
Euskadik eta Ipar Irlandak biktimei, hezkuntzari, gazteariari eta birgizarteratzeari buruzko proiektuak aurkeztuko dituzte PEACE IV izeneko programa europarrean
Hori da atera duten lehenengo ondorioa bakearen eta elkarbizitzaren gaineko lankidetza europarreko proiektuei buruz Bilbon egiten ari diren topaketan
Euskadik eta Ipar Irlandak batera partekatu eta aurkeztuko dituzte Europako erakundeen aurrean bakearen eta elkarbizitzaren gaineko lankidetza-proiektuak, zehazki, biktimei, hezkuntzari, gaztediari eta birgizarteratzeari buruzko lankidetza-proiektuak.
Bakegintza eta Elkarbizitzarako idazkari nagusi Jonan Fernándezek eta SEUPBeko (EBko programa bereziak kudeatzeko ardura duen erakundeko) Pat Colganek gaur goizean, Bilbon, azken egun hauetan 20 pertsonak osatutako Ipar Irlandako ordezkaritza bat (SEUPB erakundearen eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin) egiten ari den bileretako lehenengo ondorioak aurkeztu dituzte. Topaketa honetako helburua interes komuneko proiektu zehatzak identifikatzea da, esperientziak eta ikaskuntzak elkar trukatuta.
Horrela, Europako bakegintzako eta bizikidetzako esperientziek Euskadiko errealitatean erabiltzeko moduko isla izatea lortu nahi da, eta, era berean, Euskadin hezkuntzaren, gazteen, udalen, unibertsitateen edo herritarren parte-hartze alorrean egiten diren jarduketek Europar Batasunean oihartzuna izatea eta jarduketa horiek trukatzeko gune partekatu bat izatea lortu nahi da.
Gaur arte hainbat saio izan dituzte: Lehendakaritzan astearte arratsaldean eta bai atzo bai gaur Euskalduna Jauregian. Saio horietatik atera dituzten lehenengo ondorioak hauek izan dira:
- Ipar Irlandako eta Euskadiko bakegintza- eta elkarbizitza-prozesuak oso desberdinak dira, baina erakundeen eta gizartearen arteko lankidetzan oinarritzen den bakea eraikitzeko eredu bat dute komunean. Lankidetza publiko eta sozialeko eredu hori ekarpen propio, berri eta berezia da. Erakundeen eta herritarren bulkaden arteko bat-egite horretan bat datoz bi esperientziak eta Europan batera partekatu eta eskaini dezakegun errealitate praktiko eta proposamen kontzeptual bat da.
- Oinarri horrekin, lan-hipotesi batean ados jarri gara: Euskadiko eta Irlandako instituzioek eta erakundeek lankidetza-proiektuak parteka ditzakegu, gutxienez, lau arlotan: biktima, hezkuntza, gazteria eta birgizarteratzean.
- Hasierako akordio horretatik abiatuta, SEUPB erakundeko ordezkaritza batek eta Eusko Jaurlaritzako beste batek osatutako talde batek datozen asteetan lau proiektu hauek atonduko dituzte, Peace IV izeneko programan sar baitaitezke.
Datozen asteetako lana egun hauetako topaketa honetan marraztu ditugun proiektu zehatzak prestatzea eta edukiz hornitzea izango da. Bi ordezkaritzen balorazio partekatua oso positiboa da. Topaketan aurreikusita zeuden helburuak bete dira.
Lan-jardunaldietan Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek parte hartzen du, baita bakegintzarekin eta elkarbizitzarekin zerikusia duten alor espezifikoetan lan egiten duten hainbat erakundek ere. Ipar Irlandako ordezkaritzan, SEUPB erakundeko arduradunak eta gizarte zibil antolatuko ordezkarian daude. Horiek guztiek Peace izeneko programaren baitan elkarbizitza sustatzeko hainbat proiektu gauzatzen dituzte.