Berriak Lehendakaritza
Eu

Gizarte eta ekonomia gaietarako lehendakariaren Aholku Batzordeak bigarren lan bilera egin du

2010.eko ekainak 02

Bileran, batetik, Eusko Jaurlaritzak aurrezteko eta gastu publikoa arrazionalizatzeko hartu dituen neurriak eta, bestetik, Euskadiren Lehiakortasuna Etorkizunean eta Euskal Sektore Estrategikoak aztertu dira.

Aholku Batzordearen kideek 2030eko Euskadi Talentuaren Metropolia izan dadin lan egin behar dela adierazi dute.

Gizarte eta Ekonomia Gaietarako Lehendakariaren Aholku Batzordeak bigarren bilera egin du gaur, lehendakariaren zuzendaritzapean, joan den martxoan egindako lehen bileran aztertzeko geratu ziren bi gaiak jorratzeko:

  • Euskadiren Lehiakortasuna Etorkizunean

  • Euskal Sektore Estrategikoak eta horien Etorkizuna

Azken hiru hilabeteetan, bi lan-batzordeek arlo horiei buruzko dokumentazioa prestatu dute. Aztertu beharreko arlo bakoitzeko batzorde bat izan da, 22 eta 15 adituz osatutakoak, hurrenez hurren. Aditu horiek enpresa pribatuetako profesionalak, erakundeetako kideak eta landutako gaietan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako sailetako sailburuordeak izan dira. Lan-batzorde bakoitza hiru aldiz batu da Lehendakaritzan. Aholku Batzordearen osoko bilkuraren eztabaida lan-batzorde bakoitzak prestatutako dokumentazioan eta ondorioetan oinarritu da.

Era berean, adierazitako gai horiek aztertzeko prozesuan mundu osoan ospe handia duten eta, aldi berean, euskal ekonomiaren errealitatea oso ondo ezagutzen duten bi aholkularitza-enpresak parte hartu dute. Batetik, The Boston Consulting Group enpresak "Euskadiren Lehiakortasuna Etorkizunean" gaia aztertzen lagundu du, eta, bestetik, Deloitte enpresak "Euskal Sektore Estrategikoak eta horien Etorkizuna" izeneko arloan parte hartu du. Enpresa horiek lan-batzorde bakoitzak egindako hiru batzarretarako aldez aurreko azterketen dokumentuak prestatu dituzte.

Aholku Batzordeak gaur eginiko bileran, lehendakariak azaldu du, Eusko Jaurlaritzak aurrezteko eta gastu publikoa arrazionalizatzeko onartutako neurriak direla-eta, atzo Gobernu Batzordeak onartutako neurri-multzoa.

Ondoren, lehendakariak azpimarratu ditu datorren hogei urteetan gizarteak alor guztietan -teknologian, zientzian, gizartean eta ekonomikoan- biziko dituen aldaketak. Besteak beste, nabarmendu ditu ekonomian, gobernamenduan, bizimoduan, gizarte-harremanetan eta etorkinen integrazioan biziko ditugun aldaketa sakonak, eta, horiekin batera, etortzekoak diren munta handiko aurrerapenak zenbait arlotan, hala nola: osasunean, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan, hezkuntzan, ingeniaritzan, robotikan eta energian, besteak beste.

Lehendakariak azaldu duenez, gizarte berri baten sorreraren aurrean gaude. Hala, gizartea definitzen dituen ezaugarri gehienak izugarri eraldatuko dira, eta, 2030ean, 2010era begiratzen dugunean, gertuko iragana aspaldiko historiaren parte bat balitz bezala ikusiko dugu, ibilitako bidea egundokoa izango da-eta.

Orobat, lehendakariak aipatu du ekonomia globalari eragiten dioten makrojoera handiek bultzatutako eta dagoeneko sentitzen hasia garen aldaketa-bolada, eta zehaztu du ondorengo belaunaldien etorkizuna orain bolada horretan sartzean lortzen dugun arrakastaren baitan egongo dela.

Amaitzeko, lehendakariak esan du etorkizuneko Euskadi ate joka dugula oraingo Euskadin. Euskadi lehiakorra, kohesionatua, iraunkorra eta herritar askez osatua.

Ilusioz beteriko erronka euskal gizartearentzat, ideia liluragarri baten barruan:

Euskadi 2030

Talentuaren Metropolia

Metropoli egituratu bat, barnetik eta kanpoarekin azpiegitura fisiko eta digitalen sare trinko baten bidez hiperkonektatua egongo dena. Sareko metropoli bat.

XXI. mendeko administrazio publiko batek bultzatutako metropoli bat, bere maila bakoitza kudeaketa berritzailean eta eraginkorrean, bere eginkizunen gauzatzean eta zerbitzuak ematean oinarritutako lankidetza- eta kooperazio-sistema batean integratzen dituena. Gobernamendu bikaineko metropoli bat.

Metropoli bat non enpresak egokiro bideratuta eta uztartuta dauden nazioarteko merkatuetan. Metropoli globalki lehiakor bat.

Euskal gizartearen kapital sozial eta kulturalari balio desberdinak ekartzen dizkioten askotariko etorkia duten pertsonek osatutako metropoli bat, non kohesio soziala eta iraunkortasuna gizartearen gune eratzailearen parte diren. Herritar koerantzule eta libreen metropoli bat.

Azkenik, gure metropoliak hazteko, garatzeko eta etorkizunari berme osoz aurre egiteko aukera izan dezan, ezinbestekoa da talentua sortzeko, atxikitzeko, erakartzeko eta erabiltzeko gai izatea. Giza kapital zentzudun, berritzaile eta sortzailea, hau da, talentua, mundu globalizatuan dugun presentziaren aktiborik behinena. Giza talentu partekatuan, talentu sozialean, dago etorkizunaren gakoa.

Lehendakariaren hitzaldiaren ondoren, lan-batzorde bakoitzean iritsi diren hausnarketa eta ondorio nagusiak azaldu ziren:

Euskadiren Lehiakortasuna Etorkizunean gaiari buruzko lan-batzordea

Lehengo aztergaiari dagokionez, Aholku Batzordeak 9 makrojoera global identifikatu ditu. Hona datozen bi hamarkadetan Euskadiri eragingo dioten makrojoera horiek:

  1. Biztanleriaren zahartzea

  2. Konektibitatea gehitzea

  3. Fokua berrikuntzan, sormenean eta produktibitatean

  4. Globalizazioa

  5. Hezkuntza eta talentua, lehiarako abantaila moduan

  6. Mundu digitala

  7. Teknologia garbiak

  8. Iraunkortasuna eta gizarte-kontzientzia

  9. Gobernamendu-modu berriak

Beste alde batetik, makrojoera horien aurrean eskualde-ekonomia arrakastatsuen jarduera-ildo nagusiak aztertu ziren (Benchmark ikerlana). Honakoak dira kontuan hartutako eskualdeak: Baviera, Baden-Württemberg, Flandes, Massachussets, Florida, Dubai-Abu Dhabi, Taiwan, Singapur eta Victoria.

Horrek guztiak agerian utzi du hazkunde zentzuduna, iraunkorra eta bateratzailea bultzatzeko premia.

  • Zentzuduna, ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako ekonomia garatzen duelako.

  • Iraunkorra, baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzen dituen ekonomia, berdeagoa eta lehiakorragoa, sustatzen duelako.

  • Bateratzailea, enplegu maila handiko ekonomia sustatzen duelako, gizarte- eta lurralde-kohesioa bilatzen dituena.

Halaber, Aholku Batzordeak, etorkizunari begira, Euskadik izango dituen lehiakortasun-erronkak zehaztu ditu:

 

  1. Piramide Demografikoa modu eraginkorrean kudeatzea

  2. Herri Kontuen iraunkortasuna eta Euskal Administrazio Publikoaren arrazionalizatzea

  3. Euskadi energia-kudeaketan erreferente bihurtzea

  4. Lehiakortasun-neurri ezin hobea lortzea, internazionalizazioari begira

  5. Kultura eta ekintzaile izateko gaitasuna sustatzea

  6. Euskal sektore estrategikoetan "txapeldun" izaten jarraitzea, eta Erabakiak hartzeko Guneak bertan edukitzea

  7. Euskal zuzendariak kanpoan egonaldiak egin ditzaten, laguntza-politika indartsua garatzea

  8. Lan-harremanetarako eredu berria bultzatzea

  9. Berrikuntza sistemikoa indartzea

  10. Giza kapitalaren bikaintasuna lortzea

Euskal Sektore Estrategikoak eta horien Etorkizuna gaiari buruzko lan-batzordea

Jarraian, eta Euskadiren antolamendu ekonomikoa kontuan izanda, Aholku Batzordeak euskal ekonomiaren funtsezko sektore batzuen egungo eta etorkizuneko egoera aztertu du, batez ere industriaren eta zerbitzuen inguruko sektoreena.

Ildo horretan, Batzordeak hainbat sektoretako azterketa ez-baztertzailea egin du; euskal ekonomian esanguratsuak diren sektoreen mapa baten errealitate estrategikoa hartu du kontuan, nahiz eta sektore horiek ez diren bakarrak.

Honako sektore hauek aztertu dira:

  • Aeronautika

  • Ingurumena

  • Automobilgintza

  • Papera

  • Biozientziak

  • Gizarte-zerbitzuak

  • Itsasontzigintza

  • Osasun-zerbitzuak

  • Etxetresna elektrikoak

  • Kimika

  • Energia

  • IKTak eta elektronika

  • Esku-erreminta

  • Garraioa eta logistika

  • Makina-erreminta

  • Turismoa

  • Metala

 

 

Batzordeko kideek euskal ekonomiarentzako funtsezkotzat jo dituzte 17 sektore horiek. Halaber, identifikatutako etorkizuneko makrojoerak oinarri hartuta, energia, IKTak eta elektronika, biozientziak, gizarte-zerbitzuak eta osasun-zerbitzuak sektoreak estrategikotzat jo dira euskal ekonomiak datozen bi hamarkadetan hazkunde zentzuduna, iraunkorra eta bateratzailea lortzeko erronkari aurre egin ahal izateko.

Industriako sektore estrategikoen azterketak agerian utzi du garrantzitsua dela sektore horietan talentuaz baliatzea, bai eta aeronautikan ere. Azkenik, ezinbestekoa da automobilgintza, garraioa eta logistika, IKTak eta elektronika bezalako sektoreei tamaina handiagoa ematea, funtsezko jarduera-ardatzak dira-eta.

Aholku Batzordearen osoko bilkuran izandako eztabaidan batzordekideek gai hauek azpimarratu zituzten berariaz:

  1. Euskadik erronka demografiko bizia du aurrean, eta, egoera horri zuzen-zuzenean lotuta, euskal ekonomiak enplegua sortzeko ahalmen eskasa du egun. Horrek esan nahi du giza baliabide ugari gureganatu beharko dugula immigraziotik.

  2. Euskal enpresa-sareak lehiakortasuna indartu behar du, horixe baita funtsezko ardatza, bai euskal enpresak nazioartean gehiago zabaltzeko, bai berrikuntzarako duten gaitasuna sendotzeko eta indartzeko.

  3. Gizarte-ongizate eredua eguneratzea garrantzi handikoa da, eta, horretarako, finantza publikoen iraunkortasuna bermatu behar da aurrera begira; hausnarketa lasaia eta sakona egin behar dugu gure sistema fiskalari buruz.

  4. Prestakuntza eta hezkuntza funtsezko ardatzak dira, etorkizunean pertsonak izan daitezen euskal gizartearen ondasun eta aktibo nagusi.

  5. Azkenik, Batzordeak adierazi duenez, gaur egun hartzen diren neurriak zentzuzkoak izan behar dira beti; alegia, argi izan behar dugu nora jo behar dugun, bateratu egin behar ditugu-eta, batetik, orain bizi dugun garai latza, eta, bestetik, etorkizunari begira dugun ametsa. Euskal ekonomiak egoeraren arabera hartu beharreko neurriak askoz ere eraginkorragoak izango dira, baldin eta Euskadirako nahi dugun etorkizunaz hausnarketa estrategikoa hartzen badute oinarri.

Aholku Batzordeak, bukatzeko, euskal ekonomian duen konfiantza erakutsi du, behar bezalako ahalmena eta behar besteko baliabideak baititu egungo krisialdi honetatik onik eta sendo ateratzeko.

Aholku Batzordeak datozen hilabeteetan ere aurrera jarraituko du Euskadiren etorkizun sozioekonomikoa dela-eta hausnarketa-lanak egiten eta neurri zehatzak proposatzen.

 

 

 

Iruzkin bat
  • @eocenico
    2011.eko maiatzak 31

    Comentario de Twitter:
    Foro para la Igualdad de Mujeres y Hombres http://bit.ly/j665cZ #mujer #igualdad

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria