Berriak Osasuna
Eu

Gernika-Lumoko ospitalean kirurgia-jarduera hasi dute

2014.eko urriak 24
  • Bi ebakuntza-gela jarri dituzte martxan eta, hasieran, kirurgia oftalmologikoan eta traumatologikoan jardungo dute
  • Kirurgia-eremuan honako hauek daude: prozedura endoskopikoetarako gela (gastroskopiak eta kolonoskopiak), Anestesia Ondoko Bizkorketarako Unitatea (ABU) eta Kirurgia Anbulatorioko Unitatea
  • Busturialdeko, Gernikaldeko eta Lea-Artibaiko 56.000 herritarrek erabili ahal izango dituzte zerbitzu berri horiek
  • Gernika-Lumoko Ospitalea 2012an jarri zuten abian eta, ordutik hona, 62.100 kontsulta eta 74.200 proba diagnostiko baino gehiago egin dituzte
  • Osasun sailburu Jon Darpón, Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria eta Barrualde-Galdakao ESIko zuzendaria, Jon Guajardo, instalazioetan izan dira gaur goizean

Gernika-Lumoko Ospitalean kirurgia-jarduera hasi dute. Zehazki, bi ebakuntza-gela jarri dituzte martxan eta, hasieran, kirurgia oftalmologikoa eta traumatologikoa egingo dituzte haietan. Horrez gain, endoskopietarako gela ere abian da. Zentroaren zerbitzu-eskaintzaren handitze horretaz baliatu ahal izango dira Busturialdeko, Gernikaldeko eta Lea-Artibaiko 56.000 herritarrak. 

Gaur goizean egindako bisitan Jon Darpón Osasun sailburuak adierazi duenez, “Osakidetzak ez ditu zerbitzuak murriztu, alderantziz: hartutako konpromisoak betetzen ari da, eta osasun-zerbitzu berriak jarri ditu abian; eta horrek euskal gizartearen konfiantza mantentzea ahalbidetzen du”.

Aurrerantzean, Gernika-Lumoko Ospitaleak kirurgia-eremu berria izango du, erabat hornitua. Bi ebakuntza gelez eta endoskopietarako gelaz (gastroskopiak eta kolonoskopiak) gain, Anestesia Ondoko Bizkorketarako Unitatea (ABU) eta Kirurgia Anbulatorioko Unitatea ere badaude, beharrezkoak baitira kirurgia-zirkuitua osatzeko.

Guztira 2.150.000 euroko inbertsioa egin dute eta, horri esker, 1.400 m2-ko instalazioak hainbat ekipamendu eta tresnaz hornitu dituzte. Datorren urtean zehar, pixkanaka, instalazioen erabilera maximizatuko da eta ospitaleko asistentzia kirurgikoa zabalduko da; izan ere, ospitaleratzea eskatzen ez duten beste espezialitate batzuetako prozedura kirurgikoak ere abian jarriko dituzte, hala nola, kirurgia orokorra, kirurgia baskularra, urologia eta ginekologia.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak emandako asistentziaren balioa azpimarratzen du ospitalean ebakuntza-gelen eremua sartu izanak. Izan ere, Osasun sailburuak adierazi duenez, “Osakidetza lehentasuna da Iñigo Urkullu lehendakariaren Gobernuarentzat, eta ez dugu etengo duela 30 urte baino gehiagotik hona eman ditugun zerbitzuetako bat bera ere”.

Egindako kalkuluen arabera, urtean traumatologiako 400 ebakuntza kirurgiko, oftalmologiako 600 eta 750 proba endoskopiko (gastroskopiak eta kolonoskopiak) egingo dira.

Langile-kopuruari dagokionez, Gernika-Lumoko Ospitalean 101 langile daude gaur egun, eta horien %70 kontratazio berriak dira, zerbitzu-eskaintzaren zabaltze-fase honetarako eginak.

Unitate horiek irekitzearekin osatu da Osasun Sailak hitzeman eta lehendakariak zentro horretara egin zuen azken bisitan berretsi zuen zerbitzu-zerrenda.

ASISTENTZIA-JARDUERA

Gernika-Lumoko Ospitalea 2012an jarri zuten abian eta, ordutik hona, 62.167 kontsulta (lehenak eta ondorengoak) eta bertaratu gabeko 1.092 kontsulta egin dituzte, guztira. Bestalde, 74.205 proba diagnostiko egin dira; horietatik 6.642 ordenagailu bidezko tomografia axialak (OTA) izan dira, eta 6.060 ekografiak.

Horiez gain, 5.383 mamografia egin dira, guztira. Mamografia horien barruan sartu dira mamografia sintomatikoak (medikuak zerbaiten susmoa duelako eskatuta egin direnak, diagnostiko bat baieztatzeko edo baztertzeko) eta Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Programaren barruan egindakoak.

Bestalde, Larrialdi-zerbitzua duela urtebete —2013ko urrian— jarri zen martxan eta, ordudanik, 22.318 lagun artatu dituzte zerbitzu horretan. Larrialdi-kasu horietatik 4.914 pediatriako larrialdiak izan dira, eta azken horietatik 704 ospitaleratu egin behar izan dira. Amaitzeko, etxeko ospitalizazioari buruzko datuak hartuta, 175 ospitaleratze egin dira 2013tik 2014ra bitartean.

Gernikan, 2014ko urriaren 24an

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jon Guajardo, Barrualde-Galdakao ESIko zuzendaria / Director de la OSI Barrualde-Galdakao