Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadi Afrikara hurbilduko du

2010.eko ekainak 02

Eusko Jaurlaritzak ekimen honen alde egin du "Afrika ulertu nahi dugulako eta Euskadira hurbildu nahi dugulako"

"Afrika bizirik" Afrika eguna ospatzeko jaio da eta, lehenengo aldiz, Euskadira iritsi da ekitaldi programa zabal batekin, ekainaren 1etik uztailaren 1era. Afrikaren Eguna adela-eta (maiatzaren 25a) Afrikako Etxeak hainbat jarduera antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzaz, eta programa gaur goizean aurkeztu dute, Bilbon. "Afrika Bizirik" izena du. Jarduera-programa zabala da, ekainaren 1ean hasi eta uztailaren 1ean amaitzen da, eta Euskadira iristen den lehenengo aldia da.

Programaren aurkezle-lanetan ibili dira: Kanpo Ekintzako idazkari nagusia, Guillermo Echenique; Europar Batasunerako eta Kanpo Ekintza Koordinatzeko zuzendaria, Irune Aguirrezabal; eta Afrikako Etxeko programazio-zuzendaria, Ainhoa Fábrega.

Eusko Jaurlaritzak baliatu nahi izan du Euskadin "Afrika bizirik" ospatu ahal izateko aukera proiektuan laguntzeko eta aktiboki parte hartzeko. Parte hartze honen helburua da "Afrika erakundeetara eta pertsonengana hurbiltzea ikuspuntu global batetik". Guillermo Echeniqueren hitzetan, Euskadi egoki kokatu behar dugu herrialde horietan sor daitezkeen erronkei aurre egiteko eta euskal industria ehunak horretan parte hartzeko.

Hona iritsi baino lehenago, hainbat lekutan izan da, eta arrakasta handia izan du denetan: Palma Mallorcakoan, Bartzelonan, Cáceresen, Sevillan, Cádizen, Tarifan, Huelvan, Madrilen, Las Palmas Kanaria Handikoan, eta Santa Cruz Tenerifekoan. Afrikako 17 estaturen independentzia ospatzeko da berez (50. urteurrena), baina aukera polita izango dugu afrikar jendearekin berarekin gure auzo-kontinente horren errealitateaz eta etorkizunaz gogoeta egiteko ere.

Eusko Jaurlaritza lanez parte-hartzen

Eusko Jaurlaritzak ahalegin handia egin du Afrikako Etxea ekimenean; ahalegin berezia egin ere ekonomia-arloan, elkartegintzan eta boluntario-lanean. Negozioetarako panorama Saharaz beherako Afrikan programaren bidez, ekonomia landu nahi izan dugu bereziki, Afrikan indarra hartzen ari diren ekonomiei buruzko informazioa emateko euskal enpresariei. Goizper, Amilibia eta De La Iglesia, Inkoa eta Irizar enpresek inguru horretan zer inbertsio eta nola egiten dituzten azalduko digute.

Afrika bizirik ekimenak gurekin bizi diren afrikarrei begira jarri nahi gaitu, eta elkarteen topaketa bikaina antolatu du horretarako Ellakuria Zentroan. Topaketa horretan mahai-ingurua egingo dugu; boterea hartzea, lidergoa, afrikarren elkarteek Euskadin daukaten egoera eta beste hainbat gai jorratzeko aukera izango da, elkarteen arteko ekintza bateratua nola indartu asmatu nahian, ahots bakar bezain ozenaz defenda ditzaten beren interesak.

Afrikan lan egiten duten euskal GGKEak izango dira protagonista nagusiak Afrika garatzeko elkarlana: hausnarketarako gaiak izeneko jardunaldian. Topaketa horren helburua da zenbait gai argitara ateratzea euskal GGKEk Afrikako herrialdeetan egiten duten lanari buruz gogoeta egiteko, arreta berezia jarrita generoaren ikuspegiari. Bestalde, hemen bertan, euskal gizartean, lana artikulatzeko eta koordinatzeko ekimen eta espazioak bistaratzeari ere emango diogu behar duen tartea.

Nazio Batuak Afrikan: erronkak eta itxaropenak mintegiaren bitartez, herrialde afrikarren egoerak Nazio Batuen agendan daukan pisua nabarmendu nahi da, eta agerian jarri mekanismo egokiak eta bereziak jarri behar direla lanean Afrikan, oraindik ere erronka asko baitituzte mendean hartu beharrekoak.

Bilboko jarduerak

Bilboko jarduerei hasiera emateko, Angèle Etoundi Essamba argazkilariaren argazki erraldoi batzuen erakusketa egongo da; izenburua beloaz haratago da, beloari begiratzeko modu berezia ageri duelako. Argazkiok 2,5 metro garai diren egitura gisa erakutsiko dira, Abandoibarrako pasealekuan.

Afrikako herrialdeen independentziei buruzko zinema-zikloa ere Bilbon izango da. Ekainaren 3, 4 eta 5ean, FAS zineklubean hainbat film ikusteko aukera egongo da. Hilaren 5ean, larunbatean, dantza garaikideko ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da Arriaga plazan, 18:00etatik aurrera; kaleko ikuskizuna izango da, eta dohainik.

Ekainaren 10ean, Afrika bizirik programari esker, literaturaz eta mundu osoan arrakasta izan duen Afrikako dantza-ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Verónique Tadjo idazle madrildarrak hitzaldia emango du, Afrikako idazkerak izenburu hartuta; Afrikako literaturaren imaginario aberatsean barneratzeko aukera eskainiko digu. Arratsaldeko 20:00etan, Campos Eliseos antzokian, Jant Bi konpainiak Waxtaan lana aurkeztuko du.

Gasteizko jarduerak

Gasteizko jarduerak ekainaren 1ean hasi dira, asteartean, Guridi Zinemetako zinema-ziklo baten bidez. Afrikari buruzko hainbat film eta dokumental ikusteko aukera egongo da, kontinente horretako zenbait herrialderen independetzia-prozesuak gai dituztela.

Ignazio Aldekoa kultur-etxean Afrikako literatura onenaren berri izango dugu, bertan izango baita Véronique Tadjo, Boli Kostako poeta, eleberrigile eta margolaria; bere lanari buruz hitz egingo digu (sari ugari jasotakoa, bide batez esanda).

Bukatzeko, dantza garaikideko lehen mailako ikuskizuna ikusteko aukera ere izango da Gasteizen, ekainaren 11n; Burkina Faso-ko Auguste-Bienvenue konpainiaren koreografiak izango dira, eta Traces deituriko duo bat erakutsiko dute "Hegoalde" gizarte-etxean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Guillermo Echenique