Berriak Segurtasuna

Hainbat ertzainek parte hartuko dute Emakundek antolatutako IX. Berdintasunerako Gunean

2014.eko urriak 16
Informazio-saioak emango dituzte genero-indarkeriaren aurrean Ertzaintzak dituen jarduera-protokoloak azaltzeko
 
Emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako delituak prebenitzen eta borrokatzen lan egin ohi duten hainbat ertzainek parte hartuko dute aurten IX. Berdintasunerako Gunean. Emakundek bultzatzen du aipatutako foroa gizartean berdintasunarekin lotutako balioak zabaltzeko. Ertzaintzak hainbat informazio-saio emango ditu EAEko zenbait udalerritan indarkeria sexistaren aurkako jarduera-protokoloak ezagutarazteko.
 

«Berdintasunarekin aurrera goaz. Eman pausua» goiburua izango du Berdintasunerako Gunearen 2014ko edizioak; Emakundek sustatu du, martxoaren 8an ospatzen den emakumeen nazioarteko eguna dela eta.

Ospakizun horren barruan, Ertzaintzako zenbait agente elkarlanean arituko dira aurten Emakumearen Euskal Erakundearekin. Hala, informazio-hitzaldiak emango dituzte EAEko sei udalerritan, genero-indarkeriako kasuetan nola jarduten duten gizartean ezagutarazteko. Ertzain horiek, gizon zein emakume, indarkeria sexistako auziez arduratzen dira egunero ertzain-etxeetan, eta esperientzia handia dute eginkizun horietan.

Genero-indarkerien biktimei arreta emateko ertzain-etxeetan erabiltzen duten protokoloaren nondik-norakoak azalduko dituzte saioetan; horrez gain, arrisku-mailaren banako balorazioak egiteko zer urrats egiten dituzten (EHUrekin elkarlanean prestatutako baremoa aplikatuta) eta biktimen babes pertsonalerako neurriak hartzeko zer irizpide jarraitzen dituzten ere azalduko dute.

Saio horiek EAEko geografian hedatzen lagunduko du unitate mugikorrak («egoitza ibiltaria»); berria izango da aurten unitate hori, Gunearen antolatzaileek berau jarri baitute horrekin elkarlanean aritzen direnen esku. Horri esker, biztanle-gune handietatik urruti dauden udalerrietara iritsiko dira saioak, era horretako informazioa eskuratzeko aukera gutxien izan ohi dutenetara.

Emakundek zein Ertzaintzak arazo horretaz ohartzera animatu dute gizartea, haren ondorioek gizarte osoan eragiten baitute; halaber, irtenbideak bilatzea xede duten ekimen guztietan modu aktiboan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, bereziki prestakuntzako ekimenetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko