Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintza eta Portugalgo Polizia batera arituko dira Athleticen partiduaren segurtasunean

2014.eko urriak 16
Ertzain talde bat Oportora joango dira euskal zaleen segurtasuna bermatzeko
 
Ertzain talde bat, ekitaldi handietako babes-dispositiboetan adituak direnak, Portugalera joango dira FC Portok eta Athleticek hilaren 21ean, asteartean, Do Dragao estadioan jokatuko duten Txapeldunen Ligako norgehiagokaren segurtasuna bermatzeko. Ertzainak Portugalgo Poliziarekin batera arituko dira Euskaditik joango diren zaleen segurtasunean, funtsean.
 

Athleticeko zuzendariek eta Bilboko ertzain-etxeko arduradunek Ibaiganen egindako bileretan erabaki zuten Ertzaintzaren kideak Oportora bidaiatzea hurrengo astean, FC Portok eta Athleticek jokatuko duten partidua dela eta. Agenteak adituak dira mota honetako ekitaldiak koordinatzen, eta taldearen, zuzendarien nahiz Do Dragao estadiora joango diren zaleen segurtasuna gainbegiratu beharko dute. Partidua urriaren 21ean jokatuko dute, asteartean.

Athleticen partiduen segurtasuna koordinatu ohi duen ataleko ertzain batzuk joango dira Portugalgo aipatu hirira, bertako poliziei han bertan laguntzeko, eta segurtasun-dispositiboan laguntzeko. Gainera, harremanak egingo dituzte bertan, azaroaren 5ean San Mamesen jokatuko den bueltako partiduaren segurtasuna bermatzeko.

2.700 euskal zale Porton

Aurreikusita dagoenez,Athleticen 2.700 zale joango dira gutxienez Portoko estadiora; hortaz, Ertzaintzak egunak daramatza bi taldeekin eta Porto Poliziarekin batera koordinazioa lantzen, gehieneko segurtasun-mailak betetzeko. L

Zale zuri-gorriak «Moche» goiko tribunako 47, 48, 49 eta 50 sektoreetan egongo dira, eta estadioko 19 eta 20 ateetatik sartu beharko dute.

Ibilgailuz joango diren zaleentzako sarbiderik egokiena Portoko ingurabidea da (VCI errepidea), A-1, A-3 eta A-4 autobide portugaldarrekin konexioak dituena. Ibilgailu partikularretan eta autobusetan joango direnak A-3 autobidetik sartuko dira Portugalera. Trenez joanez gero, distantzia handiko trenak Campana Portoko geltoki nagusira iristen dira, eta hori lotuta dago estadioarekin metro eta autobus bidez. Sa Carneiro nazioarteko aireportua hiritik 15 kilometrora dago, eta konexio zuzena du estadioarekin metro eta autobus bidez.

Porton bertan, metroz joan daiteke Do Dragao estadiora (geltoki batek estadioaren izena du), edo autobus publikoan, dela 401 zenbakikoan (Aliados hiribidean jaitsi behar da), dela 402 zenbakikoan (Boa Vista biribilgunean jaitsi behar da). Bi geltokiak estadiotik gertu daude.

Gomendioak

Portugalgo Poliziak zenbait gomendio helarazi dizkio Ertzaintzari, euskal zaleei jakinarazteko. Horien arabera, zale zuri-gorrientzako gune lasai eta seguruenak Aliados hiribidea, Plana Nagusia, Askatasunaren plaza, Portoko Erribera (Duero ibaiaren pasealekua) eta Erriberaren plaza dira. Toki horietatik aipatutako metroz edo autobusez joan daiteke estadiora.

Gainera, gogorarazten dute estadiora sartzeko eta bertan egoteko araudia zorrotza dela: beste neurri batzuen artean, debekatuta dago estadiora ikusleen osotasun fisikoa arriskuan jar dezaketen objektuekin sartzea, bai eta alkoholaren edo drogen eraginpean sartzea ere. Horrez gain, ezin da estadioan erre, bai ordea horretarako adierazitako guneetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko