Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Trenaren Nazioarteko Batasunaren abiadura handiko sailaren batzorde teknikoak eta zientifikoak Bilbon prestatuko dute 2015ean Tokion egingo den nazioarteko kongresua

2014.eko urriak 27

«Celebrate the past, design the future - Iragana goratu, etorkizuna diseinatu»

 

  • Azaroaren 3tik 5era egingo da Bilboko topaketa
  • Barron: «Euskadin egingo ditugun bileretan Trenaren Nazioarteko Batasunak abiadura handiaren eta bidaiarientzako distantzia luzeko joan-etorrien alorrean abian jarriko dituen hurrengo ekintzak erabakiko ditugu»
  • Oregi: «Garrantzitsua da garraiobide jasangarri honen arduradunek Europako ardatz atlantikoan bertan kokatutako euskal trenbide-sarearen eta gure baliabide logistikoen potentziala ezagutzea»

 

Trenaren Nazioarteko Batasunaren (UIC) Intercity eta Abiadura Handia komitearen batzorde zientifikoak eta teknikoak Bilbon bilduko dira azaroaren 3tik 5era bitartean, besteak beste 2015eko uztailean Tokion egingo den IX. Abiadura Handiko Trenaren Nazioarteko Kongresua prestatzeko.  Kongresuan trenarekin lotutako mundu guztiko konpainia eta enpresetako 50 adituk hartuko dute parte, guztiak ere abiadura handiko trenarekin estuki lotuak. Bilbora egindako bidaia baliatuz, adituok euskal trenbide-sare berria bisitatuko dute.

 

Trenaren Nazioarteko Batasuneko abiadura handiaren zuzendari Iñaki Barronek nabarmendu duenez, «abiadura handiarekin lotutako exekutiboek Euskadin izango duten hitzorduan definituko dira munduan trenarekin lotuta egiten den kongresu garrantzitsuenetakoaren eduki, mezu eta hizlariak. Kontuan izan Tokion hurrengo urtean ia bi mila profesional bilduko direla. Gainera, Bilbon Trenaren Nazioarteko Batasuneko Intercity eta Abiadura Handia komiteak egingo dituen bileretan erabakiko ditugu abiadura handiaren eta bidaiarientzako distantzia luzeko joan-etorrien alorrean abian jarriko ditugun hurrengo jarduerak, 2015erako ekintza-plana osatuko dutenak».

 

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, bere aldetik, garrantzitsutzat jo du «garraiobide jasangarri honen arduradunek Europako ardatz atlantikoaren eta hego-mendebaldearen lotunean bertan kokatutako euskal trenbide-sarearen eta gure baliabide logistikoen potentziala ezagutzea».

 

Euskal Y-a, funtsezkoa

Bilbon egingo den bilerako partaideek euskal trenbide-sare berriaren eraikuntza lanak bisitatzeko aukera ere izango dute. Barronen ustez, «Euskal Y-a funtsezkoa da Europako trenbide maparen baitan, bai abiadura handiaren arloan bai merkantzien garraio kontinentalaren arloan. Izan ere, Iberiar penintsula Europarekin lotzeko ezinbesteko gunea da.  Kontinenteko eta penintsulako sareak lotzeko funtsezko gune hau eraikitzea Europako lerro handien sarean egin beharreko beste edozein lan bezain garrantzitsua da, edo gehiago».

 

Bilbon izango diren adituen artean Japoniako trenbide-sarearen ardura duen elkarteko lehendakariordea izango da. Shinkansen bezala ezagututako abiadura handiko sareak 50 urte bete ditu Japonian, non eta orografia bereziki bihurgunetsu eta zaila duen herrialdean. Kontuan izan behar da 1964ko urriaren 1etik hona, 15 bilioi bidaiarik baino gehiagok erabili dutela munduan abiadura handiko trena, hau da, Lurreko biztanleriaren bikoitzak. Gaur egun abiadura handiko 23.000 kilometro trenbide daude mundu guztian, hogei urteko epean bikoiztuko den kopurua.

 

Bilboko hitzorduan, besteak beste, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak eta Antonio Aiz sailburuordeak, Imanol Leza Euskotreneko zuzendariak, Rafael Sarria Euskal Trenbide Sareko zuzendariak eta Renfe eta Adifeko zuzendaritzetako kideek hartuko dute parte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Barrón, Ishii Takumi,