Elkarlan Sariak
Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
qrcode

Patxi Baztarrika: “Lanbide Heziketan B eredua sortuko dugu”

2014-10-02

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bi ekimen berriren berri eman du gaur goizean Elgoibarren ospatu den 30+10 Mintegian

Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak, Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuak urtero antolatzen duen 30+10 Mintegian parte hartu du gaur goizean. Bere interbentzioan, Baztarrikak bi albiste eman ditu Jaurlaritzaren Euskararen Agenda Estrategikoa oinarri hartuta:

-       Lanbide Heziketan ‘B’ eredua sortzea eta euskarazko irakaskuntzaren eskaintza (D eredua) sustatzea

-       Programa pilotu berri bat aurki abian jartzea: industria arloko 8/10 enpresa aukeratuko dira. Enpresa hauen hizkuntza abiapuntua, euskarari dagokionez, nahiko aurreratua da, BIKAIN ziurtagiria eskuratua izango dute. Helburua da enpresa hauetan euskara lan hizkuntza bilakatzea.

Elgoibarreko Makina Erremintaren Institutuak 9 urte daramatza mintegi hau antolatzen eta, mintegiak, “hizkuntza kudeaketa enpresan” du aztergai. Patxi Baztarrikak foro hau aprobetxatu du Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketan ezarriko duen ‘B’ ereduaren eta sortuko duen programa pilotu baten berri emateko.

Duela 8 urte sortu zen LanHitz programa, enpresetan gero eta gehiago euskaraz lan egitea helburua duen programa, hain zuzen ere. Agente askok hartu dute parte hemen eta hauen artean (enpresak, langileak, enpresariak, enpresarien elkarteak, sindikatuak, aholkularitza enpresak…) egindako lana ez da txikia izan. Hala ere, eta Baztarrikak gaur goizean azaldu bezala, “egindako ibilbidea makala ez izan arren, emaitza apalak dira lortu ditugunak. Denon artean lortu beharko genuke garen baino askozaz eraginkorragoak izatea”. Eta gehitu du: “Eginkizun handia da daukaguna: euskara arlo sozioekonomikoan ere adin nagusiko hizkuntza izatera iristea, eta gaztelaniarekiko nozitzen duen desoreka eta asimetria murrizten jarraitzea. Handia da ametsa, dudarik gabe, baina lortu dezakegu, baldin eta helburu egingarriak finkatu eta jarrera berritzaileak garatzen baditugu denok, elkarrekin ”.

Gaur goizean eman duen lehen albistea Lanbide Heziketarekin dago lotuta. Izan ere, ‘B’ eredua sortuko baita lanbide heziketan. Legealdi honen barruan Euskadiko Lanbide Heziketako Legea aurkeztuko du Jaurlaritzak, eta lege horretan finkaturik geratuko da B ereduaren sorrera. Honako hau adierazi du Patxi Baztarrikak gaur goizeko agerraldian: “Lanbide heziketa zerbait baldin bada, zubia da,  eskolatik lan mundurako pasabidea. Lan munduan euskararen erabilera areagotzeko beharrezkoa da euskara lanbide heziketan ere hizkuntza erabilia eta pisuduna izatea, gaur baino askozaz ere neurri handiagoan”. Eta gehitu du: “Horrexegatik, gure Agenda Estrategikoan harturiko konpromisoak dira, lanbide heziketan espresuki euskarazko irakaskuntza sustatzea eta B eredua sortzea”.

Zergatik sortu ‘B’ eredu berria? Arrazoiak Patxi Baztarrikak eskaini ditu gaur goizean: “Gure hezkuntza sistemako derrigorrezko hezkuntzan hiru hizkuntza eredu ditugu: A, B eta D. Lanbide heziketan, ordea, ez daukagu B eredurik, soilik A eta D dauzkagu. Derrigorrezko hezkuntzatik lanbide heziketara igarotzean, A eredua hazten da eta D eredua gutxitzen da berealdiko proportzioan. Besteak beste gertatzen da, derrigorrezko hezkuntzan B ereduan aritutakoak lanbide heziketan nagusiki A eredura igarotzen direla, eta baita D ereduan aritutako asko ere. Lan mundurako hizkuntza gisa euskara prestigiatzea beharrezkoa dugu, eta euskarazko irakaskuntzaren eskaintza areagotzea. Horretan ari da Jaurlaritza”.

Hona hemen datu batzuk. 2013-2014 ikasturtean, DBHn ondorengoa zen hizkuntza ereduen banaketa:

- A ereduan, % 11,3.

- B ereduan % 26,75

- D ereduan % 61,3

Aldiz, ikasturte berean, 2013-2014an alegia, guztiz diferentea zen Lanbide Heziketako hizkuntza ereduen banaketa:

- A ereduan % 75 (gogoratu DBHn % 11,3 dela)

- D ereduan % 23,4 (gogoratu DBHn % 61,3 dela)

2013-2014ko datuak aipatu ostean, 2014-2015eko ikasturte berriko lehenengo datuak ere eskaini ditu Baztarrikak, irailaren 1ekoak zehazki esanda. Data horretan, ikasleen % 27 D ereduan matrikulatu ziren (iazko ikasturtean baino 3,6 puntu gehiago). Data horretan, D ereduan ikasleen hazkundea % 12,5ekoa izan da.

Baztarrikak Jaurlaritzak arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera bultzatzeko duen konpromisoaren berri ematerakoan, “ekintzak, ez hitz hutsak” aipatu nahi izan ditu. Adierazi duenez, Jaurlaritzak 15 urteotan 388 enpresari eman die diru-laguntza euskara planak egin eta garatzeko, eta 154 izan dira Bikain ziurtagiria eskuratu dutenak. Aurten beste 39 enpresa izango dira Bikainen ebaluazioa egingo dutenak. Ez ditu ahaztu kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen dekretua edo 2006az geroztik kontratazio administratiboan hizkuntza irizpideak ezartzeko akordioa, biak Jaurlaritzak egindakoak. Adierazi du, baita ere, HABE eta Lanbide lankidetzan ari direla langabetuentzako euskara ikastaroak eskuragarri jartzeko.

Bestalde, Baztarrikak, aurki abian jarriko den programa pilotu baten berri ere eman du: “Programa pilotu baten proiektua da esku artean duguna. Helburua, oso zehatza: epe jakin baten barruan, enpresaren lan hizkuntza euskara izatea, ahozko nahiz idatzizko erabileretan, eta paisaian, jakina. Industria arloko enpresa multzo bat izango da programa pilotuan parte hartuko duena, 8/10 enpresa guztira. Bakoitzaren hizkuntza abiapuntua, euskarari dagokionez, nahiko aurreratua izan beharko du: erdi edo goreneko mailan Bikain ziurtagiria eskuratua izatea erreferentzia egokia litzateke”.

“Esan bezala, industria arloan egin nahi dugu programa pilotua, eta industriaren eremuan badugu non begiratu: ELAY enpresan, hain zuzen ere. ELAY-ren kasua arrakastatsua da. Badaki zer den kanpo ebaluazioa: esate baterako, BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria birritan eskuratua du, 2008an eta 2011n, bietan goren mailakoa, urrezkoa. ELAYk, joan zen urteko uztailean bere helburua lortu zuela ospatzeko egin zuen ekitaldian jendaurrean adierazi nuen, hitzez hitz, “gure gogoa eta konpromisoa da ELAYren eredua ahalik eta zehaztasun handienaz ezagutu eta ezagutzera ematea. ELAYren ibilbidea eredugarria izan da, eta agerian jarri du, baldin eta gauzak modu batera egiten badira egingarria dela, ez dela ameskeria, 200 langileren bueltako enpresa batean, munduko merkatuetan indartsu den enpresa batean, lan hizkuntza euskara izatea. Arrakastaren giltzarriak hedatu nahi ditugu, bide berri eta berritzaileak garatu, eraginkorragoak izateko”, gehitu du sailburuordeak.

Elgoibarren, 2014ko urriaren 2an

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)