Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak euskal produktuak sustatuko ditu San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country kongresuan

2014.eko urriak 06

 

  • Eusko Jaurlaritzak Euskadiko nekazaritza elikadurako 30 enpresaren presentzia koordinatu du SSG Euskadi Basque Country topaketan, eta aldi berean hainbat jarduera antolatu ditu bertako produktuen balioa agerian jartzeko

 

  • Donostiako hainbat hotel bertako produktuekin osatzen diren gosari bereziak eskaintzeko ekimenean parte hartzen ari dira

 

  • Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako sailburuorde Bittor Orozek positibo baloratu du Euskadiko kalitatezko produktuaren presentzia hiru egunez gastronomiaren arloko munduko erakusleihoa izango den ekitaldian.

 

Vitoria/Gasteiz, 2014ko urriaren 6a

Urriaren 5etik 8ra San Sebastian Gastronomika- Euskadi Basque Country biltzarraren beste edizio bat egiten ari da Kursaal Jauregian; Europa mailan garrantzirik handieneko ekitaldi gastronomikoetakoa da, eta Euskadiko kalitatezko elikadurako produktuak nazioartean ezagutarazteko aukera. Eusko Jaurlaritza, alde batetik, hainbat euskal enpresak presentzia izateko gune bat koordinatzen ari da, eta, bestetik, biltzarrarekin batera egiteko hainbat jarduera kudeatzen ari da, Euskadiko Kalitatezko Produktuak merkaturatzera eta sustatzera zuzenduta.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako sailburuorde Bittor Oroz gaur goizean egin den inaugurazio ekitaldian izan da eta, aldi berean, babesa erakutsi die biltzarrean parte hartzen ari diren nekazaritza eta arrantza elikadurako euskal enpresei.

Bittor Oroz sailburuordeak SSG Euskadi Basque Countryra egin duen bisitan adierazi duenez, “hiru egunez Donostia gastronomiaren arloko munduko erakusleiho bihurtzen da, eta Euskadiko nekazaritza etra arrantza sektoreak ekitaldian duen presentzia funtsezkoa da, lehen mailako kalitatearen estandarrak elkartzen direlako”.

 

Jarduera paraleloak:Artea eta Euskadiko Kalitatezko Produktuen Dastaketa

Asteartean, hilak 7, 18:30ean, Mikel Garaizabal enologo eta sumilerrak eta bere artista taldeak zuzendutako dastaketa egingo da. Ikuskizunean Euskadiko produktuen dastaketa berritzaile eta dibertigarria eskainiko dute. Txakolinak, Arabar Errioxako ardoak eta Euskadiko Kalitateko sagardo, olio eta elikagaiak dastatuko dira, hainbat arte diziplinarekin uztartuta, horien artean zuzeneko interpretazioa, musika, pintura edo poesia.

Dastaketaren sarreran, parte hartzaile bakoitzari Eusko Label mantal bat emango zaio janzteko, zenbait kasutan eurek landu beharko dutelako Euskadiko Kalitateko edari batekin konbinatuko den pintxoa.

Enologo eta sumilerrak, parte hartzaileekin batera, elikagai bakoitzaren bertuteak deskribatzen dituen bitartean, eta parte hartzaileek dastatzen dituzten bitartean, artistek elikagaiari buruz duten ikuspuntua interpretatuko dute zuzenean. Abeslariak hainbat kantu abestuko ditu, margolariak mural bat osatuko du dastatzen ari diren produktuarekin, aktoreek euskal elikagaiei lotutako istorioak interpretatuko dituzte, eta olerkariak bost zentzumenei lotutako poemak interpretatuko ditu, hau da, usaimen, zapore, ukimen, ikusmen eta entzumenari lotutako poemak.

 

Gosariak Euskadiko nekazaritza elikadurako produktuekin

Biltzarrak irauten duen egunetan, HAZIk, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako Sailburuordetzarekin lankidetzan, aukera emango du Euskadiko kalitatezko produktuekin egindako gosariez disfrutatzeko.

Donostiako hainbat hotel ezagun eta ospetsuk gosariak eskainiko dituzte urriaren 5etik 7ra, honako produktu hauekin:

 

  • Idiazabal gazta eta Idiazabal artzain gazta
  • Eusko Label tomatea
  • Goenaga jogurtak
  • Arabar Errioxako olioa
  • Euskal Baserriko Txerri urdaiazpikoa
  • Añanako gatza
  • Euskal Baserriko arrautza Eusko Labelduna

 

 Guztira, 7 hotelek eskainiko dute zerbitzua biltzarrak irauten duen bitartean:

 

  1. Silken Amara Plaza hotela
  2. Astoria 7 hotela
  3. Mercure Monte Igeldo hotela
  4. Palacio de Aiete hotela
  5. Maria Cristina hotela
  6. Villa Soro hotela
  7. Londres eta Ingalaterra hotela

 

Enpresa parte hartzaileak

 

1. BERARTE MAHASTIAK

Berarte Viñedos y Bodegas SL Arabar Errioxako bihotzean dagoen Villabuena de Álavako famili upategi bat da, belaunaldiz belaunaldi lurrari atxikitako ardoak lantzen dituena. Lurzatiaren nortasuna eta ekoizleen maitasun eta errespetua transmititzen dituzten ardoak. Familiak bere mahastiko 14 hektareak lantzen ditu.

2. CORPA

Bahía de la Concha etxeak arrainean oinarritutako erdikontserbak egiten ditu. Antxoak oliba oliotan: Getariako antxoarik onenekin esku adituek landutakoak. Arrain pastelen aukera zabala: krabarroka, txangurrua, legatza eta izkira, eta hegaluzea pikilloekin. Eta, jakina, gure arrain zopa eta marisko krema bikainak.

3. RIVO DE MORETA

Rivo de Moreta Arabar Errioxako olio bikainaren balioa agerian jartzeko sortu zen enpresa txiki bat da, zehazki Moreda de Álavako olioarena. Hasieratik, Rivo de Moretak kalitate, errespetu eta ingurumenaren hobekuntzaren alde egin du, baita gure eskualdeko olio kulturaren eta Arroitz barietate bikainaren zabalkundearen alde ere.

4. BARRENETXE

Barrenetxe nekazari profesionalen kooperatiba bat da, 1980az geroztik Euskadiko barazki tradizionala lantzen ari dena. Esperientzia horren fruitua da gugan konfiantza izaten jarraitzen duen kontsumitzaileari eskaintzen diogun kalitate egiaztatua. Merkatutik hurbil gaudenez, freskura eta heldutasuna eskaini dezakegu, Barrenetxeren benetako produktuen zaporearen konpromisoa.

5. MIGUEL ANGEL MURO UPATEGIA

4 belaunaldiz Ardo beltz gazteak, kriantzak eta erreserbak, Egile ardoak eta Ardo zuriak egiten, eskualdeko barietate tipikoekin, mahastiak maitasunez zainduz, ingurumenarekiko modu iraunkorrean lan eginez eta emaitza bikainak dituzten ardoak sortuz.

6. SARRIEGUI PATATAK

Sarriegui chipak eta patata frijituen zerrendak. 2012, 2013 eta 2014ko Great Taste Award sariekin errekonozituak. Gehigarri eta kontserbatzailerik gabe. Glutenik gabe. Tutu formako packaging berritzaile eta luxuzkoa.

7. HIRUZTA UPATEGIA

Hiruzta Hondarribiarako lanketa berreskuratu duen txakolin upategia da, Txakolina egiteko erabili behar den Hondarrabi Zuri barietatearen jatorria izanik. 10 mahasti hektareak inguratzen dute upategia adituen iritziz kalitate bikainekoak diren txakolinak egiteko.

8. LICORERA VASCA OLAÑETA

Famili enrpesa honek hiru belaunaldi daramatza dagoeneko (1921az geroztik) hainbat edari bizi lantzen, horietan nabarmentzen delarik made in Gipuzkoa Patxarana, %100 Olañetakoa. Enpresak likore finak lantzeko duen politika mantendu egiten da, bikaintasuna lortzeko metodo gisa espezializazioa bultzatuz, horrekin bezeroen errekonozimendua lortzen jarraitzeko (batez ere ahoz ahoko metodoaren bidez) eta, pixkana-pixkana, bere merkaturatze eremua zabaltzeko, penintsula osoan zehar zein kanpoan ere.

9. HOBEA (OVO 12 S. COOP)

Arrautzaren tokiko ekoizleen kooperatiba honetan elkartuta “Hobea” marka lantzen dute, kontsumitzaileari kalitate bikaineko bertako produktu bermeduna eskaintzeko.

10. SAGARKIDE

Sagarkide esportaziorako partzuergo bat da, Euskadiko hainbat sagardo enpresak sortua, ekoizten duten sagardo naturala nazioarteko merkatuetan zabaltzeko.

11. IBARRAKO PIPARRA S.COOP

Ibarrako Piparra S.Coop, Ibarrako (Gipuzkoa) bost baratzezainek osatutako kooperatiba bat da. Ibarrako bertako pipermin barietatea ekoitzi eta ardo ozpinez onduta merkaturatzen dute, IBARLUR izenarekin.

12. ADUR TXAKOLINA

Getariako Txakolina ekoizten duen enpresa txikia, Enologiaz zein Mahastizaintzaz aholkularitza teknikoa ere eskaintzen duena. 6.000 botila ekoizten ditu. Lau hilabetez bere liga propioetan onduta, txakolin fresko eta usaintsua ematen dute, baina gorputz handikoa eta leuna. 

13. COMPAÑON ARRIETA

Compañon Arrieta upategia gaztetasunaren ilusioaz eta herentziaz jasotako tradizioaren indarraz jaiotako upategia da. 2010ean upategi ekologiko eta artisautzakoaren proiektu bati ekin zioten. Mahasti zaharreko 9 hektarea —%75 tempranillo %20 viura %5 malvasia— eta garnatxa barietatearen ehun urtetik gorako mahatsondo bat, eskuz zaindua, tradizio onenaren mimoarekin. Elaborazioa hormigoizko deposituetan egiten dute. Zuri gaztea, Beltz gaztea mazerazio karbonikokoa (herrigoia eta herrigoia zuri) eta Egile txortenak kenduta egindakoa (malaspiedras), mahasti onenetatik aukeratutako mahatsez egindakoa eta hartzidura leolaktikokoa, haritz hungariar, frantses eta amerikarrez egindako kupeletan pasatutakoa.

14. INTRISA

Intrisa (Industrial Tripera del Norte SA) duela 70 urte sortutako enpresa bat da, haragi produktuen ekoizpenean eta banaketan diharduena. Barruki izeneko produktuetan espezialistak gara. Geure ekoizpen zentroa dugunez, produktuen kalitatea da gure identitate ezaugarrietako bat, produktua teknikarik modernoekin tratatzen dugulako, nutrizio aldetik beti baldintza bikainak edukitzea ahalbidetuta. Beste ezaugarri bat dugu Bezeroari ematen diogun aparteko zerbitzua (Hotz Katea, aurkezpen formatu bat baino gehiago, geure flota, etab.), Gure sektorean liderrak izatea ahalbidetu duen Balio Erantsia.” 

15. PETRITEGI

PETRITEGI SAGARDOTEGIA XVI. mendean eratu zen, eta gure ardura nagusia  bezeroek nahi dituzten ezaugarriak dituen sagardo naturala egitea da. Horretarako, kalitate handieneko sagarrak erabiltzen ditugu, heldutasun egokia eta bukaerako produktuak freskotasun eta zapore egokia izan ditzan beharrezkoak diren azidotasun eta mingostasun maila dutenak.

16. KONTSERBA EGILEEN ELKARTEAK

Kantauri Itsasoan arrantza teknika tradizionalen bitartez harrapatutako Hegaluze eta Antxoen kontserbak. Euskal Herrian eginak, %100 eskuz.  Berme Markaz egiaztatutako produktua.

17. TXAKOLI ZUDUGARAI

Hondarribi Zuri bertako barietatearekin egindakoa, %100, Xudugarai upategian lanean dihardugu txakolina babestu eta bertako produktu bikaina izateko helburuarekin. Teknika eta formula berriak sartuz doaz mahastizaintzan eta elaborazio metodoetan, azken helburua txakolinaren beraren ezaugarriak hobetzea izanik. Horrekin guztiarekin ez da nahi edari tradizionalaz bestelako bat lortu, dagoena hobetu baizik.

18. GAILUR UPATEGIAK

Arabako Errioxa, Arabako hegoaldean dagoen eta berezko izaera duen eskualdea, Errioxako unitate geografikoaren baitan sartzen da, Kantabriako Mendizerra eta Ebro ibaiaren artean. Ebro ondoan dago GAILUR upategia.

GAILUR upategiak produktu tradizionala lortzeko beharrezkoak diren aurrerapen tekniko guztiak ditu, baina era berean teknikarik modernoak erabiltzen ditu produktuaren kalitatea bermatzeko.

19. LUMAGORRI

Lumagorri – Euskal Baserriko Oilaskoa, Eusko Labela duena, haragi fin, osasuntsu eta zaporetsukoa. Aire zabalean hazten dira, zelaian, batez beste 90 egunetan zehar, eta belar freskoa, zerealak eta lekaleak dira beraien elikagai nagusiak.

20. AXPE SAGARDOTEGIA

Axpe sagardotegia eta txakolin upategia da. Bazkaria norberak eraman behar du. Establezimenduak parrillak, burruntziak, egur labeak, butano sukaldeak eta xirmendu eta egur ikatza jartzen ditu bezeroen esku janaria prestatzeko, bai eta olioa eta gatza ere. Horiengatik ezarritako zenbatekoa ordaindu beharko du bezeroak.

Upategia edozein ekitaldi edo bilera hartzeko prestatuta dago: ezkontzak, jaunartzeak, bilerak, baina beti janaria norberak ekarrita.

Gaur egun, Bizkaiko txakolina eta eusko label sagardoa egiten ditu, jatorri izendapenaren barruan.

21. TEALAND

Tealand enpresak 100 urte baino gehiagoko historia dauka, Gasteizen dago, eta Te eta Hosto osoko infusio mota guztiak inportatu, elaboratu eta ontziratzen espezialista da. Kalitate hoberena dugu, formatu erosoenean: Te piramidea. Ohikoa edo Ekologikoa, zorrotxo indibidualetan zein bestela.

22. ZARAKIBU – ECOCHIPS

Ecochips, Arabako patata frijitu ekologikoak, Arabako nekazariak berak bere familia enpresan artisau eran egindakoak. %100 Oliba olio birjina estra ekologikoz frijituak. GLUTENIK GABEAK. Arabako patata fresko ekologikoa.

23. ARROLAN OLIOA

Eusko Labela duen oliba olio birjina estra, nagusiki Arroniz barietateko olibekin egindakoa. Erabiltzen diren olibak olibondotik jaso berriak dira, heldutasun ezin hobea dutenean, nutrizio eta zapore aldetik propietate guztiak izan ditzan.  Elaborazio prozesua oso zorrotza da eta Eusko Label kalitate markak kontrolpean egiten da, etengabeko hobekuntzarako sistemak aplikatuta. Olioa ateratzeko bide mekanikoak erabiltzen dira, tenperatura baxuan; hori dela eta, olio hau oliba zuku naturala da.

24. VARAL UPATEGIAK ETA MAHASTIAK

BODEGAS Y VIÑEDOS VARAL enpresa 1987an sortu zen, mahastizainen familia batek bere ametsa egia bihurtu zuenean. Geure mahastien zaintza oso gustuko izanik eta geure ardoak izanik, aurrera pauso bat ematea erabaki genuen eta prozesua bukatzea ere guk geuk egitea erabaki genuen, hau da, ardoa botilaratu eta merkaturatzea. Gaur egun, ardo gama zabala daukagu, zuriak eta beltzak, eta ardo ekologikoa izan da gure azken apustua. Ardo hori merkatuan dago 2012ko uztaz geroztik.

25. SEÑORIO DE ASTOBIZA UPATEGIA

Astobizak kalitate handieneko txakolina egiten du, karbono aztarnaren egiaztapenarekin, EPD eta ISO14001. Txakolinak izaera berezia dauka, mahasti bakarrekoa da, eskuz bildutako mahatsez egindakoa, mahats aukeraketa bikoitzaren ondoren, Hondarrabi Zuri barietatea azpimarratu nahiaz, beste edozein faktoreren gainetik. Astobiza mahastizaintzaren tradizioaren eta upategien abangoardiaren arteko uztarketaren adibide garbia da. 2 urtez jarraian Nariz de Oro lehiaketako finalista izan dira, 2014an eta 2013an.

26. ITXASBURU SAGARDOTEGIA

“Itxas-Berri” sagardoa bertako sagarrekin eginda dago %100ean, eta Eusko Jaurlaritzako Hazi Fundazioak kalitatea bermatzeko eta egiaztatzeko ematen duen Eusko Label kalitate zigilua dauka.

27. AGIÑA PIPERRAK

Agiña Piperrak enpresak urteak daramatza Ibarrako piperminak ekoizten eta saltzen, Eusko Label kalitate egiaztagiriarekin. Horrela azken bezeroari bermatu egiten dio ekoizpen prozesu osoa kontrol zorrotza pasatzen duela, produktua landatzen den unetik merkatura eramaten den arte.

28. ELKANO TXAKOLINA

"Elkano Txakolina 18030ean hasitako tradizio baten emaitza dugu. Txakolina 2012an jaio zen berriro Elkano markarekin. Familia upategia dagoen ingurunea ezin hobea da eta horri esker eta ekoizleen seigarren belaunaldien ezagutzari esker, txakolin hau berezia da eta ahaztu ezina."

29. ARREGI TXAKOLINA

ARREGI TXAKOLINDEGIA 1995ean sortu zen, Alejandro Arregi Mendizabalen eskutik. Zarauzko ekialdeko mendi hegal batean dago, Ibaita antzinako baserriko lurrak hartzen ditu, zeinak hegoalderantz eta hego-mendebalderantz begira dituen. Gaur egun  9,6 hektarea ditu, Hondarribi Zuri barietateko mahastiz landatuta, eta horrekin egiten duten txakolinak Getariako Txakolina jatorri izendapena dauka.

30. HARAKAI

25 urte baino gehiagoko historia duen kooperatiba da, eta gutxi gorabehera behi eta esneko arkumeen EAEko 250 abeltzain daude bertan elkartuta. Behi eta esneko arkumeen haragia produzitu, eraldatu eta saltzen dihardu. Ekoizpenak Eusko Label egiaztapena dauka eta ZELAIN markarekin merkaturatzen da. Marka honetan ditugu behi haragia atmosfera babeslean ontziratuta (txuletak, zerrak, gisatu okela…) eta esneko arkumea, laurdenetan hutsean ontziratua. Behi haragiaren prestakinak ere egiten ditugu (hanburgesak, albondigak eta haragi txikiturako prestakina) eta aurrez prestatutako janariak (esneko arkumena, aurrez labean errea).

31. EUSKABER

Euskaber oiloak aire librean hazi eta zaintzen dituzten baserritar batzuek osatutakoa da, eta haien helburua da bezeroei arrautzarik hoberenak eskaintzea osasunaren ikuspuntutik eta gustu zorrotzeneko bezeroen ikuspuntutik. Nabarmentzen dira Eusko Label marka duten Baserriko arrautzengatik eta Ekoizpen Ekologikoko arrautzengatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)