); mutikoen kasuan, berriz % 55 baino ez dira. 
  • Mutikoek protagonizatutako iragarkietako produktuen izenen %23k sexu horri tradizionalki lotutako arketipoekin zerikusia dute (abenturazalea, gerraria, zientzialaria/sortzailea…) edota lanbideekin (polizia, pilotua…). Kontrola, menderatzea eta lehia-izaera dira gehien ageri diren balioetako batzuk.
  • Neskatoei dagokienez sexu hori helburu duten produktuen izenen % 45 lotuta daude lehen ikusitako arketipo edo okupazioren batekin. Edertasunaren alorra, magia, fantasia, etxea eta zainketa dira gehien ageri diren elementuak.
  • Neskatoak helburu dituzten iragarkietako esloganetan arketipoak transmititzeari dagokionez, % 46an aurkitu da haietakoren bat. Gehienetan honako hauek ageri dira: fashion/modernoa (% 29), irtirina (% 22), printzesa (% 22) eta zaintzailea (% 13).
  • Mutikoak helburu dituzten iragarkietako esloganen % 43k arketiporen bat adierazten dute.   Haien artean nabarmentzen dira menderatzearekin eta kontrolatzearekin lotuta dauden arketipoak: heroia (% 39), gerraria (% 26) eta abenturazalea (% 26) dira ohikoenak, eta atzetik dago, adibidez, zientzialari-sortzailea (% 9).
  • Iragarki mistoetan emandako mezu guztien hizkuntzari erreparatuta, ikusi dugu % 37an maskulino generikoa erabiltzen dela, protagonistak maskulinoak eta femeninoak izan arren; beraz, azken horiek ezkutuan uzten dira.
  • Neskatoek protagonizatutako iragarkien % 4,4k protagonistetako bat sexu-objektu gisa aurkezten dute.

Datu gehiago:

http://prezi.com/pirljgig5we_/?utm_campaign=share&utm_medium=copy&rc=ex0share

 

Rol eta estereotipo horiek generoaren araberako eredu bereiziak eratzen dituzte; maskulinitatearen eta feminitatearen eredu tradizionalak esaten zaie. Eredu horiek mugatzaileak dira batez ere haurtzaroan, genero-identitatea garatzen den garaian. Ikaskuntza horren ondorioz, nerabeei eta generoari buruzko azterlanek adierazten dutenez, gazteen imajinarioan honako ezaugarri hauekin lotzen da feminitatea, oraindik ere: pasibotasuna, sentiberatasuna, mendekotasuna, ulermena eta besteak zaintzea. Bestalde, identitate maskulinoa ezaugarri hauekin lotzen da: laguntzarik behar ez izatea, arrazionaltasuna, emozioen kontrola, lehiakortasuna eta indarra menderatzea.

 

Europako Hauteskundeentratamenduari buruzko ikerketa

''Europako Parlamenturako 2014ko hauteskundeen kanpainaren publizitate- eta informazio-tratamenduari buruzko azterlan koiunturala, genero-ikuspegian oinarritua'' izenekoak, helburu nagusitzat du genero-ikuspegitik aztertzea ea zer tratamendu ematen dioten hedabideek hauteskunde-prozesuei, eta laguntzea —hedabideei— jabetu daitezen zenbaterainoko garrantzia duen, aldaketa sozialerako tresna gisa, zabalkunde mediatiko parekoa deiturikoak. Horretarako, Europako Parlamenturako 2014ko hauteskunde-kanpainaren azterketa egin da, neurtzeko ea zer informazio-tratamendu eman dioten EAEn diharduten hedabideek; horretaz gain, alderdi politiko nagusien telebista-spotak ere aztertu dira, horietan egon litezkeen esterotipo eta lerradura sexistak antzeman, eta hobekuntza-proposamenak egiteko.

Datu batzuk:

  • Emakumeek gizonek baino gutxiago hitz egin dute komunikabideetan; emakumeak dira, bestalde, emakumeei leku gehiago ematen dietenak, idazten dutenean.
  • Komunikabideek herritarrei ez die informazio nahikoa  ematen hauteskunde-programei buruz, gizarte-politikei buruz, bereziki; aukera asko galdu da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren gaiari ikuspegi kritikoz heltzeko, hots, desberdintasunak egon badaudela aitortuz eta desberdintasunak gainditzeko proposamenak eginez
  • Emakumeak behar baino gutxiago ordezkatuta daude kanpainan emandako informazioetan; protagonismoa beste pertsona batzuekin konpartitzen dute askotan, eta oso aukera gutxi egoten da emakumeez hitz egiteko, hautagai ez badira. Emakumeak gizarte-arloko gai jakin batzuekin lotzeko joera dagoela ere ikusi da.
  • Kanpaina honetan emakumeei buruz islatu den irudia ez da izan beste testuinguru edo gai batzuetan izan daitekeen bezain estereotipatua; hala ere, emakumeen ekarpena ezkutatzeko edo hutsaltzeko forma sotil batzuk ikusi dira: protagonista identifikatzerakoan "abizena" edo "izen-abizenak" gehiago erabiltzen dira gizonezkoak aipatzen direnean, emakumeak aipatzen direnean baino; proportzio handiagoan, gizonezkoen irudia lehen planoan ematen da, plano kontrapikatuan, garrantzia emanez; eta abar.
  • Kanpainak iraun duen artean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna behin baino gehiagotan atera den arren, ez da aprobetxatu genero-estereotipoak zalantzan jartzeko (maskulinoa eta femeninoa zer den esaten duten ideia orokortuak, sinplistak eta gehiegizkoak), ez eta alderdiek alor horretan zer proposamen dituzten azaltzeko ere. Horretaz gainera, hizkera modu sexistan erabili da, oro har.

Datuez gain, ikerketak hobetzeko gomendioak ematen ditu.

Begira batzordea gaur goizean bildu da. Batzordeko buru, Ana Alberdi, Emakundeko idazkari nagusia izan da eta batzordeko kideen artean erakunde hauetako ordezkariak dira: Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura, eta Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna sailak, EITB, Euskal Herriko Unibertsitatea, Emakundeko aholku batzordea eta EKA kontsumitzaileen elkartea. Hauekin batera publizitatea eta komunikazioan adituak diren bi pertsonek osatzen dute batzordea.

Begira batzordea 1998. urtean eratu zen publizitatearen arloan emakume eta gizonen berdintasuna bermatzeko asmoz, eta Legegintzaldi honetan, komunikabideen arlora ere hedatu da bere jarduera. Komunikabideek gizartean, errealitatearen pertzepzioan, eta balioen eraikitzean duten influentzia nabarmena kontuan izanik, Emakundek komunikabideen arloa ere Begiraren barnean jorratzea erabaki zuen.

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Foro_BiDC_Foroa
    2014.eko urriak 27

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [EMAKUNDE] Implica a medios y agencias en proceso colaboración para trabajar comunicación y publicidad no sexista ➡ http://t.co

  • @Foro_BiDC_Foroa
    2014.eko urriak 27

    Comentario de Twitter:
    RT @bilbaometropoli: @emakundEJGV implica a medios y agencias en proceso colaboración para trabajar x comunicación y publicidad no sexista …

  • @bilbaometropoli
    2014.eko urriak 27

    Comentario de Twitter:
    @emakundEJGV implica a medios y agencias en proceso colaboración para trabajar x comunicación y publicidad no sexista http://t.co/zaYDZ2acwp

  • @Kolabarrieta
    2014.eko urriak 27

    Comentario de Twitter:
    @emakundEJGV hedabide eta agentziekin lan egingo du komunikazio eta publizitate ez sexista lantzeko. Ondo!, @Irekia, http://t.co/XHaO1tMB53

  • @GuineaBlanca
    2014.eko urriak 27

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [EMAKUNDE] Implica a medios y agencias en proceso colaboración para trabajar comunicación y publicidad no sexista ➡ http://t.co

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)