Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Kultura Ministerioak ia 40 kultur ekintza antolatu dituzte euskadiko Done Jakue Bidea sustatzeko

2010.eko ekainak 03

 Kostako Bidea Gizateriaren Ondarea izateko hautagaia aurkeztu da

 Frantziako Bidearen eta Portugaleko Bidearen ondotik hirugarren ibilbide erabiliena da

Aurten Done Jakueren urtea denez, Done Jakue Bidea Euskadin sustatuko duten kultur jarduerak biltzen dituen asmo handiko programa aurkeztu dute gaur Antonio Rivera Kulturako sailburuordeak eta Pilar Zorrilla Merkataritza eta Turismo sailburuordeak. Biok azpimarratu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak apustu garrantzitsua egin dute, Kultura Ministerioarekin eta Sociedad Estatal de Conmemoraciones Culturales (SECC) erakundearekin batera, Done Jakue Bidearen Euskadiko ibilbideak bultzatzeko. Guztira 37 kultur jarduera (agian beste baten bat ere gehituko da laster) programatu dira hiru lurralde historikoetako 22 udalerritan.

 Programak, besteak beste, kale-antzerkia, kontzertuak, erakusketak, Done Jakueren bideak eta ipuin-kontalariak jasoko ditu. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), gainera, Iparraldeko Bideak aztertuko dituen jardunaldi bat programatu du Donostiako Miramar jauregian egitekoak diren Udako Ikastaroetan. Bertan, datorren uztailaren 22an, irakasle, historialari eta nazioarteko kulturako espezialistek hartuko dute parte, adibidez, José Ángel Barrio historialariak, Toti Martínez de Lezea idazleak edo Itziar Aguado irakasleak. Kultur ekitaldien plan honen bitartez, Done Jakue Bideareki loturiko pasarteak birsortuko dira Bideko toki esanguratsuenetan.

 Gizateriaren Ondarea izateko hautagaia

 Euskadiko Done Jakueren Bideak -bai Kostakoak bai barrualdekoak- aukera ugari eskaintzen ditu kultura eta turismo aldetik ibilbide osoan. Kultura aldetik, itun bat dago iparraldeko beste erkidego batzuekin batera Kostako Bideak Gizateriaren Ondare kategoriak lortzeko, Frantziako Bideak 1993an lortu zuen moduan.

 Euskadiko ibilbidearen gorakada azken urteotan nabaritu da gehien bat. Kostako Bidea, gaur egun, erromesen hirugarren ibilbide erabiliena da, Frantziako Bidearen eta Portugaleko Bidearen ondotik. 2009an, 17.000 ostatu-gau baino gehiago erregistratu ziren, hiru urte aurretiko datuaren halako hiru, kasik. 2008an, aterpetxeetako ostatu-hartzeen kopurua 3.300 emendatu zen, hau da, aurreko urtea baino %23 gehiago.

 Bideak, bestalde, 2009an euskal turismoari milioi erdi euroko sarrera ekarri ziola kalkulatzen da. Estatistiken arabera, Euskaditik pasatzen diren erromesen erdiek erlijioak bultzatuta bidaitzen dute, eta beste erdiek interes turistikoengatik.

 Antolatu diren 37 jardueren artean, sei Araban izango dira, zazpi Bizkaian, eta bederatzi Gipuzkoan. Egutegia Bermeon hasi zen joan den astebukaeran, kale-atzerkiko talde batek Ibilaldian eskainitako ikuskizunarekin, eta abenduan amaituko da, BECen egingo den Gabonetako Haur Parkean.

 Euskadiko Done Jakue Bideak 85 udalerri zeharkatzen ditu, 462 kilometro luze da eta 43 aterpetxe ditu. Eusko Jaurlaritzak aurten Plan Zuzentzaile bat landu du, Euskadiko Bidearen egungo egoerari buruzko azterketa xehe bat egiten duena eta datozen urteetarako jarduketa-multzo bat jasotzen dituena.

 

Bilbo, 2010eko ekainaren 3a.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Antonio Rivera Kulturako sailburuordea eta Pilar Zorrilla Merkataritza eta Turismo sailburu