Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak aitortu du Mexikon ezarrita dauden euskal enpresek garrantzi handia dutela Euskadiko ekonomiaren hazkundean

2014.eko urriak 27

Urkullu lehendakariak Euskadiko eta Mexikoko «agenda ekonomikoaren» artean dauden antzekotasunak nabarmendu ditu, Querétaro, Guanajuato eta San Luis Potosí estatuetan dauden 30 euskal enpresekin egindako topaketa batean.

Lehendakariak iragarri du atzerrian dauden enpresen hornitzaileei babesa eskaintzeko sarea jarriko duela martxan Eusko Jaurlaritzak, bereziki energía, aeronautika eta automozio sektoreetan. 

Iñigo Urkullu lehendakariak Querétaro estatuan hasi du Mexikon egiten ari den bidaia ofiziala, Querétaro, Guanajuato eta San Luis Potosí estatuetan dauden 30 euskal enpresetako arduradunekin. Topaketa hori esperientziak alderatzeko eta hiru estatu horietako enpresa-errealitatea zein den bertatik jakiteko helburuarekin egin dute. Topaketa hiru estatu horietako enpresekin egin du, euskal ezarpen produktibo handiena estatu horietan baitago. Bilera horretan, Arantza Tapia sailburua eta bere saileko arduradunak ere izan dira. Izan ere, sailburua eta bere arduradunak lehendakariarekin batera ari dira egiten herrialde aztekarako misio ekonomikoa.

Enpresarien aurrean, Urkulluk Mexikon gero eta enpresa gehiago ezartzen direla nabarmendu du eta bidaia honen helburua ezarpen horrek handitzen jarrai dezala da.

 «Gure ekimenak modu efikazean orientatzeko enpresari hauek entzun nahi ditugu eta horiekin ideiak erkatu nahi ditugu; zeren herrialde hau giltza da gure estrategiarako, presentziarengatik, aukerengatik eta etorkizuneko egonkortasunarengatik», ziurtatu du.

Lehendakariak iragarri du atzerrian dauden euskal enpresen lana indartzeko eta laguntzeko, hauen hornitzaileei babesa emateko sarea jarriko duela martxan Eusko Jaurlaritzak, bereziki energia, automozioa eta aeronautika sektoreetan. Honekin euskal enpresa txiki eta ertainen nazioartekotzea ere bultzatuko da. 

Mexiko eta Euskadiri dagokionean, Iñigo Urkulluk askotariko antzekotasunak daudela azpimarratu du bi herrialdeen «agenda ekonomiaren» artean. Antzekotasunak dituzten «agenda ekonomiko» horiek energiaren, aeronautikaren, informazioaren teknologien, elektrizitatearen/elektronikaren edota tankerako sektore garrantzitsuetan daude. 

Adibidez, Mexikoko gobernuak hasi duen energiaren sektorearen eraberritzea aipatu du, eta sektore horrek euskal ekonomiaren garapen teknologikorako eta industrialerako lehentasunezko izaera duela errepikatu du. «Esperientzia eta sorkuntzako nahiz banaketako enpresak ditugu ekipamendu-ondasunen, ingeniaritzaren eta instalazio elektrikoen zerbitzuen hornikuntzan aritzen den industrian. Energiaren sektoreko munduko aurreneko hamarren artean egon nahi dugu», esan du.

Era berean, Urkullu lehendakariak adierazi du Euskadik badituela enpresak Mexikoko gobernuak 2018ko Azpiegituren Programaren esparru espezializatuetarako. Izan ere, programa horretan komunikazioetan eta garraioan, energian, azpiegitura hidraulikoetan, osasunean, hiri-garapenean, etxebizitzan eta turismoan inbertsioak egitea jasotzen da.

Diplomazia ekonomikoa

Lehendakariak Euskadiko egoera ekonomikoa ere aipatu du bere agerraldian (hurrengo urtean hazkunde ekonomikoaren zifra % 1,7koa izango dela aurreikusten da), eta euskal ekonomiaren bilakaera positiboa euskal enpresen gaitasunarekin lotu du. «Gaur egun ona da euskal enpresen lana aitortzeko eta enpresa horiek animatzeko», ziurtatu du.

Lehendakariak nazioartekotu nahi duen herrialde batentzat adibide garbia direla esan die topaketan ziren enpresariei, eta Basque Country lemaren diplomazia ekonomikoa ordezkatzen dutela ziurtatu du.

Urkulluk euskal ekonomia «zeinu positiboan» dagoela esan du eta bere hazkunde-itxaropena hiru ardatzetan funtsatu du: euskal ekonomiaren oinarri industrialean zein esportatzailean, hazkunde jasangarriaren nahiz giza garapenaren estrategian (Euskadi Espainiako Estatuan lehenengo postuan baitago ELGAren ongizatearen eta bizitza-kalitatearen rankingaren arabera) eta ETA amaitu zela hiru urte pasa direnez, bakearen sendotzean 

Agerraldiko une horretan, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako politika ekonomikoak eta industrialak aipatu ditu eta, zehazki, Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren Aldeko Esparru Programa. Izan ere, programa horrek produkzio-ekonomia estimulatzeko eta ekonomia horri laguntzeko neurriak jasotzen ditu, enpleguko aukera berriak sortzeko helburuarekin.

«Horren guztiaren azken adibidea -esan du- Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoa eratzea izan da. Partzuergo horretan erakunde publiko eta merkataritza-ganbera guztiak daude.» «Nazioartekotzea gakoa da eta, beste ezer baino lehen, profesionala izan behar duen prozesu bat da. Horregatik, hemen dauden enpresa guztiei gure babesa adierazten diegu eta publikoa nahiz pribatua uztartzeko ereduaren aldeko apustua egiten dugu», adierazi du.

Querétaro, Guanajuato eta San Luis Potosí estatuek Mexikoko BPGaren % 7 osatzen dute, eta estatu horietan daude Mexikon ezarritako euskal enpresen produkzio-ezarpen gehienak, eta, egiatan, sortzen duten enplegu industrialaren % 40 ere estatu horiek eratzen dute. Euskal ezarpen gehienak sektore hauetan egin dira: automobilgintzan, aeronautikan, etxetresna elektrikoetan, erremintetan eta eraikuntzako ekipamenduetan.

Euskal ordezkaritzaren topaketan ondorengo enpresa guztietako arduradunak izan dira: Aernnova, Celay, Eika, Irizar, ITR, Erreka, Grúas GH, Sisteplant, Cie Automotive Celaya, Gat, Inaumex, Tecnipesa, Ekin, Grupo Herrero Internacional, Gaindu, Grupo Urbegi, Nitrogas Precisión, Sagola, Oñati Willy y Cia, Onnera Group, Teknia Automotive, Imesaza, Panelfisa, RPK, Copreci, Mondragón Servicios Educativos, Grupo Arian-NQ, United Barco de Systems eta Batz Mexicana. 

Enpresetako arduradunekin bileraren ondoren, Lehendakariak Mongragon-Uco unibertsitatea inauguratuko du (12:00etan) eta ondoren Jose Calzada Querétaro estatuko gobernatzailearekin bilduko da (20:00etan). Hango ordutegia (+7 ordu Euskadin).

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2016.eko azaroak 30

    Íñigo. Urkullu, en sus actos oficiales como Lendakari debería usar la bicrucífera con la Bandera de España, tal como ordena la Constitución en su artículo 4.2. Al evidenciarse que no es así, se apropia de un acto del Estado, que pertenece a todos, con fines partidistas utilizándolo de forma torticera para trasmitir su deseo de un País Vasco independiente de España, lo cual sería legítimo en un acto del PNV pero no en un acto como presidente del Gobierno Vasco.

  • @CyberEuskadi
    2014.eko urriak 27

    Comentario de Twitter:
    "El lehendakari reconoce el papel de las empresas vascas implantadas en México en el crecimiento de Euskadi" http://t.co/2tT3Cq8Amp

  • ana
    2014.eko urriak 27

    pues me alegro muchisimo aleluya ya se noticias tuyas @iurkullu le doy todo mi apoyo a usd espero que vuelvas pronto

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)