Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Urdaibaiko biosferaren erreserbako arduradunek Eskoziako eta Galesko agenteekin lankidetzan arituko dira erreserbetako kudeaketa hobetzeko

2014.eko urriak 26
  • Amaia Barredo: “Hiruren artean erreserben sozietatea indartzen ari dira eta garapen jasangarriko eredu berriak bilatzen dituzte, planetaren mugak errespetatuz herritarren beharrak asetzeko”
  • Aste honetan hainbat bilera tekniko egingo dituzte Eskozian (Galloway eta Southern Ayrshire) eta Galesen (Dyfi)

Eusko Jaurlaritzako eta Unesco etxeko ordezkaritza tekniko batek Eskozia eta Galesera bisita ofiziala egingo du bihar, Urdaibaiko biosferaren erreserba aurkezteko eta Eskoziako eta Galeseko gobernuekin harremanetan jartzeko. Hala, biosfera-erreserben gaineko bi aldeko lankidetza-markoak bultzatuko dituzte.

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzaren zuzendariaren arabera, akordio horiei esker, Urdaibaiko biosfera-erreserbaren eta Britainia Handiko bi herri horien arteko garapen jasangarriko esperientzia-trukea sustatuko da, eta Urdaibaik Unescoren Erreserben Munduko Sarean duen eginkizuna indartuko da.

Euskadiko ordezkaritza Eskoziako Landa Garapenerako zuzendariarekin eta Galesko Ingurumeneko eta Garapen Jasangarriko zuzendariarekin bilduko da.

Bestalde, Eskoziako Galloway eta Southern Ayrshire eta Galesko Dyfi erreserbetako agenteekin bilerak eta bisitaldiak egingo dituzte, espazio horietarako interesekoak izan daitezkeen gaiak lantzeko, adibidez, ikerketa aplikatua, turismo jasangarria, garapen jasangarriaren aldeko hezkuntza edota hizkuntzaren eta kulturaren ondare immateriala.

«Halako hitzarmenen helburu nagusia erreserben sozietatea indartzea eta garapen jasangarriko eredu berrietatik ikastea da, planetaren mugak errespetatuz herritarren beharrak asetzeko», esan du Amaia Barredok.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)