Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak garrantzi handia ematen dio kultur ondarea balioztatzeari Europako turismo estrategiaren barruan

2014.eko urriak 06

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak bi irizpen-proiektutarako 13 zuzenketa defendituko ditu Bruselan, Eusko Jaurlaritzaren izenean, egingo den  Eskualdeetako Lantaldearen osoko bilkuran, urriaren 6tik 8ra

 Irizpenak onartzeaz gain, azpimarratzekoa da osoko bilkuran egingo den beste ekitaldi bat; Open Days edo jardunaldi irekien hamabigarren edizioaren inaugurazioa, hain zuzen ere,  Growing together – Smart investment for people (Elkarrekin hazten - Inbertsio adimentsua herrientzat) izenburupean. Ekitaldiko hasiera-saioko ongietorria Eskualdeetako Lantaldeko presidente berriak, Michel LEBRUNek egingo du. Horretaz gain, bertan izango dira Europako Parlamentuko presidente Martin SCHULZ, Eskualde Politikarako Europako komisario Johannes HAHN, eta ELGAko idazkari nagusi José Ángel GURRÍA.

Saioan eskualdeetako eta tokiko erakundeek irizpeneko zortzi proiekturi buruz dituzten iritziak aztertuko dira, besteak beste, 2020-2030 aldirako klima eta energia arloko esparru estrategiko bat, desabantaila geografikoak eta demografikoak dituzten eskualdeen mugikortasuna, aire garbiko pakete bat Europarentzat, eta kostaldeko eta itsasoko turismoa areagotzeko eta enplegu gehiago sortzeko Europako estrategia bat.

Oraingoan, Eusko Jaurlaritzak 13 zuzenketa aurkeztuko ditu guztira eskualdeen eta hirien iritzia ezartzen duten irizpen-proiektuei dagokienez, eta ekarpenak egingo ditu 2020-2030 aldirako kima eta energia arloko esparru estrategikoari buruz eta kostaldeko eta itsasoko turismoa areagotzeko eta enplegu gehiago sortzeko Europako estrategiari buruz.

Klimari eta energiari buruzko esparru estrategiko bat jorratzen duen irizpenari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak isurketak murrizteko helburuei lotzea proposatzen du, gure isurketak hirugarren herrialdeetara bideratu gabe, horrek denbora gehiago eskatu arren.

Horretaz gain, eskualdeko eta tokiko agintariek 2030erako isurketak murriztearekin, energia berriztagarriekin eta energia aurreztearekin loturiko helburuak ezartzeko premia azpimarratu du; horretarako, komenigarria da Alkateen Ituna luzatzea eta zabaltzea. Orain arte Europako 6.000 alkatek baino gehiagok sinatu dituzte helburu anbiziotsuagoak ingurumenaren arloan.

 

Bestalde, kostaldeko eta itsasoko turismoa areagotzeko eta enplegu gehiago sortzeko Europako estrategiari buruzko eztabaidari dagokionez, Jaurlaritzak  proposamen bat egin du: kostaldeko eta itsasoko jardueren barruan sartzea kultura-turismoarekin zerikusia duten jarduerak; esaterako, ondarearen eta gastronomiaren aurkikuntza, kultur adierazpenen bizipena edo arrantzako arteen eta lanbideen ezagutza. Izan ere, turismo-fluxuak urtaroen mende ez egoteko tresna bikainak dira eta tokiko ekonomiak dibertsifikatzen laguntzen dute, batez ere portuak eta arrantza-jarduerak dituzten herrietan.

 

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, turismoa urtaroen mende ez egoteko gakoetako bat zerbitzu-eskaintza erakargarria eta turistaren beharrei egokiturikoa sortzea da, bisitarako gune geografiko egokiak bilduko dituena, lokalismoak eta egungo eskaintzaren atomizazioa gaindituz.

 

Programa operatiboen egungo negoziazio aldian Eskualdeetako Lantaldeak eskualdeen inbertsio-lehentasunak diruz laguntzekotzat jotzea eskatu dio Europako Batzordeari; bereziki Europako turismo-estrategiarekiko palanka efektua dutenak. Horrekin lotuta, Eusko Jaurlaritzak honako hau proposatu du diruz laguntzeko moduko jarduera gisa: instalazio historikoak birgaitzea eta berrerabiltzea; esaterako, ondare arkitektoniko zibila eta industriala.

 

Prestakuntzaren arloan, Eusko Jaurlaritzak kirol-portuetan lan egiten dutenen prestakuntza eta gaikuntza bateratzea proposatu du, gaur egun bai prestakuntza, bai lege-estaldura desberdinak baitira estatu kide bakoitzean. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren iritziz Europako Estrategiak egungo araudien harmonizazioa ere bildu behar du, hala arrantza-turismoak izan ditzakeen lege-oztopoak eta oztopo administratiboak gainditzeko.

 

Bestetik, Eusko Jaurlaritzak itsasoko eta kostaldeko turismoak kontzientzia sortzeko tresna gisa duen garrantzia azpimarratu du, ez bakarrik ingurumen-jasangarritasunari buruzko kontzientzia sortzeko, baita ondareari balioa eman eta hura zaintzeko eta turismo arduratsuagoa eta parte-hartzaileagoa lortzeko.

 

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak beste proposamen bat egin du: tokiko eta eskualdeko erakundeek turismo-arloan lan egiten duten elkarteak sustatzea, horretarako topaketa-foroak sortuz eta turismo-eragile publiko eta pribatuen parte-hartzea sustatuz foro horietan, baita jomugaren nortasunari, integrazioari eta irudiari eutsiko dioten baterako plataformak ezarrita ere.  

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CamiladeEpalzaA
    2014.eko urriak 06

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzak garrantzi handia ematen dio kultur ondarea balioztatzeari Europako turismo estrategiaren bar... http://t.co/znyMP6ykxn

  • @CamiladeEpalzaA
    2014.eko urriak 06

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco defiende en Bruselas la importancia de valorizar el patrimonio cultural en la estrategia turí... http://t.co/EE4BAAdvmV

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)