Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Klima-aldaketaren aurrean Euskal Autonomia Erkidegoan bultzatu diren ekimenak azaldu ditu Pilar Unzaluk Bonnen The Climate Group Taldean

2010.eko ekainak 02

Bonn (Alemania), ekainak 2.- Klima-aldaketara egokitu eta ondorioak arintzeko Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den ekimenak azaldu ditu, gaur, Bonnen, Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak: besteak beste, Klima-aldaketaren EAEko Legearen aurreproiektuaren lanerako agiria eta mugikortasun jasangarria eta energia berriztagarriaren beste proposamen batzuk.

Gaur, klimaren inguruan eskualde mailan bultzatu diren esperientziak partekatu diren bilera batean, Euskal Autonomia Erkidegoa The Climate Group-eko kide egin da. Arlo publiko eta pribatuaren arteko lankidetzatik klima-aldaketaren inguruan lan egiten duen mugimendua da.

Pilar Unzalu, Nieves Terán Ingurumen sailburuordearekin eta Francisco Olarreaga Ingurumenaren Plangintzaren zuzendariarekin joan da Bonnera, eta uste osoa duela adierazi du "karbono gutxiko teknologiak ikertu, garatu edo aplikatzen ari diren erakunde, instituzio eta enpresen konpromisoa dela klima-aldaketari aurre egiteko politika publiko eraginkor batek izan behar duen oinarria bat".

Topaketa horretan, Klima-aldaketaren Legearen aurreproiektua lantzen Eusko Jaurlaritzak egin dituen urratsak azaldu ditu sailburuak. Datorren udan, beste erakunde eta jendarte-eragile batzuen ekarpenak bilduta, 2010eko azken hiruhilekoan Legebiltzarrera bidaliko den testu artikuluduna idatziko da.

"Lege hori EAEko jendartea eta ekonomia karbono gutxiago erabiliko duen eredu baterantz eraldatzeko tresna bihurtu nahi da: teknologikoki aurreratuagoa, lehiakorragoa eta enplegu-sortzailea. Klima-aldaketaren arloko eskumenen banaketa eta klima-aldaketara egokitu eta ondorioak arintzeko irizpideak eta helburuak arautuko ditu; eta mundu mailako arazo horren gainean jendartea sentsibilizatu eta informazioa zabaltzea bultzatuko du" zehaztu du.

Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan bultzatzen ari diren hainbat ekimen azaldu ditu: garraioaren arloan, CO2 isuriak mugatzeko (auto elektrikoa, trenbide bidezko garraioa edo mugaz haraindiko logistika-nodoa bultzatzea); energiaren arloan (eolikoa, termoelektrikoa, geotermia edo itsasoko olatuen energia baliatzea); edo lurraldea zaintzen.

Foroak Bonneko Adierazpena onartu du. Klima-aldaketari aurre egitean eskualdeek duten protagonismoa onartu dute bertaratu direnek; izan ere, BEG Berotegi-efektua eragiten duten Gasen isuriak murrizteko neurrien % 50 eta 80ren artean eskualde mailan hartuko direla uste da. Halaber, mundua berotzea mugatzeko hitzarmen formal bat idazteko eskatu zaie KANBEH Klima-aldaketaren gaineko Nazio Batuen Esparru-hitzarmeneko kideei.

Pilar Unzalu, aldez aurretik, Jane Davidson Galesko Ingurumen ministroarekin bildu da, azken horren eskariz. Harekin, zenbait gai jorratu ditu: CO2 isurien murrizketan krisiak duen eragina, eskualdeen dinamismoari eustearen garrantzia eta The Climate Group eta nrg4SD sarea bezalako beste foro batzuen arteko elkarlan-bideak finkatzeko beharra.

Eusko Jaurlaritza nrg4SD sarea sortu zuten kideetako bat izan zen, eta Lantalde Eragileko kide izan da etengabe. ENCORE Ingurumenerako Europako Eskualdeen Biltzarrean eta Europako Batasuneko Eskualdeetako Lantaldearen saioetan ere parte hartzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Unzalu