Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

60.000 gida prestatu dituzte adinekoentzat, zahartze aktiboa izateko jarraibideekin

2014.eko urriak 15

Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailek adinekoen zahartzaro aktiboari eta osasuntsuari buruzko 60.000 gida editatu dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz, adinean aurreratuta dauden adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko eta bizi-itxaropena luzatzeko asmoz

 

Gidak urriaren 17n hasiko dira banatzen 2014ko Nagusi Ferian. Horrez gain, interesa duten guztiek Osakidetzako osasun-zentroetan eta anbulatorioetan, zahar-egoitzetan, erretiratuen elkarteetan etab. eskuratu ahal izango dituzte.

 

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Osasun Sailak «Zahartze aktiboari eta osasuntsuari buruzko gida» aurkeztu dute 2014ko Nagusi Ferian.  Gida honek informazio, gomendio eta ariketa praktikoak eskainiko ditu, nagusiek osasunari onura ekartzen dioten bizi-estiloak izaten laguntzeko. Zehazki, gidako kapituluetan hartzaileei ahalik eta gaitasun fisiko, mental eta sozial handienak izateko, baita autonomiarik eta bizitza propiorik handiena ere izateko jarraibideak eskaintzen zaizkie.

Enplegu eta Gizarte Politiketako eta Osasun Sailek gida hau batera egin dute eta 60.000 gida editatu dituzte euskaraz eta gaztelaniaz. Gida horiek zahar-egoitzetan, osasun-zentroetan eta anbulatorioetan, adinekoen elkarteetan, erretiratuen elkarteetan eta adinekoekin nolabaiteko harremana duten erakundeetan edo instituzioetan banatuko dira. Era berean, Osakidetzako, Osasun Saileko eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko webguneetan eskuragarri egongo da, baita Sail horretako Euskadi Lagunkoia ekimeneko webgunean ere.

 

Juan Mari Aburto sailburuak adierazi duenez, «gida honekin zahartzaroaren eta mendekotasunaren artean dagoen erlazioa gainditu nahi da». Gaur egungo bizi-itxaropenari esker, zahartzaroa bizitzako proiektu berri bat bezala plantea daiteke; beste ikuspegi batetik, beraz. «Gida honetan, osasun-aholkuez gain, bizitzako etapa berri hau modu konprometituan bizitzeko aholkuak ageri dira. Uste baitugu norberak bere ongizatea sortzen badu osasuntsu zahartzeko prozesuari on egingo diola», gaineratu du.

Bestetik, Jon Darpónek, Osasuneko sailburuak, azpimarratu du norberak bere osasuna zaintzeko inplikazioa izateak garrantzia duela «umetatik bizitzeko ohitura osasungarriak baditugu, ikaragarrizko mesedea egin diezagukete gure zahartzaroan». Hala ere, inoiz ez da berandu ariketa pixka bat egiten hasteko, osasungarriago jateko, harremanak egiteko, eta abarretarako. Luze bizitzeaz gain, garrantzitsuena, ondo bizitzea da, hau da, zahartzarora gaixotasunik gabe iristea; eta, horretarako, guztiok partaide izan behar dugu.

 

Bi sailburuek gaur goizean batera aurkeztu duten gida, adinekoei dagokienez, 2013 - 2020 Osasun-planeko ildo estrategikoen barnean dago, eta plan hori printzipio hauetan oinarritzen da:

1.           Euskadiko bizi-itxaropena luzatzea.

2.           Zahartzaro aktiboa sustatzea.

3.           Herritarren autonomia sustatzea, baita norberaren zaintzarako ere.

4.           Gizartean parte hartzea sustatzea.

5.           Laguntza soziosanitarioa indartzea.

6.           Prebentzioaren eta osasun-sustapenaren kultura garatzea.

7.           Zahartzaroari, kronikotasunari eta mendekotasunari buruzko ekintzak sustatzea.

«Nire gorputzaren zaintza» izenburua duen kapituluan, adibidez, elikadura osasungarriari, jarduera fisikoari eta sedentarismoari buruzko aholkuak ematen dira, baita gorputza zaintzeko, harreman sexualei buruzko, buru aktiboari, erorketen prebentzioari, istripuei eta botiken erabilerari buruzko aholkuak ere, besteak beste.

Bestetik, «Nire emozioen zaintza» izenburua duen atalean, bizitzan dugun jarrerari buruzko eta emozioek nahiz sentimenduek pertsonen osasun-egoeran duten eraginari buruzko gogoeta egiten da. Irakurleari jarraibide erraz batzuk eskaintzen zaizkio bizitzan jarrera positiboa izateko.

«Nire harremanen zaintza» izeneko kapituluan, nagusia zein ingurune sozialetan ibiltzen den garrantzitsua dela nabarmentzen da bere egoera emozionala, osasuna (oro har) eta ongizatea hobetzeko.  Horretarako, beste pertsona batzuekin harremanak ezartzeko eta bizitzeko aholku praktikoak ematen dira, eta parte-hartze sozialeko jarduerak proposatzen dira.

Azkenik, gidan adinekoen osasunarekin edo egoera sozioekonomikoarekin zerikusia duen zailtasunen bat izanez gero, zer egin eta nora joan adierazten da. Horretarako, lehendik Eusko Jaurlaritzak hala behar duten nagusiei eskaintzen dizkien baliabideak erabiliko dira, esaterako, Telelaguntza («Beti on»), etxeko laguntza-zerbitzua, eguneko egoitzak, aldi baterako egoitzak, ohikoaz bestelako bizitokiak (tutoretzako etxebizitzak edo apartamentuak), baita osasun-zentroak ere; eta horrez gain, hiru lurraldeetan aholku sanitarioaren telefonoak eta berehalako arreta izateko larrialdietako zerbitzuak eskaintzen dira.

 

EUSKADIKO ADINEKOAK

Euskadiko piramide demografikoaren arabera, 64 urtetik gorako herritarren gehikuntza nabarmena izango da 2020an, 2005. urtearen aldean 110.000 adineko gehiago egongo baitira. Adinekoak 2005. urtean herritarren % 18,5 ziren; aldiz, 2020an, % 22,5 izango dira. Euskadin gero eta pertsona gehiago daude patologia kroniko eta konplexuagoekin. Gaur egun euskal herritarren % 38k dagoeneko gaixotasun kronikoren bat du, eta 2040. urterako kronikotasun-arazoak dituzten 65 urtetik gorako pazienteen kopurua bikoiztu egingo dela uste da.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @mikel_uriguen
    2014.eko urriak 17

    Comentario de Twitter:
    RT @Innobasque: 60.000 guías ponen en las manos de los mayores pautas para el envejecimiento activo http://t.co/GfOBh2DDcb #Lagunkoia #salud

  • @Innobasque
    2014.eko urriak 16

    Comentario de Twitter:
    60.000 guías ponen en las manos de los mayores pautas para el envejecimiento activo http://t.co/GfOBh2DDcb #Lagunkoia #salud

Komunikabideek behera kargatzeko