Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Mondragon-UCO Unibertsitatea inauguratu du Queretaron

2014.eko urriak 27

Urkulluk adierazi du unibertsitate berria Euskadiren nazioartekotzean mugarria izango dela

Mexikora egindako bidaia instituzionalaren lehen egunean, lehendakariak Mondragon-UCO unibertsitatea inauguratu du Queretaron. Mondragón Educación Internacional (MEI) eta Queretaroko Unibertsitate Garaikidearen arteko aliantzaren emaitza da. Ekitaldian, halaber, Mondragon Unibertsitateko errektore Iosu Zabala, inguruan egoitzak dituzten Euskadiko enpresen arduradunak, campus berriko ikasleak eta haien senideak egon dira.

Urkulluk adierazi du unibertsitate berria abiaraztea mugarria izango dela Euskadiren nazioartekotzean eta ate berri bat ireki duela: hezkuntzaren nazioarteko ezarpenarena, atzerrian goi-mailako ikastetxeak sortuz edo kudeatuz. Gainera, ziur dago Euskadiren eta Mexikoren arteko lankidetzak herrialdeak elkar ezagutzen lagunduko dituela, baita bi hezkuntza-sistemak hobetzen ere. 

Balioetan oinarritutako eredua

Lehendakariaren arabera, Mondragon eredua hezkuntza modelo berezia da, enpresen eta unibertsitatearen arteko loturan oinarrituta baitago. Ikasleen prestakuntza praktikoa lehenesten du, enplegagarritasuna bermatzeko. «Balioetan oinarritutako eredua da, humanista, eta pertsonak jartzen ditu hezkuntza- eta kultura-proiektuaren erdian. Filosofia horrekin bat nator erabat», esan du.

Bestalde, azaldu du Queretaroko Unibertsitate Garaikidearekin sortutako aliantza estrategikoak ate berri bat irekiko duela eta Basque Country marka mundu osoan zabaltzen lagunduko duela. «Herrialde txikia gara –adierazi du hitzaldian-, eta atzerrira zabaltzea gure historiaren eta izaeraren ezaugarri da».

«Gaur egun gertuago eta konprometituago gaude, gazteen erabateko prestakuntzaren bidez batzen gaituen proiektuari esker», bukatu du.

Errotulu hirueledunak

Campus berria Ciudad Maderasen dago, Queretaroko industrialde nagusietatik gertu, ikasleek ikasketak eta lana uztartzea errazteko. Hala, prestakuntza praktikoa jasoko dute, esperientzia lortzeko. 

Unibertsitate berriaren errotuluak euskaraz, gaztelanian eta ingelesez idatzita daude, eta aurrez aurreko prestakuntza eskaintzen du, bai eta online prestakuntza ere, beste unibertsitate batzuetatik, ikasleak munduko edozer tokitan lehiatu ahal izateko. Gainera, Mexikon berdinik ez duen hezkuntza ereduari esker, ikasleek Mondragon Unibertsitatearekin eta hitzartutako beste unibertsitate batzuekin trukeak egin ditzakete, baita bi urteko esperientzia hautatu edo ekintzailetza eredu baten bidez enpresa bat sortu ere.

Gaur egun 500 ikasle ditu, baina 2019an 4.000 izatea aurreikusi dute. Dozena bat ikasketa ematen ditu, lizentziaturak eta ingeniaritzak, besteak beste: Zuzenbidea, Nazioarteko Negozioak, Administrazioa, Energia eta Mekatronika, Multimedia Diseinu Grafikoa eta Gastronomia. Hurrengo urteetan, gainera, Informatikako eta Industria Diseinuko ingeniaritzak ere irakatsiko dituzte.

 

3 iruzkin
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2014.eko urriak 28

    pues me alegro @iurkullu

  • @anamarti4
    2014.eko urriak 28

    Comentario de Twitter:
    El lehendakari inaugura en Querétaro la Universidad Mondragón-UCO http://t.co/fRBXyL9fUN

  • @CyberEuskadi
    2014.eko urriak 27

    Comentario de Twitter:
    "El lehendakari inaugura en Querétaro la Universidad Mondragón-UCO" http://t.co/aRfcUfHAES

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)