Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak uste du herrialde akordioak bideragarriak direla alderdiekin erronda egin ondoren

2014-10-21

Eusko Jaurlaritzak balorazio positiboa egin du lehendakariak alderdi politikoetako buruzagiekin deitutako bilera-erronden inguruan. Gobernu Kontseiluaren ostean komunikabideen aurrean egin den balorazio honi eutsiz, Josu Erkoreka bozeramaileak esan du akordioak lortzeko beharrezkoa den elkar-ulertze giroa dagoela, kohesio sozialaren esparruan batez ere.

Honez gain, alderdi politikoek harrera ona egin diote aurrekontu-egonkortasun egoera errepikatzeari, denek baitakide, Erkorekaren hitzetan, ekonomia suspertzea dela oraingo lehentasuna. Honen harira, Erkorekak aurreratu du Jaurlaritzak datorren astean aurkeztuko duela maila sozial handia duen 2015erako Aurrekontu Lege Proiektua. Erkorekak esan duenez, Jaurlaritzak ez dio inori atea izten akordioetara heltzeko, halere, gaineratu du Alderdi Sozialistarekin iaz egindako paktua eguneratu egin dela.

Bakea eta bizikidetza
Bake eta Bizikidetzari dagokionez, Jaurlaritzak izen bereko Legebiltzarreko batzorde txostengilearen lana berraktibatzea ahalbidetuko duen adostasun berri bat lortzeko lan egingo du. ETAk bere jarduera etengo zuela esan zuenetik hiru urte igaro dira, eta Jaurlaritzak uste du amaiera atzeraezina dela eta alderdiek bakea finkatzeko beste ahalegin bat egiteko beharra beren gain hartzeko unea dela. Erkorekak adierazi du Ezker Abertzalea hori lortzeko urrats bat egiteko konprometitu dela.



Bake eta Bizikidetzaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak Itsaso Andueza izendatu du Bake eta Bizikidetza Planaren Kontsulta Batzordeko presidente, gaurko Gobernu Kontseiluan. Andueza Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea da orain, eta hemendik aurrera, honako hauek egin beharko ditu, besteak beste: erakundeekin parte-hartze bideak ezartzea, erakunde-arteko koordinazioa gauzatzea eta Planaren ebaluazio-, segimendu- eta aholkularitza-organo osagarri gisa jardutea. Izendapen horrekin, Jaurlaritzak nabarmendu nahi du belaunaldi berriak Euskadiko etorkizuneko bizikidetzaren normalkuntzari egingo dion ekarpenean konfiantza duela.

Bestelako gaiei helduta, Ipar Irlandako zenbait ordezkari Euskadin dira, Europar Batasunaren Peace Program IV ekimenaren esparruan baterako ekimen bat aurkezteko aukerak aztertzeko. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Euskadin bizikidetzaren normalkuntza bilatzeko proiektuetan lan egitea litzateke helburua.

Zuzkidura berriak
Bestalde, langabeen edo lanpostua galtzeko arriskuan daudenen laneko orientaziorako 3,8 milioi euroko programa bat ere onartu du gaur Jaurlaritzak. Programak arreta pertsonalizatua proposatzen du, eta aholkularitza profesionala, prestakuntza, autoenplegurako prestaketa eta lanpostu bat aktiboki bilatzeko laguntza eskainiko ditu.

Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio ikasle ez-unibertsitarioak eskolatzeko bekak finantzatzeko programari, 53 milioi euro bideratuta. Gainera, beste 55 milioi euro bideratuko ditu 2014/2015 ikasturterako hezkuntzako laguntzak hobetzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2014.10.21)

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)