Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Bilbo-Donostia lineako Txarakua-Azitain (Eibar) zatia bikoizteko lanak eskeitu ditu

2010.eko ekainak 02

 

Euskal Trenbide Sareak (ETS), Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko erakunde publikoak, Construcciones Galdiano-Coprosa ABEE-UTE-ari esleitu dio Bilbo-Donostia lineako Txarakua-Azitain zatia bikoizteko lanen burutzapena.

 Lanen esleipena lortu duen aldi baterako enpresa elkarteak 15 hilabeteko epea izango du proiektua burutzeko, eta 3.497.757,98 euroko aurrekontua izango du. Lehiaketara 13 eskaintza aurkeztu dira guztira.

 Jarduketa horretan, Txarakua-Azitain zatian 775 metroko trenbide zatia bikoiztea, Azitainen geltoki berria eraikitzea eta bi trenbide pasagune kentzea sartzen da. Lan horien ondorioz, maiztasunak hobetu ahal izango dira Ermua-Eibar-Elgoibar igarobidean, eta, horrez gain, urtean 150.000 bidaiari berri lortu ahal izango dira.

 Proiektuaren deskribapena

80 metro luze izango den erdiko nasa izango duen Azitaingo geltoki berria, Donostiako noranzkoan dagoen egungo geralekutik 230 metro ingurura egongo da. Sarrerako eraikina trenbideen eskuinaldean egongo da, une honetan parke gisa erabiltzen den oinezkoen gunean.      

 Geltoki berrirako sarrera Ego ibaiaren gainean dagoen oinezkoentzako igarobidetik egingo da. Proiektaturiko eraikinetik nasara joango den bidea, eskuineko trenbidearen azpian eraikiko den azpialdeko bidetik egingo da. Sarbideek eskailerak eta igogailua izango dituzte, mugikortasun urria duten pertsonen erabilerraztasuna bermatzeko.

 Etorkizuneko geltokiaren egituraketa trenbide bikoitzekoa izango da, eta trenak bi noranzkoetan aldi berean geratu ahal izango dira.

Gaur egun bertan existitzen diren eta egungo nasara eta trenbideen ezkerraldean dauden bi etxebizitza bloketara joateko erabiltzen diren trenbide pasaguneen ordez, proiektatu diren trenbideak gurutzatuko dituen eta eskailerak eta arrapalak izango dituen hormigoizko igarobide baten bitartez egingo da.

 Gaur egun, Iñaki Arriolak zuzentzen duen Garraio Saila honako lan hauek ari da burutzen Bilbo-Donostia Lineako erdialdean: San Lorentzo-Unibertsitatea zatiaren bikoizketa, Ardantzako geltoki berriaren eraikuntza eta ingurua estaltzea eta Txarakuako trenbide pasagunea kentzea; eta denbora gutxi barru hasiko dira Karakateko Bidegurutzea eraikitzeko lanak.

Euskal Trenbide Sarea erakundearen bitartez eraikitzen diren azpiegitura eta ekipamendu horiei esker hobetu ahal izango dira trenen trafikoaren maiztasunak eta Ermuko, Eibarko eta Elgoibarko hiriguneetan bizi diren hiritarrei eskaintzen zaien zerbitzu orokorra, eta gaur egun Ermua eta Eibar artean eskaintzen den tranbia zerbitzua Elgoibarreraino luzatzen lagunduko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan