Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Gutxieneko zerbitzuak sektore publikoan ekainaren 8rako deitutako grebarako

2010.eko ekainak 04

 

Gutxieneko zerbitzuak, CCOO, UGT, CSI-F eta Confederación Intersindical sindikatuek sektore publikoan ekainaren 8rako deitutako grebarako

 

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan CCOO, UGT, Central Sindical Independiente de Funcionarios (CSI-F) Confederación Intersindical sindikatuek ekainaren 8rako deitutako greba orokorrean gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak emango direla bermatzen duen Agindua eman du gaur Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak. Lanuzteak Euskadiko sektore publikoaren zerbitzuko langile guztiak -funtzionarioak, lan-kontratudunak eta estatutupekoak- barne hartuko ditu.

Deitutako greba ekainaren 8an izango da, 0:00 orduetatik 24:00etara. Txandaka lan egiten duten enpresentzat, ekainaren 8ko 06:00etatik hurrengo eguneko 06:00ak arte.

Greba egiteko eskubidea herritarren gainerako funtsezko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak betetzeko neurriak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere edukirik gabe gera ez dadin. Horregatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Eusko Jaurlaritzaren eskuordetzaz, gutxieneko zerbitzuak ezarri behar ditu, aipatutako aginduan zehaztuko diren sektoreetan:

1. 1.- Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak, osasun-zerbitzuak emateko ardura duen erakunde publikoak, honako zerbitzu hauek bermatuko ditu:

a.- Ospitaleetan, jaiegun bateko ohiko langileekin (alta medikoak eman ahal izango dira): larrialdiak, sukaldea, janari-banaketa, funtzionamendurako ezinbesteko garbiketa eta ospitaleratutako gaixoen zaintza egokia. Horrez gain, aurrez zehaztutako eta atzeratu ezin diren dialisi-prozesuak eta tratamendu onkologikoak emango dira.

b.- Lehen mailako atentzioa: larunbatean egon ohi diren langileek jardungo dute, maiatzaren 25eko lanaldiaren ohiko ordutegiarekin.

c.- Larrialdi-zerbitzuak eta atentzio iraunkorreko guneak (AIG/PAC): % 100.

2. 2.- Udal-hilerrietan, horretarako ezinbestekoak diren langileekin, hilobiratze- eta/edo errausketa-zerbitzuak lan egingo du, soilik hori egitea ezinbestekoa denean eta horren alternatiba bideragarririk ez dagoenean.

3. 3.- Egoitza geriatrikoetan eta eguneko zentroetan, baita mendetasun- edo ezintasun-mailaren bat duten pertsonak barne hartzen dituzten bestelakoetan ere, zuzeneko arretako zerbitzuak bermatuko dira, zuzeneko arreta hori gauzatzen duten langile gerokultoreen edo klinika-laguntzaileen % 50arekin, goizeko 08:00etatik 10:30era bitarte eta 20:00etatik 22:00etara bitarte izan ezik, eta janaria emateko ohiko ordutegian izan ezik; azken kasu horietan, ehuneko hori % 10 handituko da. Era berean, gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da langile sanitarioen eta sukaldeko langileen % 50. Horrez gain, laguntza behar duten pertsonak Eguneko Zentroetara eramateko garraio bereziak lan egingo du.

4. Adingabeen egoitzetan, esku-hartze sozialerako zentroetan eta Ibaiondo Ikastetxean, jaiegun bateko zerbitzuak emango dira. Era berean, Etxez Etxeko Laguntza Sektorean, mendetasun-egoeran daudenen zuzeneko arretako oinarrizko premiak estaltzeko zerbitzuak lan egingo du, jaiegun batean bezala.

5. Unibertsitateetan, unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan eta haur-eskoletan ireki egingo direla eta ikasleei arreta emango zaiela bermatuko da, honako baliabideekin:

a) Unibertsitatez kanpoko hezkuntza: zuzendaritza taldeko pertsona 1 eta mendekoen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako. Horrez gain, eskola-egutegian planifikatutako azterketak egin daitezen, azterketa egiteko ardura bere gain hartzen duen irakasle bat egongo dela bermatu behar da.

b) Euskal Herriko Unibertsitatea: zentro bakoitzeko atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako, instalazioetarako sarbidea bermatzeko. Egutegi akademikoan planifikatutako azterketak egin daitezen, azterketa egiteko ardura bere gain hartuko duen irakasle 1.

c) Haurreskoletan, koordinatzaile 1 ikastetxe bakoitzeko, instalazioetarako sarbidea bermatzeko.

d) Goi Mailako Musika Ikastegia, Musikene: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, atezainen plantillako pertsona 1 ikastegiari lotutako lau eraikinetako bakoitzerako eta goizeko eta arratsaldeko txanda bakoitzeko. Egutegi Akademikoan planifikatutako azterketak egiteko: azterketa egiteaz arduratuko den irakasle 1.

6. Larrialdiei aurre egiteko zerbitzuak (babes zibila, suhiltzaileak, SOS-DEIAK, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa eta abar) eta Herrizaingo Sailaren komunikazio- eta informatika-arloa, jaiegun batean izan ohi dituzten langileekin emango dira.

7. Titulartasun publikoko bidaiarien errepideko garraio erregularreko, trenbide-garraioko eta kable eta ur bidezko garraioko enpresek, lanegunetako ohiko zerbitzuaren % 30aren baliokideak diren zerbitzuak eta maiztasunak mantenduko dituzte, arreta berezia eskainiz lanera sartzeko eta handik ateratzeko ordutegiei. Era berean, koordinazioko, kontroleko eta segurtasuneko zerbitzuak mantendu behar dira garraiobideetan, zerbitzu horietako lanpostu bakoitzeko eta txanda bakoitzeko pertsona batekin.

8. Energia elektrikoa produzitu eta hornitzeaz, gasa produzitu eta hornitzeaz eta ura araztu eta hornitzeaz arduratzen diren enpresek eta organismoek, zerbitzua bermatuko dute, jaiegun bati dagokion langile kopuruarekin.

9. Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) enpresan bermatu beharreko zerbitzuak eguneroko albistegiak baino ez dira, haien ohiko ordutegian.

10. Hiru Lurralde Historikoetako hiriburuetan dokumentuak erregistratzeko zerbitzuek ere zerbitzua eman beharko dute.

Agindu honetan jasotako gutxieneko zerbitzuek ez dituzte inola ere murriztuko grebarako eskubideari buruzko arauetan onartzen diren eskubideak. Gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Horrelakorik gertatuz gero, legez kontrakotzat joko dira eta horiek egiten dituztenak erantzule izango dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan