Berriak
Eu

Ruper Ordorikaren kontzertua New Yorken

2014.eko urriak 08

Euskal kantautore Ruper Ordorikak eta AEBetako gitarra-jole Ben Monderrek kontzertu bat eskaini zuten joan den urriaren 6an City University of New Yorken (CUNY). Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritzak antolatu zuten kontzertua.



New Yorkeko Bosgarren Hiribidean egin zuten ikuskizuna, eta dozenaka lagun bildu ziren euskarazko musika ordubetez baino gehiagoz entzuteko.



«Pozgarria da gure artistak babestea euskal kultura sagar handiko entzuleei hurbiltzeko eta Euskadik AEBetako merkatuari eskain dakiokeena gure mugez gain ezagutarazteko», esan zuen Eusko Jaurlaritzaren AEBetako ordezkari Ander Caballerok. Adierazi zuenez, gainera, «gure hizkuntza, euskara, bide paregabea da gure kultura mundura zabaltzeko».



Kontzertuari hasiera emateko hautatutako abestiaren letra Bernardo Atxagak idatzi zuen. Ondoren, musikariek Mikel Laboaren «Gure bazterrak» abestu zuten. Euskal artista horien izena dute, bada, kontzertua posible egin zuten katedrek; izan ere, ikuskizun hau CUNY Bernardo Atxaga Katedraren programaren barruan antolatu da, EHU Mikel Laboa Katedrarekin lankidetzan.



«Kontzertu hau egiteko, ezinbestekoa izan da Atxaga Katedraren eta Mikel Laboa Katedraren arteko elkarlana, eta euskal sortzaileen eta nazioarteko artisten arteko lankidetzaren adibide da. NYen bizi diren euskaldunak izan dira kontzertuan, baina baita euskal kultura gustuko duten ikusleak ere», adierazi zuen Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak.



Ruper Ordorikaren kontzertua Bernardo Atxaga Katedraren 2014ko edizioaren parte da, baina horrez gain, beste kontzertu bat ere aurreikusita dago programa akademikoaz gain, hain zuzen ere, Josu Okiñenarena. Datorren urriaren 10ean egingo du emanaldia, Aita Donostiari eskainiko diona.



2014an, CUNY Bernardo Atxaga Katedrarako diseinatutako programa akademikoak «Ahanzturatik nonahiko iraganerako urratsa gaur egungo euskal narratiban» du izena. Azken lau mendeetako euskal literaturan iragana gogoratzeak izan duen funtzioa aztertzea du helburu programak. Mari Jose Olaziregi irakasleak (Euskadin bizi da) eta Nerea Arruti irakasleak (Aberdeenen bizi da) ematen dituzte Bernardo Atxaga Katedrako eskolak 2014an.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)