Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Labela duen Arabako patatarentzat kanpaina on bat espero da bai kopuruz eta bai kalitatez ere

2014.eko urriak 10

Aurten baldintza meteorologiko onak izan ditugu eta Eusko Label kalitate-bereizgarriaren bidez identifikatutako kiloak gehiago izango dira.

Produktu hau apirilaren erdialdera arte merkatuan egotea aurreikusten da.

Eusko Labela duen Arabako Patataren denboraldi bete-betean aurkitzen gara eta aurreikuspenak ezin hobeak dira. Guztira, gutxi gorabehera 6 milioi kilo Patata egin dira eta ehuneko handi bat Eusko Label kalitatearen bereizgarriarekin merkaturatzea espero da. Denboraldiko produktua dugu honakoa, eta kontsumitzaileek apirilaren erdialdera arte topatu ahal izango dute ohiko salmenta-tokietan.

Aurten, berritasun modura, patataz egindako oso errezeta baliagarriak eskainiko dituzte ontziek (patata-tortilla mikrouhin-labean 20 minututan, porrusalda... eta abar), eta smarphone edo tablet baten bidez poltsan inprimatua egongo den QR kodea eskaneatuz ikusi ahal izango ditugu errezetok.

Produktuaren ezaugarriak

Klimari, lurrari eta tradizioan oinarritutako lanari esker, gaur egun, Arabako Patata goren-goreneko kalitatezko elikagaitzat hartzen du kontsumitzaileak. Eusko Labelak, ezarritako kalitate-analisiak gainditzen dituzten patata-barietateak bakarrik babesten ditu. Ingurumenarekiko errespetu osoz erein, hazi eta bildu ondoren, patatarik onenak hautatzen dira elikagai osasungarria, homogeneoa eta kalitatezkoa eskaintzeko. “Arabako Patata” kalitatearen zigilua kalitate goreneko eskakizun jakin batzuk betetzen dituzten eta Ekoizle eta Teknikariek prestatutako Araudian definituta dauden patatei bakarrik ematen zaie; HAZI arduratzen da kontrolaz, ereiten denetik hasi eta hautatu eta ontziratzen diren arte prozesu osoa gainbegiratuz. Araudi hori HAZIren egoitzan dago.

Konpromisoa ingurumenarekin

Arabako Patata ekoizteaz eta merkaturatzeaz arduratzen den kooperatiba da UDAPA, eta nabarmentzekoa da ingurumenarekiko erakutsi duen konpromisoa.

UDAPAk denbora luzea darama eginkizun horretan egokitu zaion erantzukizuna bere gain hartzen, eta hala, baliabideak aurreztea eta negutegi-efektua duten gasak (NEG) murriztea ahalbidetzen duten teknologiak ekartzen ditu, prozesuaren eta produktuaren kontrolerako datuak automatizatzen ditu, barazki-fruten industrian energia-aurrezpenerako kontu-ikuskaritzak egiten ditu eta ingurumenari kalterik egiten ez dioten landa-lurreko jarduerak aplikatzen ditu.

Konpromiso horri esker, 2010. urtean gizarte-erantzukizunezko kooperatibaren lehen saria jaso zuen ingurumenaren alorrean, Espainiako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Konfederazioak emana.

Horrez gain, 2011. urtean San Prudencio Lan Fundazioaren sarietan ere lehen saria eskuratu zuen ingurumenaren alorrean, uraren aurrezpenarekin loturiko jardunbide on horietako bati esker.

Era berean, Enpresentzako Ingurumenaren Europako Saria eman zioten Euskadi 2011/2012 Atalean, Garapen Iraunkorrerako Kudeaketan; eta accesit bat erdietsi zuen deialdi horretan bertan estatu mailan eta, halaber, sari horretako finalista izan zen Europan 2012. urtean.

Baina UDAPAk urrats bat gehiago egin du, eta berriro ere, aitzindari izan da gure sektorean, Karbono Arrastoa aztertuz. Hori kalkulatzeko, Eusko Labela duen Arabako Patataren prozesu guztia aztertu eta, barneratu du, ekoizpenetik hasita biltegiratu, kontserbatu, garbitu eta hautatu, paketetan bildu, kontsumitzailearenganaino banatu eta azken erabilera ematen zaion arte.

Esan beharra dago Eusko Labela duen patata-poltsa batek, lurrean ekoizten denetik kontsumitzailearen etxean zikloa amaitzen duen arte, hots, “sehaskatik hilobiraino”, neurtzen dela Karbonoaren Arrastoa, 3 kiloko poltsa bakoitzeko CO2e emisioak neurtuta, poltsa bakoitzeko 0,51 gramo CO2eq-ren baliokide izanik, eta kopuru hori oso murritza da beste jatorri batzuetakoak diren patatekin eta beste nekazaritza-ekoizpen konbentzional batzuekin alderatuta. Aipa dezagun, adibide modura, Kg bat gari ekoitzi eta kontsumitzailearenganaino eramateko, Eusko Labela duen patata kilo batek baino lau aldiz emisio gehiago behar direla.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)