Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik bioingeniaritzaren garrantzia nabarmendu du paisaiak eta ibilguak kontserbatzeko

2014.eko urriak 23
  • Eusko Jaurlaritzak Gasteizen egindako finantzaketa nabarmendu du sailburuak, hain justu Gasteiz hiribidea eta Europa jauregia berritzeko

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, paisaiak eta ibilguak kontserbatzeko eta mantentzeko bioingeniaritzak zer garrantzi duen nabarmendu du, jarduteko modu leunagoak eskaintzen baititu erriberak eta ibaiertzak sendotzeko, baita higadura kontrolatzeko ere.

 

Bioingeniaritza eta Azpiegitura Berdeak izeneko kongresua irekitzeko ekitaldian esan ditu hitzok Oregi sailburuak. Gasteizen ari dira egiten kongresua, gaur hasi eta hurrengo ostiralera arte, Villa Suso jauregian.

 

«Populazio-dentsitate handiko lurraldean bizi gara; orografia ere malkartsua da, eta urbanizazio-prozesu bizi batzuk ere izan ditu gure lurraldeak. Faktore horiek gure paisaia aldarazi dute», nabarmendu du sailburuak.

 

Bere hitzaldian, Oregik nabarmendu du «Euskadin herritar guztien ongizatea bermatuko duen lurralde-eredua lortzeko lanean» ari garela, eta Euskadi gure ingurunearen osasunari kalterik ez eragiteko lanean ari den herria dela.

 

«Orain gure hirian, Gasteizen, hasi behar dugun Bioingeniaritza Kongresu hau agertoki ona da hitz egin dezagun azpiegitura berdeaz, paisaiaz, naturguneak habitatak zatikatzea saihesteko sortzeaz, lurralde-plangintzan azpiegitura berdea erantsiz eremuak leheneratzeaz eta osasun-hobekuntzaz, baita ekosistemak mantentzeaz ere», adierazi du Ana Oregik.

 

«Herrialde gisa, urrats sendoak ematen ari gara, eta, horrez gain, naturako baliabideen eta balioen zein ekosistemen kudeaketari ematen diogun lehentasuna onartzea ere badakar. Lurraldeak, inguruneak eta hartzen gaituen euskarri fisikoak emandako balio eta baliabide ordezkaezinak dira horiek», gaineratu du.

 

Gasteizen

Eusko Jaurlaritzak bioingeniaritzarekin lotutako hiri-berritzeetan izan duen partaidetzaren adibide lirateke, Oregiren esanetan, Gasteiz hiribidea edota Europa kongresu-jauregia berritzea barruko eraztun berdearen barruan, bi lanak ere Eusko Jaurlaritzak osorik finantzatuak.

 

«Azken urteetan, paisaia ikusteko modua aldatu da: lehen, giza jardueretarako agertoki hutsa zen, eta gaur egun, ingurumen-, kultura-, gizarte-, historia- eta garapen-ekonomikoaren baliabide eta ondare gisa ikusten dugu; hala, gero eta arreta handiagoa jartzen du gizarteak ingurumen-balioetan», azaldu du Oregik.

 

«Halaber, hainbat ekimen ere sustatzen ditugu –lurraldea zaintzea ondare naturala kontserbatzeko, esaterako–, eta era horretako ekimenen bidez biodibertsitatea eta paisaiak kontserbatzeko zereginetan herri-administrazioez gain beste eragile batzuek ere parte har dezaten bultzatzen da (jabeak, gizarte zibil antolatua, herritarrak edo enpresa pribatuak)», gaineratu du.

 

«Horrekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Korridore Ekologikoen Sarea ere garatzen ari gara, hasi Alpeetatik eta Asturiaseraino, Pirinioetatik barrena, espezie basatiak dituzten (isolatzeko joera duten populazio murriztuak) naturguneen arteko lotura zaintzeko eta leheneratzeko», azaldu du Oregik.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Torremadariaga
    2014.eko urriak 24

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Oregi destaca el papel de la bioingeniería en la conservación y mantenimiento de... http://t.co/wPtZlId4L9

  • @Torremadariaga
    2014.eko urriak 24

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Oregik bioingeniaritzaren garrantzia nabarmendu du paisaiak eta ibilguak kontserbatzeko http://t.co/lZjKGAeoXc

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)