Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Eusko Jaurlaritzak gastu publikoa murrizteko abian jarriko dituen neurriak zehaztu ditu

2010.eko ekainak 03

Administrazio Publikoko Negoziazio Mahai Orokorraren segimendu-batzordeak lehenengo bilera egin du gaur, gehiengo sindikalarekin akordioa sinatu zenetik sei hilabete eta hamabost egun igaro direnean. Funtzio Publikoren sailburuordeak, Juan Carlos Ramosek, sindikatuen ordezkariekin aztertu du akordioa nola ari den aplikatzen eta hartutako konpromisoak zenbateraino ari diren betetzen; era berean, Gobernu zentralak defizit publikoa murrizteko onartu dituen neurriek sortutako egoera berria ere aztertu du ordezkari horiekin.

Bilera horretaz baliatu da sailburua sindikatuen ordezkariei helarazteko beharrezkoa dela Euskadin ere gastu publikoa murriztea, oraingo koiuntura ekonomikoaren arabera eta gure autogobernuaren berezitasunera egokiturik, betiere Gobernu zentralaren doiketa-planaren filosofia eta nahitaez bete beharrekoak diren jarraibideak jasota. Eusko Jaurlaritzak, gainera, erantzukizun eta elkartasun partekatuko ariketa bat eginez, zorroztasun, aurrezpen eta erreforma-plan bat prestatu du Euskal Autonomia  Erkidegoko Administrazio Publikorako. Azken hil hauetan, hain zuzen ere, plan hori lantzen aritu da, eta egoerak aplikazioa aurreratu du.

Iazko abenduaren 18an Mahai Orokorreko akordioa sinatu ondoren -akordio horrek Euskal Administrazio Publikoko funtzionario eta lan-kontratuko langileentzako gai eta lan-baldintza erkideak jasotzen ditu-, Eusko Jaurlaritzak akordio sektorialak izenpetu zituen Administrazio Orokorreko langile (funtzionario eta lan-kontratuko), Jusztiziako langile eta irakasleekin. Gobernuak egiaztatu du akordioan bildutako konpromiso guztiek betetze-maila handia izan dutela, dela ordainsarien gehikuntzari buruzko atalean, dela EPEen deialdietan, zerbitzuen kanporatze-politikan eta lan-baimen berrien aplikazioan.

Dena dela, krisiaren larritasunak egoera ekonomiko berri bat azaleratu du, bai eta doiketa-neurri garrantzitsu batzuk abian jartzeko premia ere. Egoera berri horren ondoriorik zuzenekoena, berriz, gastu publikoa doitzeko Errege Lege-Dekretua argitaratzea izan da, eta neurri horien artean, administrazio publikoetako langileria-gastua murrizteko kapitulua nabarmentzen da.

Eusko Jaurlaritzak beregain hartzen du bere erantzukizun-zatia, eta gastua murrizteko neurri batzuk proposatu ditu. Neurri horiek, soldata-masa % 5 murrizteko helburua betetzen dutelarik, ez dira hain kaltegarriak enplegatu publikoentzat, eta, gainera, soldaten progresibotasuna jasotzen du neurrien aplikazioan. Horretarako, honako hau ezarri du: murrizketa ez dadila aplikatu ordainsari osoan, baizik eta soilik oinarrizko soldatan eta antzinatasunean.

Ehunekotan emanda, funtzionarioen oinarrizko ordainsarirako gutxieneko murrizketa % 0,56an finkatu da; gehienezkoa, berriz, % 2,86an. % 2,86 hori, urteko kopurutan, % 5 da, guztizko ordainsarien gainean.

Goi-kargudunen soldatak murrizteko proposamena (enplegatu publikoen mailarik gorenari aplikatuko zaion gehienezko murrizketa indizea, % 2,86koa, hartzen da erreferentziatzat) % 2,86ri beste ehuneko puntu bat gehituz aplikatuko da, eta honela geratuko da:

● Sailburuordeak: % 3,86; urtea hartuz gero epetzat, % 6.

● Sailburuak: % 4,86; urtea hartuz gero epetzat, % 7.

● Lehendakariak: % 5,86; urtea hartuz gero epetzat, % 8.

Zuzendarien soldata mailarik goreneko funtzionarioena bezala murriztuko da, kantitate beren arabera, eta, hala, soldata hiru urtez izozturik eduki ostean, beren ordainsaria mailarik goreneko funtzionarioena baino txikiagoa ez izatea lortuko da.

Soldatak murrizteko neurri hauek 50 milioi euro inguruko aurrezpena ekarriko dute. Eusko Jaurlaritzak neurri gehiago hartuko ditu 60 milioi euroko kopurua aurreztu eta 100 milioi euroko helburu hori betetzeko; hona hemen nola egingo duen erakusteko taula:

- Errege Dekretua aplikatuz lortu nahi den aurrezpen gehienezkoa: 99.701.636 euro

- Ordainsari oinarrizkoei Errege Dekretua aplikatuz lortuko den aurrezpena: 50.496.356 euro

- Lortu nahi den aurrezpenarekiko aldea: 49.205.280 euro

 

Beste murrizketa osagarri batzuk: 

● Erretiroagatik hutsik dauden 166 plazak edo, bestela, beste aurrekontu-hornidura batzuk amortizatzea hitzemandako zifra horretara iritsi arte. 

● Zeregin kopuru handiegiak eta ordezkapenak. Gastua urteko % 10 murriztea da helburua, batez ere Administrazio Orokorrean eta Osakidetzan.

●Ordezkapen-kopurua murriztea. Ordezkapenek eragiten duten gastua urtean % 8 murriztea da helburua.

Oro har, aplikatzekoak diren hitzarmenetan azaldutako salbuespenak kontuan hartuta, Hezkuntza, Justizia eta Herrizaingo sailetan eta Osakidetzan, ahal dela, ez da ordezkapen-kontrataziorik egingo 5 egun baino epe laburragoetarako. Administrazio Orokorrean ez da ordezkapenik egingo hilabete baino epe laburragoko ausentziengatik.

● Plaza hutsak amortizatzea. Helburua da hamabi hilabetean edo luzaroagoan hutsik egon diren 138 lanpostu amortizatzea.

● Lan-absentismoa murrizteko neurriak. Eusko Jaurlaritzak proposatzen du % 1 murriztea lan-absentismoa.

● Itzarriri egitekoak diren ekarpenen ehunekoa % 1,50 murriztea, oro har.

Lan-kontratuko langileei dagokienez, oinarrizko ordainsarietarako % 5eko murrizketa lineala ezartzen du Errege Dekretuak; Eusko Jaurlaritzak funtzionarioentzako bezalako murrizketa aplikatuko du, proportzionaltasun-irizpideei jarraituz.

Sozietate eta ente publikoei dagokienez, gainerako kolektiboei soldatetan eskatuko zaien ahalegina nola berdindu aztertuko da. Hala, enpresa publikoetan ez da izango zuzendaritza-kargurik soldata-kontzeptuengatik sailburuorde batena baino soldata handiagoa eskuratuko duenik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan