Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak iragarri duenez, 2020. urterako Euskal Herriko Unibertsitatean irakasleen %20 nazioartekoa izatea lortu nahi da

2014.eko urriak 23

UNIBASQ Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren III. Sinposioaren amaieran, Itziar Alkortak “Unibertsitate Plan berriaren helburu nagusitzat” jo du, “zaila baina egiteko modukoa”

Jardunaldia gaur egin da Bilboko Euskalduna jauregian, adituen eta Euskal Unibertsitate Sistemarekin lotutako pertsonen parte-hartzeaz, eta unibertsitate-erakundeak nazioartekotu beharra izan du ardatz

Unibasq ENQA Goi-Mailako Irakaskuntzan Kalitatea Bermatzeko Europar Elkarteko eskubide osoko bazkidetzat onartu berri dute

Itziar Alkorta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak euskal unibertsitateari dagokion asmo handiko jomuga iragarri du gaur: “2020. urtean, irakasleen %20 nazioarteko irizpideen arabera kontratatutakoa izatea”. Alkortak zehaztu duenez, xede hori —“zaila baina egiteko modukoa”— “Eusko Jaurlaritza luze gabe onartuko duen Unibertsitate Plan berriaren helburu nagusia” izango da. Albistea, UNIBASQ Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak, nazioartekotzeak goi-mailako hezkuntzari dakarzkion aukerei buruz antolatutako III. Sinposioaren amaierako ekitaldian jakinarazi da.

Sailburuordeak adierazi duenez, ikasleen nazioartekotzea —Boloniako Prozesuak bultzatutako Erasmus programak bezalako neurrien bitartez— “Eusko Jaurlaritzaren helburu estrategikoa izan da, eta horri esker, aurrerapen handia lortu da mugikortasunari dagokionez, baina beste aurrerapauso bat eman behar da, irakasleen mugikortasunari aurre egin ahal izateko”. Alkortaren esanetan, Unibertsitateak “naturaz eta izaeraz, nazioartekotutako esparrua izan behar du, ‘ONU txiki bat’ alegia, eta horren haritik, aintzakotzat hartu behar da honek Euskal Unibertsitate Sistemari ekarri dion aurrerakada, azken urteotan bikoiztu egin baitu beste unibertsitate batzuekin batera landutako ekoizpen zientifikoa”.

Sailburuak Bilboko Euskalduna Jauregian egin ditu gaur adierazpen horiek guztiak, Unibasq-ek antolatutako “Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea: Nazioartekotzearen aukerak” izenburuko Sinposioaren amaierako ekitaldian. Euskadiko, Espainiako eta nazioarteko goi-mailako erakundeekin lotutako aditu eta pertsonek parte hartu dute topaketa honetan, unibertsitate-erakundeak nazioartekotu beharra ardatztzat hartuta.

Jardunaldiak bildutako ondorioen artean, Javier Alonso Aldama Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate zuzendariak nazioartekotzea behar-beharrezkoa dela azpimarratu du, baina hainbat ikuspuntutatik aurre egin behar zaiola ohartarazi du, ikasleak, irakasleak eta Unibertsitatearekin lotutako beste eragile batzuk kontuan hartuz. Alonsok sinposioko partaideek aipatutako beste bi ideia ere nabarmendu ditu: alde batetik, atzerriko ikasle eta irakasleak jasotzearen onurak, lan egiteko beste modu batzuk eta beste ikusmolde batzuk ekartzen dituztelako gure unibertsitateetara. Eta bigarrenik, ikasleei beste herrialde batzuekiko mugikortasun eta trukaketa programetan parte hartzeak dakarzkien aberastasuna eta balio erantsia, irakaskuntzaren ikuspuntu soiletik nahiz norberaren heltze-prozesutik begiratuta.

Topaketan, hainbat agerraldi eskaini dituzte Guy Haug Unibasqeko Gobernu Kontseiluko kideak, Pello Salaburu UPV/EHUko errektore-ohi eta unibertsitate-sistemen analistak, Rafael Llavori ANECA espainiar agentziaren ordezkariak eta Londresko Institute of Education-en lan egiten duen José-Ginés Mora adituak. Jardunaldiaren bigarren zatian, nazioartekotze-prozesuetako protagonisten iritziak bildu dira Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate zuzendariak gidatutako mahainguru batean. Bertan izan dira, Guillermo Martínez Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza-graduatua, Iván Navarro Txileko Akredita Q.A. Akreditazio-Agentziako direktorioko presidentea, Iker Usabiaga Soraluce E. Koop.-ko (Danobat Group) Giza Baliabideen zuzendaria, Charles Pinto Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Nazioarteko Harremanetarako zuzendariordea eta Inés Sánchez CREUP Unibertsitate Publikoetako Ikasleen Ordezkarien Koordinakundeko Europar Gaietarako presidenteordea. Jardunaldiaren itxieran, Unibasq-eko zuzendari Juan Andres Legarretak eta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Itziar Alkortak parte hartu dute.

Nazioartekotzearen beharra eta honek planteatzen dituen erronkak
Unibertsitatea nazioartekotzea behar-beharrezkoa da, baita ikasleek gaitasunak hartzea ere, esparru horretara molda daitezen. Orain arte, Euskadin, helburu horri begira, etorkizunari aurre egiteko ondo egituratutako estrategia behar duten zenbait ekimen abiarazi dira. Nazioarteko egungo testuinguru aldakorrean, gero eta handiagoa da ikasleen mugikortasuna, baita unibertsitateen arteko lankidetza ere, baina lehiakortasuna, prestakuntzaren merkaturatzea eta irabazi-asmoa duen ezagutza ere areagotu dira.

Nazioartekotzea zeharkako prozesua eta oinarrizko kalitate-faktorea da. Ikasleen kasuan, nazioartekotzea zeharkako gaitasunak, talde-laneko ohiturak eta beste leku eta errealitate batzuen inguruko ezagutza, enpatia eta harremana bereganatzean oinarritzen da. Unibertsitateen arteko eta enpresa-ehunarekiko lankidetza-premia ere sortzen da. Helburua, munduko leku desberdinetako unibertsitateen arteko interes-sinergiak bilatzea da, irakasle eta ikertzailerik onenak erakartzeko estrategiak ezarriz.

Nazioartekotzea delako kontzeptuak unibertsitate barruko egitura eta lan-moduen aldaketa sakona dakar, barruko kulturari eta bertan eskaintzen den prestakuntzaren azken helburuei eraginez. Gizarte global batean lehiatzea eta ikasleei nazioartean abalatutako gaitasunak ematea halabeharrezko helburua da jadanik nazioarteko ikuspena eta aitorpena lortu nahi duen edozein unibertsitate-sistemarentzat; gaitasun horiek, bestalde, ezinbestekoak dira unibertsitateen arloko kalitate-sailkapenetan ondo posizionatuta egon ahal izateko.

Unibasq: ENQAko kide bihurtu izanaren poza
Unibasq ENQA Goi-Mailako Irakaskuntzan Kalitatea Bermatzeko Europar Elkarteko eskubide osoko bazkidetzat onartu berri dute. Aintzatespen honi esker, hemendik aurrera, euskal unibertsitateetan ematen diren titulazio berriak ez dituzte Euskaditik kanpoko erakundeek ebaluatu beharrik izango. Garrantzi handiko aurrerapausoa da euskal agentziaren ibilbidean, 2009an erakunde garrantzitsu horrekin bat egin ahal izateko egokitze-prozesua abiarazi baitzuen.

Agentziak ebaluazio-taldeetan txertatuta dauzkan irakaskuntza arloko ehun bat profesionalen laguntza du. Iaz milioi bat euro inguruko aurrekontua izan zuen. Ebaluazioari, akreditazioari eta egiaztapenari dagokien jarduera osoa honako programa hauen bitartez gauzatzen du:

  • Irakasle eta ikertzaileen egiaztapena, Euskal Unibertsitate Sistemako lan-kontratuko plazetara eta unibertsitate pribatuko irakasle doktore lanpostura iristeko aukera izan dezaten.
  • UPV/EHUko irakaskuntza eta ikerketa arloetako langile iraunkorren ebaluazioa ikerketako ordainsari osagarriak (seiurtekoak) eskura ditzaten.
  • UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen ebaluazioa, Autonomia Erkidegoko ordainsari osagarriak eskura ditzaten.
  • Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako gradu, master eta doktoregoko titulu-proposamenen ebaluazioa, Eusko Jaurlaritzak onarpenerako aldez aurreko txostena plazara dezan.
  • Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako gradu, master eta doktoregoko titulazioen ezarpenari jarraipena egitea.
  • Unibertsitate arloko eskumenak dituen Sailaren eta Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen arteko programa-kontratuen ebaluazioa Unibertsitate Plana garatzeko.
  • AUDIT – Euskal Unibertsitate Sistemako ikastetxeen kalitatearen barne berme-sistemak ebaluatu eta ziurtatzea.
  • DOCENTIA – unibertsitateei irakasleen jardueraren ebaluaziorako prozedura propioak diseinatzen laguntzea.

III. SINPOSIOA UNIBASQ PROGRAMA

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @kaiaformacion
    2014.eko urriak 25

    Comentario de Twitter:
    RT @bilbaometropoli: Viceconsejera educación anuncia propósito d alcanzar 20% d profesorado internacional en Universidad vasca para 2020 h…

  • @bilbaometropoli
    2014.eko urriak 24

    Comentario de Twitter:
    Viceconsejera educación anuncia propósito d alcanzar 20% d profesorado internacional en Universidad vasca para 2020 http://t.co/RwaXT2xUV3

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)