Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak barne izaerako jardunaldi bat egin du bere karguen eredugarritasun publikoa sustatzeko

2014.eko urriak 22
  • Ekimena administrazioko goi-mailako zuzendaritza exekutiboan erantzukizunak dituztenek baliabide publikoen kudeaketa etiko, eraginkor eta jasangarria egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisotik sortu da. 
  • Filosofian doktorea eta Filologia Klasikoan nahiz Zuzenbidean lizentziatua den Javier Gomá Lanzónek parte hartu du prestakuntza-saioan, herritarren konfiantza berreskuratzen inplikatuta dauden Gobernuko goi-mailako karguekin.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak barne-izaerako jardunaldi bat inauguratu du gaur goizean, Jaurlaritzako eta bere erakunde instrumentaletako goi-mailako zuzendaritza exekutiboa osatzen duten pertsonen zintzotasuna eta jarduketa efizientea sustatzeko eta pertsona horien lanaren kalitatea handitzeko. Gobernuak jardunaldi mota hauek, etika publikoari buruzkoak, sei hilabetetan behin antolatuko ditu.

Jardunaldia Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, IVAPek, antolatu du eta Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egin da, eta bertan izan da Filosofian doktorea eta Filologia Klasikoan nahiz Zuzenbidean lizentziatua den Javier Gomá Lanzón. Portaera egokiaren eta etika publikoaren alorrean aditua da bera eta «Eredugarritasun publikoa» izeneko hitzaldia eman du. Hori dela-eta, debate interesgarri bat sortu da herri-ekintza arduratsu eta konprometituaren eredu berriei, jarraibide egokien sustapenari eta goi-mailako zuzendaritza exekutiboa indartuko duten nahiz zuzendaritza publikoko langileenganako herritarren konfiantza sendotuko duten tresnak izateko beharrari buruz.

Jardunaldia Eusko Jaurlaritzan goi-mailako karguak dituztenentzat izan da eta Etika Publikorako Batzordearen ekimenez sortu da. Batzorde hori, era berean, gatazka etikoak ebazteko, jokabideari buruzko estandarren inguruko kontsultak konpontzeko, Etika eta Jokabide Kodea betetzen dela gainbegiratzeko eta kode hori sinatu dutenen artean kodea sustatzeko sortu zen.

ETIKA ETA JOKABIDE KODEA

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko zuzendaritza exekutiboan erantzukizuneko karguak dituzten 329 pertsonak sinatu zuten iaz Gobernu honek martxan jarritako Etika eta Jokabide Kodea. Testu oso zorrotza da herritarrek beren arduradun publikoekiko konfiantza berreskuratzeko bete beharreko gutxieneko portaera-estandarrei dagokienez.

Hainbat profesional independentek osatzen dute Etika Publikoaren Batzordea, eta bere helburua Etika eta Jokabide Kodea sustatzea, kontsultatzea eta gainbegiratzea da. Adierazitako Batzordeak 14 kontsulta ebatzi zituen 2013an, eta 2014an, dagoeneko bederatziri eman die erantzuna.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Javier Gomá Lanzón