Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2014/10/17)

2014.eko urriak 17

Eusko Jaurlaritza kontrolatzeko osoko bilkuran egindako galdera eta interpelazio guztiei erantzun die Iñigo Urkullu lehendakariak.

Galdera, Diana Carolina Urrea Herrera EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, pobreziaren feminizazioari buruz.

DBE eta bestelako laguntzen bitartez 28.000 familiaren pobrezia-egoera arintzeko lanean ari dela Jaurlaritza adierazi du Urkullu lehendakariak. Urkulluk azaldu duenez, bakarrik dauden edo ardurapean seme-alabak dituzten emakumeek osatuta daude familia horien % 43. DBEri esker emakume horiek bazterketa- eta pobrezia-egoeran ez daudela adierazi du lehendakariak.

Horiek horrela, gizarte-politiken zilegitasunaren alde agertu da, eta salbuespena osotasuntzat hartuta proposamen demagogikoak egiteari uzteko eskatu du.

Interpelazioa, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzak, 2014ko uztailaren 7an publizitate instituzionala kontratatzerakoan egindako ilegaltasunei buruz Legebiltzarrak onartutako agindua betetzeari buruz.

Publizitate instituzionalari buruzko zuzenketa transakzionala zela-eta uztailaren 7an Diputazio Iraunkorraren aurrean egindako agerraldian iragarritako neurriak Eusko Jaurlaritzak zehatz-mehatz bete dituela esan du Urkullu lehendakariak.

Bost konpromiso dira:

  1. Gardentasuna: informazio gehiago ematea zen helburua, eta txostena urtean behin egitetik lau hilean behin egitera igarotzea, babesletza-gastuak ere barne hartuta. Neurri hori bete egin dutela baieztatu du Urkulluk.
  2. Prozedura hobetzea: lehendakariak proposatu zuen Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordeak babesletza-kontratu guztiak onartzea. Bete egin da.
  3. Kontrola: Lehendakariak aurreratu zuen Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordeak errakuntza edo nahasmendua sor zezaketen babesletza guztiak aztertuko zituela. Hori ere bete egin dute, Urkulluren arabera.
  4. Kode etikoaren batzordea: batzorde horrek txostenaren bi eskaera jaso ditu; bata Jaurlaritzaren aldetik, eta bestea Legebiltzarraren aldetik. Txosten horiek, lehendakariaren iritziz, legebiltzarkide guztien esku daude.
  5. Justiziaren esku: Prozedura judiziala zabalik dagoela esan du Urkulluk, eta eskatutako agiri guztiak igorri dituela Jaurlaritzak gaineratu du.

Azkenik, lehendakariaren iritziz Justiziak argitu behar du legearen kontra jokatu duten.

Interpelazioa, Txarli Prieto San Vicente Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Mariano Rajoy Brey Gobernuko presidentearekin egindako bilerari buruz.

Espainiako gobernuarekin harreman ona eta elkarrizketa izatearen alde dagoela oraindik adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak, hainbat bileretan azaldutako gaiei buruz erantzunik eman ez duten arren. (Azkena irailaren 15ean). Gai horien artean ekonomiak du berehalako lehentasuna, lehendakariaren ustez, eta ondoren bakea eta bizikidetza zein autogobernuan aurrera egitea daude.

Lehendakariak esan duenez, abenduaren 31 izango da akordio horiek legegintzaldi honetan lor daitezkeen jakiteko azken eguna, orduan onartuko baitira Mariano Rajoyren azken aurrekontuak. Halaber, datorren urterako kontuen proiektuan kupoaren likidazioari buruzko akordiorik ez dagoela esan du lehendakariak, ezta Estatuak Euskadiko hainbat inbertsiori buruz hartutako konpromisoak gauzatzeko zuzkidura nahikorik ere (besteak beste, abiadura handiko trena eta Foronda egun osoz irekitzea).

Rajoy presidenteak epe laburrari begiratzen diola gaitzetsi du lehendakariak, eta elkarrizketaz mintzatu arren ez duela praktikan jartzen, Eusko Jaurlaritzak eskua luzatuta badu ere.

Galdera, Bixen Itxaso González Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, lehendakariak manifestari batzuekin izandako eztabaidari buruz.

Grebarako eta manifestaziorako eskubidea errespetatzen duela adierazi du lehendakariak, eta onartu du oker bat izan zela manifestariei buruzko adierazpena.  Haien kexei dagokienez, lehendakariaren eta Jaurlaritzaren politika publikoekiko konpromisoa nabarmendu du, zehazki enplegu publikoarekin. Enplegu publiko estrukturalari eutsi diotela esan du Urkulluk (67.000 funtzionario).

Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, ETAko presoak birgizarteratzeko planari buruz.

Hitzeman programa, Bake eta Bizikidetza Planaren barruan, preso dauden pertsonak gizarteratzeko legezko prozesuak laguntzeko bide bat dela azaldu du lehendakariak eta, Urkulluren iritziz, bat dator Konstituzioan jasotako gizarteratzeko printzipioaren espirituarekin eta edukiarekin. Eusko Jaurlaritzak hartutako honako konpromiso hauei erantzuten die programa horrek: iragana argitzea, gertatutakoaren memoria kritikoa eta biktimei dagozkien egia, justizia eta ordainerako eskubideak, besteak beste.

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2014.eko urriak 20

    pues me alegro muchisimo @iurkullu me ha gustado que tengas cuidado

  • @GetxoEAJ
    2014.eko urriak 20

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Pleno de Control al Gobierno Vasco http://t.co/tWgSas7aK3

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)