Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak 1.185.000 euro onartu ditu nekazaritza sektoreko ikerlariak, energia berriztagarriak eta erakundeak laguntzeko. (2014-10-07(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko urriak 07

Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazarien Elkarteei eta horien Batasunei buruzko urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuaren babesean 2014ko ekitaldian nekazarien elkarteei ematekoak diren diru-laguntzetarako deialdia egiteko dena.

Agindua. Zeinen bidez 2014rako laguntzen deialdia egiten baita nekazaritza eta basogintza arloetan energia berriztagarrien azpiegituretan inbertsioak egiteko diru-laguntzei

Agindua, diru-laguntzetarako 2014ko deialdia egiten duena. Agindu honetan euskal nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako zientzia, teknologia eta enpresaren inguruan ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzak ezarri ditu.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak, urriaren 8ko Gobernu Kontseiluak egindako azken bileran, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren hiru agindu onartu ditu. Aginduok lehen sektorearen garapenari eta sektore horretan diharduten profesional eta elkarteen kualifikazio eta baldintzen hobekuntzari lotutakoak dira.

Ikertzaile eta teknologoentzako laguntzak

Lehenengo agindua ikertzaile eta teknologo gazteen prestakuntzarako laguntza programaren deialdia da. Deialdira 671.960 € bideratuko dira guztira, eta horietatik 51.000 euro 2014an erabiliko dira eta gainerakoak (620.960 €) 2015etik 2018ra bitarteko ekitaldietarako konpromisoko maileguri dagozkio.

Ikertzaile laguntzaileentzako laguntzak eskuratzeko beharrezkoa da goi mailako unibertsitate titulu bat izatea, eta teknologoen prestakuntzarako laguntzen kasuan, berriz, erdi mailako tituludunek ere eskuratu ahal izango dituzte laguntza horiek. Titulazio guztiak homologatuta egon beharko dira ofizialki aitortuta daudenen balio berekoa izateko, eta gehienez urteko deialdiaren agindua baino lau urte lehen eskuratutakoak izan behar dira edo beranduago. Ingeniari teknikoek eta goi mailakoek karrera amaierako proiektua gaindituta eduki beharko dute.

Gazte ikertzaileen prestakuntzarako laguntza ekonomikoa 14.000 €-koa izango da urtero, bekak irauten duen denboran, eta horrez gain 489,72 € gehiago eskuratuko dituzte, Gizarte Segurantzako urteko kuota gisa. Teknologoen prestakuntzarako laguntza, berriz, 12.000 eurokoa izango da urtean, gehi beste 489,72 € gehiago, Gizarte Segurantzaren urteko kuota gisa.

Inbertsioak energia berriztagarrietan

Gobernu Kontseiluak, halaber, nekazaritza eta baso sektoreko energia berriztagarriei lotutako azpiegituretarako inbertsioak finantzatzeko laguntzei buruz Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak emandako agindua onartu du. Laguntza horietarako 62.500 euro bideratuko dira 2014an. Diruz lagundutako jarduerak 2014ko abenduaren 31n baino lehen hasi beharko dira.

Laguntzak taldeentzat

Onartutako hirugarren aginduak nekazaritzako ekoizleen taldeentzako laguntza ekonomikoen deialdiari buruzkoa izan da. Aginduaren helburua da Nekazaritzako Ekoizleen Talde gisa edo Taldeen Elkarte gisa onartu diren erakunde eta elkarteek ekoizpenerako eta salmentarako dituzten egiturak hobetzen laguntzea, eta diruz lagundu ahal izango dira 2013-2014 merkaturatze kanpainan egindako funtzionamendu gastuak. Laguntzen zenbatekoa, gehienez, 100.000 €-koa izango da ekoizleen taldeentzat eta 150.000 €-koa Taldeen Elkarteentzat, eta 200.000 €-koa talde bik edo gehiagok bat egin ondoren sortutako ekoizle erakundeentzat edo baterako merkaturaketaren alorrean bat egitearen parekoa den neurriren bat hartzen dutenentzat.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau