Berriak
Eu

Kontsumobidek UPV/EHU-rekin hitzarmen bat sinatu du Euskadiko kontsumitzaileen kontsumoaren eta babesaren inguruan ekimenak batera egiteko

2014.eko urriak 09

Kontsumoaren arloan lan egiteko eta lankidetzan aritzeko Kontsumobidek eta UPV/EHUk sinatu duten lehenengo hitzarmena da; zehazki, erantzukizun zibilaren, jasangarritasunaren, ezagutza-transferentziaren, prestakuntzaren eta balioetan oinarritutako hezkuntzaren alorrean aritzeko hitzarmena da.

 

 Erakundeen arteko eta diziplinen arteko foro bat jarriko da martxan, kontsumoko gaietan gaur egungo arazoei buruz jarduteko eta joera nahiz jarrera berriei erantzunak emateko.

Kontsumobideko zuzendariak, Elena Unzuetak, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordeak, Maite Zelaiak, bi erakundeon arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Leioan, UPV/EHUko errektoretzan. Hitzarmen honen helburua kontsumoaren eta Euskadiko kontsumitzaileak babestearen alorrean elkarrekin jardutea izango da.

Bi erakundeek kontsumoaren inguruan jarduketak batera egiteko hitzarmen bat sinatzen duten lehenengo aldia da. Hitzarmen honetan erantzukizun sozialaren, ezagutza-transferentziaren, prestakuntzaren eta balioetan oinarritutako hezkuntzaren alorrean ekimenak egitea jasotzen da.

Kontsumobideko zuzendariak, Elena Unzuetak, nabarmendu du gaur Kontsumoaren Euskal Institutuak Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatu duen hitzarmena garrantzitsua dela, gaur arte ez baitzegoen halakorik. Elena Unzuetaren arabera, bi erakundeak prest daude burutzen diren unean uneko lankidetza-ekintza gehiago egiteko eta bide berri batzuk garatzeko, eta horregatik, hitzarmen hau sortu da. «Aukera berri bat da, eta era honetara, kontsumoaren alorrean leiho berri bat ireki da, zeren Kontsumobidek zuzenean lan egingo du unibertsitateko komunitatearekin kontsumo arduratsuaren alorreko eta kontsumitzaileen nahiz erabiltzaileen defentsa- eta babes-alorreko prestakuntzan, sentsibilizazioan, aholkularitzan eta ikerketan.»

Zehazki, hitzarmenean hau guztia jasotzen da: Elkarri aholkularitza-ekintzak egitea Euskadiko kontsumitzaileen eskubideak garatzeko araudian baita ikerketen plangintzan, antolamenduan eta ikerketen gauzatzean ere; aholkularitza teknikoa ematea eta txostenak egitea Kontsumobideko profesionalen talderako; kontsumoaren euskal araudia aztertzeko laguntza ematea; unibertsitateko komunitaterako prestakuntza eta sentsibilizazioa ematea eta UPV/EHUk Kontsumobideko eta Euskadiko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak defendatzea esleitzen zaien beste erakunde batzuetako pertsonalari prestakuntza ematea.

Era berean, UPV/EHUrekin lankidetzan, Kontsumobidek Euskadiko kontsumitzaileentzat aholkularitza finantzarioaren zerbitzua jarriko du martxan. Zerbitzu berria telefonoaren edo posta elektronikoaren bidez aurretiazko hitzordua eskatuta eskainiko da, Kontsumobideren bulegoetan urriaren 15etik abenduaren 31ra arte (hasteko, behintzat). Horrela, hala nahi duten pertsona guztiak Kontsumobideko bulegoetara joan daitezke, gai finantzarioei buruz dituzten zalantza eta gorabehera guztiak konpontzera.

Batera egingo dituzten jarduerak aipatuta, UPV/EHUk nabarmendu du hitzarmen honek aukera ematen duela kontsumo arduratsuaren gaia unibertsitateko curriculumean eta unibertsitateko bizitzan sartzeko. «UPV/EHUko ikasleek kontsumoarekin zerikusia duten gaiei buruzko praktikak eta ikerketak egin ahal izango dituzte, eta unibertsitateko komunitate guztiak bi erakundeen lankidetzaren ondorioz antolatzen diren jardunaldietan, mintegietan eta kongresuetan parte hartu ahal izango dute.»

 

Erakunde arteko eta diziplina arteko foro bat eratzea

Prestakuntzako eta aholkularitzako ekimenez gain, hitzarmen hau sinatzearen ondorioz, elkarri aholkularitza emateko esparruan, erakundeen arteko eta diziplinen arteko foro bat sortu ahal izango da, gaur egungo gaiei buruz aritzeko kontsumoko gaietan. Foro hau hainbat eremutako adituek eta profesionalek osatuko dute, eta Kontsumobideko pertsonalarekin batera, kontsumo-gaietako proiektuak planteatzeko gogoeta egingo dute eta kontsumoko jarrera nahiz joera berriak aztertuko dituzte, erantzunak emateko eta hutsuneak nahiz beharrak detektatzeko. «Foro honek Euskadin orain arte ez zegoen kontsumoari buruzko ikuspegia eskainiko du» nabarmendu du Elena Unzuetak.

 

Leioan, 2014ko urriaren 9an

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ezkerraldea_enk
    2014.eko urriak 10

    Comentario de Twitter:
    Kontsumobide convenia con la UPV/EHU iniciativas conjuntas en materia de consumo y protección de los consumidores
    http://t.co/dHU184yiRD

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Maite Zelaia, EHU - Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzunkizunaren arloko errektorea