Berriak

Ipar Irlandako ordezkaritza bat Euskadira etorriko da Bake eta Bizikidetza arloko Europa mailako elkarlan proiektu posibleak aztertzeko

2014.eko urriak 19
  • Ordezkaritzak Bake eta Bizikidetza Planeko ekimenetan eta PEACE PROGRAMME IV programaren esparruko Europa mailako antzeko proiektuetan elkarlana sustatzeari buruzko topaketa batean parte hartuko du.
  • Topaketa urriaren 22tik 24ra bitartean izango da, Bilbon. Iñigo Urkullu lehendakariak Lehendakaritzan hartuko du Ipar Irlandako ordezkaritza, asteartean, hilaren 21ean.

Ipar Irlandako eta SEUPBko (EBko Programa Bereziak Kudeatzeaz Arduratzen den Erakundea) adituz osatutako ordezkaritza bat Euskadira etorriko da datorren astean, Euskadiko hainbat erakunde-arduradun eta gizarte-eragilerekin bilerak egiteko, Europako bake eta bizikidetza arloko egitasmoetan elkarlanean aritzeari begira.  Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzak antolatu du topaketa.

SEUPB Europako Batzordeko erakunde bat da eta Peace Programme kudeatzeaz arduratzen da; hau da, Europako Gizarte Funtsen barruko Ipar Irlandako –Irlandaren eta Eskoziako Mendebaldearen arteko mugako eskualdea– bake- eta adiskidetze-programetako bat kudeatzeaz.

Aurtengo urtarrilean Eusko Jaurlaritzako eta SEUPBko ordezkariek Belfasten topaketa bat egin ondoren dator bisita. Topaketa hartan, euskal ordezkaritzak bertatik bertara ezagutu ahal izan zituen Ipar Irlandan Europako erakundeen babesarekin gauzatzen ari diren bizikidetza sustatzeko egitasmoak.

Oraingoan, Irlandako ordezkaritza, SEUPBko zuzendari exekutibo Pat Colgan buru duela, Urkullu lehendakariarekin bilduko da, asteartean, hilaren 21ean, eta 22tik 24ra Bilbon egingo den topaketa batean parte hartuko du. Topaketaren helburua honako hau da: Irlandan eta Euskadin parteka daitezkeen interes komuneko proiektu zehatzak identifikatzea, 2014-2020 aldirako Peace Programme IV-ra aurkezteko. Programa horrek barne hartuko dituen egitasmoei eta funtsei buruzko erabakia datozen hilabeteetan hartuko da.

Lan-jardunaldietan, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek parte hartuko du, bakearekin eta bizikidetzarekin lotutako arlo zehatzetan lan egiten duten hainbat erakunderekin batera. Irlandaren aldetik, aurreko Peace Programmen esparruan bizikidetza sustatzeko proiektuak sustatzen ari diren SEUPBko arduradun eta gizarte zibil antolatuko ordezkari talde batek parte hartuko du.

Jardunaldietako egitarauak lan-saioak eta bisita tematiko eta kulturalak  bateratzen ditu: lan-saioak goizez izango dira, Euskalduna jauregian; bisitak, berriz, arratsaldez.

 Ipar Irlandako ordezkaritzaren etorrera Bake eta Bizikidetza Planeko 9. Ekimenaren barruan sartzen da; «Europar Batasunarekiko lankidetza-ildoak bultzatzea» da ekimen horren xedea, hain zuzen.  Atal horretan, zera adierazten du esplizituki: «Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Plan hau garatu nahi du Europar Batasunarekin komunikazioan, koordinazioan eta elkarlanean jardunda». Horrez gain, honako hau jasotzen du: «Bakearen eta bizikidetzaren arloan antzeko interesak dituzten Europako beste eskualde batzuekin batera elkarlanean jarduteko gune bat sortzea sustatuko du».

Zehazkiago, planaren irizpideetako bat «PEACE Programaren Europar Batasuneko eta Ipar Irlandako arduradunekin elkarlanean jarduteko guneak sortzea» da. Horrela, jarduera-ildo horrek Bake eta Bizikidetza Planeko 9. Ekimeneko hiru helburuak bideratuko ditu:

·Bakearen eta bizikidetzaren inguruan Euskadin lortu nahi den helburua Europar Batasunean proakti­boki parteka dadin lortzea.

·Europar Batasunarekiko lankidetza-esparru praktiko bat antolatzea, bakea finkatzeko eta bizikidetza-kultura berri bat sustatzeko.

·Bakearen eta bizikidetzaren eremuan politika espezifikoak garatzen ari diren Europako beste eskualde batzuekin esperientzia erabilgarriak trukatzeko aukera ezartzea.

Esperientziak eta ikasbideak trukatuz elkarri onura egitea da helburua. Alde batetik, Europako bake eta bizikidetza arloko esperientziek euskal errealitatean isla baliagarria izatea lortzea. Beste alde batetik, Euskadin hezkuntza, gazteria, udal, unibertsitate edo herri-partaidetza arloetan, besteak beste, egiten diren jarduerek Europar Batasunean hedapena eta trukerako gune partekatu bat izan dezaten ahalegintzea.

2 iruzkin
  • @lauaxetaikastol
    2014.eko urriak 20

    Comentario de Twitter:
    Delegación de Irlanda se acerca a conocer #Plan de #Convivencia de #LauaxetaIkastola:
    http://t.co/3tflgjjdUb

  • @lauaxetaikastol
    2014.eko urriak 20
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak