Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Urriaren 14an argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Bermeoko portuko aisialdirako amarralekuen aldi baterako baimenak

2014.eko urriak 07
  • Guztira 401 amarraleku esleituko dira, 370 pantalanean eta 31 aldi baterako buiak

 

Urriaren 14an argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Bermeoko portuan aisialdirako ontzi ez profesionalak amarratzeko lekuak aldi baterako erabiltzea baimentzen edo ukatzen duen ebazpena. Era berean, Bermeoko portuko amarralekuak erabiltzeko osatu den itxaron-zerrenda ere jasoko du ebazpenak. Argitaratuko den ebazpenean eskatzaile bakoitzaren nortasun-agiriaren zenbakia, itsasontziaren matrikula eta esleitutako amarralekua jasoko da.

 

Baimenak emateko prozedura 2004ko apirilaren 20ko Aginduan ezarritakoa izango da; Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko portuetan eta portu-instalazioetan laketontzi ez-profesionalen titularrek amarralekuak aldi baterako erabiltzeko baimenak emateko prozedura arautzen da horren bitartez.

 

Almudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak zehaztu duenez, «amarralekuak erabiltzeko baimena jasotzeko hainbat baldintza bete beharko dira, besteak beste, hilabeteko gehieneko epean esleitutako amarralekua okupatzea, betiere argi izanik baimena pertsonala eta besterenezina dela eta espresuki debekatuta dagoela hirugarrenei amarralekua partzialki edo osoki alokatzea edo lagatzea. Era berean, baimena jasotzen duen pertsona T-5 tasa ordaintzera derrigortuta dago, indarrean dagoen BEZa barne eta ezarriko zaion likidazioan aurreikusitako epeetan. Portuen Lurralde Zerbitzuan eskaera eginda baimena jaso duen ontzia aldatzeko aukera izango da, betiere erabili nahi den ontzi berriaren ezaugarriak egokitutako amarralekuaren dimentsioetara egokitzen badira eta ontzia bertan uzteko maniobrak arazorik gabe egin badaitezke. Horrela ez bada, eskatzailea itxaron-zerrendara igaroko litzateke».

 

Esleitutako amarralekua erabiltzen dela Portuen Lurralde Zerbitzuak zainduko du. «Jasotako baimena bertan behera utz dezaketen hainbat arrazoi daude, tartean amarralekua baimendutako ontziarekin ez erabiltzea ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean, betiere tartean Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara behar besteko aurrerapenarekin komunikatuko arrazoi justifikaturik ez badago. Era berean, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren baimenik gabe hirugarren batek amarralekua erabiltzea edota berau hirugarren bati alokatu edo lagatzea baimena bertan behera uzteko arrazoi izan daitezke», azaldu du Ruiz de Angulok.

 

Dokumentazioa

«Aurkeztutako eskaera guztietatik hamasei ukatu dira aurkeztutako agirietan atzemandako gabeziak ezarritako epean ez zuzentzeagatik», azaldu du Garraio Azpiegituren zuzendariak. «Etorkizunean eskaera aurkez dezaketen guztiei gogoratu behar zaie deialdi berria egin arte itxaron-zerrenda irekita egongo dela, eskaera berriak une oro onartuko direlarik exijitu ohi diren agiri guztiak aurkeztuz gero. Amarralekuak esleitzeko deialdiak, berriz, hiru urtetik behin egiten dira normalean».

 

Hurrengo asteartean argitaratuko den ebazpenak ez du administrazio-bidea ixten, eta, hala, euren eskubideak kaltetu direla uste dutenek gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango dute Garraio Zuzendariordetzaren aurrean edota ebazpena eman duen erakundearen aurrean. Errekurtsoa aurkezteko hilabeteko epea izango dute ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

 

401 amarraleku

Guztira 401 amarraleku esleituko dira, 370 pantalanean eta 31 aldi baterako buiak. Bermeoko pantalaneko amarralekuen artean, fingerra duten pantalaneko 359 amarraleku daude; haietatik 128 gehienez 6 metroko gehieneko luzera duten itsasontzientzat, 53 amarraleku 6 metrotik gorako eta gutxienez 7 metroko gehieneko luzera dutenentzat, eta gainontzeko 178 amarralekuak 7 metrotik gorako eta gehienez 8 metroko gehieneko luzerako itsasontzientzat. Pantalaneko gainerako 11 amarralekuek ez dute fingerrik; horietako 6 gehienez 6 metro arteko gehieneko luzera duten itsasontzientzat dira, 3 gehienez 6 metrotik gorako eta gehienez 7 metroko gehieneko luzera duten itsasontzientzat eta azken biak 7 metrotik gorako eta gehienez 8 metroko gehieneko luzera duten itsasontzientzat.

 

Aldi baterako buiako amarralekuetatik, 6 eta 7 metro arteko gehieneko luzera duten itsasontzientzat dira 4, horietan maniobratzeko zailtasuna dela-eta; gainontzeko 27 amarralekuak, berriz, 8 metrotik gorako gehieneko luzera duten ontzientzat dira.

 

Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura zuzendariak nabarmendu duenez, «esleipen-prozesu honen amaierak Portuzarreko nasaren erabileraren optimizazioa ahalbidetzea espero dut, baita Bermeoko portuaren hobekuntza etengabeko prozesu baten hasiera izatea ere».

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)