Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Gobernuak legealdiko bigarren errekurtsoa jarriko du enplegu politika aktiboen transferentzia ez betetzeagatik

2014.eko urriak 19
  • Espainiako Gobernuak gehiegikeriaz jokatu du enplegu-agentzia pribatuak kontratatzeko pleguetan, Euskadi bere jarduketa-eremuan sartu baitu
  • Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari gogorarazi dio Euskadin Lanbidek duela enpresa enplegatzaileen eta langabezia-egoeran dauden pertsonen arteko bitartekaria zein izango den erabakitzeko eskumena, eta horregatik kontratazio-pleguak berehala aldatzeko eskatu dio.
  • Eusko Jaurlaritzaren ustez Espainiako Gobernua Gernikako Estatutua edukiz husten eta boterea birzentralizatzen saiatu da, berriz ere, ekintza horren bitartez.

Eusko Jaurlaritzak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztuko du 2014ko uztailaren 17ko (*) Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko (SEPE) zuzendari nagusiaren ebazpenaren aurka. Izan ere, ebazpen horretan enplegurako agentzia pribatuekin kontratazio-baldintzak ezartzen dira; hemendik aurrera, horiek izango baitira langabeak lanean txertatzeko bitartekariak. SEPEk Euskadi sartu du lizitazio-pleguetan agentzia horiek jarduteko eremu gisa, eta, horrela, 2010eko enpleguko politika aktiboetako transferentzia gutxietsi du. Transferentzia horrek garbi uzten du Euskadin Lanbidek duela eskumena enplegua sustatzeko programa guztiak egiteko eta langabeen nahiz enpresen arteko lan-bitartekaritza egiteko, langabe horiek lan-merkatuan txerta daitezen. Arrazoi horregatik beragatik, Euskadik ez zuen parte hartu 2013an Espainiako Gobernuaren eta beste autonomia-erkidegoen artean diseinatutako lankidetza publikoaren eta pribatuaren esparruko diseinuan eta abiaratzean.

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du Espainiako Gobernuak ez dagozkion funtzioak usurpatu nahi dituela berriz ere, eta, horrela, fluxu finantzarioak zailtzen dituela, herritarrak nahasten dituela eta zerbitzuaren eraginkortasunik eza sortzen duela. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak salatu du Estatuak Gernikako Estatutua husteko eta eskumenak berriz zentralizatzeko beste saiakera bat egin duela, kasu honetan, enpleguaren arloan.

BIGARREN ERREKURTSOA

Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan aurkezten duen bigarren errekurtsoa da hau. Kasu honetan, errekurtsoa jartzeko arrazoia enpleguaren politika aktiboetan transferentzia urratzea izan da. Aurreko errekurtsoa inkonstituzionalitate-errekurtsoa izan zen, «Plan Prepara» izenekoaren aurkakoa. Adierazitako plana 2013ko urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuan zegoen jasota; horren bitartez, luzatu egin zen langabeziagatiko babesa agortuta zuten pertsonak birkualifikatzeko programa.
«Plan Prepara» izeneko planaren bidez, langabeziaren prestazioa amaitu zaien iraupen luzeko langabeei sei hilabetean 400 euroko laguntza bat ematen zaie. Eusko Jaurlaritzak uste du laguntza hori Lanbidek kudeatu behar duela, eta ez Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak, orain egiten duen moduan.
Une honetan, errekurtso hori Konstituzio Auzitegiak ebazteko zain dago, ez baitzen akordiorik lortu «Estatuaren eta Euskadiren arteko aldebiko batzordean».

(*) Langabeak lan-merkatuan txertatzeko zerbitzu publikoekin lankidetzan aritzeko enplegurako agentziekin egindako Akordio Esparruaren (A.E. 17/13) baitan, langabeak laneko merkatuan txertatzeko lanak egiteko helburuarekin, Estatuko Enpleguaren Zerbitzu Publikoarekin lankidetzako zerbitzua eskaintzeko enplegurako agentzia baten edo gehiagoren kontratazioa arautuko duten administrazio-klausula zehatzen agirien eta preskripizio teknikoen pleguak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)