Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadiko Liburutegi Digitala, Bartzelonako Liber azokan

2014.eko urriak 02

Liburu digitalak maileguan emateko Eusko Jaurlaritzak duen proiektua aurkeztu du Bartzelonan Joxean Muñoz sailburuordeak

 

Joxean Muñoz, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak hitzaldia eman du gaur eguerdiz Bartzelonako Nazioarteko Liburu Azokan, Liber 2014 azokan, Eusko Jaurlaritzak liburu digitalak maileguan emateko abian duen proiektua azaltzeko. Egitasmoak, berritzailea eta bakarra izanik Estatuan, sektoreko profesionalen artean ikusmin handia sortu du.

“Argitaletxeen eta liburuzainen arteko lankidetza eredu berria aro digitalean” izenburupean aritu da Muñoz, liburu digitalak maileguan uzteko proiektuaren ezaugarri nagusiak azaltzeko. Eta ekimen honen izaera partekatua eta adostua nabarmendu ditu bereziki. “Geuk sortutako plataforma teknologiko publiko batean oinarritua egongo da proiektua, baina gainera, liburuzainek eurek hautatuko dituzte katalogoa osatzeko erosiko diren tituluak, irakurleen eskaerak aintzat hartuta. Izan ere, liburutegietako arduradunak dira erabiltzaileek zer irakurri nahi duten ondoen dakitenak. Editoreekin hitzartutako akordioan du oinarria proiektu honek –jarraitu du sailburuordeak- eta irauteko asmoz jaio da, ondorengo urteetan zabaltzeko eta sakontzeko konpromisoa hartuta”.

Euskadiko Liburutegi Digitala Eusko Jaurlaritzaren, Editoreen eta Liburutegien arteko adostasunetik sortutako proiektua da, eta ingurune digital berrian editoreei babesa emateko asmoarekin dator. Ekimen aitzindaria Estatuan, eremu digitalean irakurzaletasuna bultzatzea du helburu, gizarteko sektore guztietan, baina gazteenen artean batik bat.

Mailegu digitala

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak ondorengo asteetan ipiniko du martxan liburu digitalak maileguan utziko dituen zerbitzu berria. Honi esker, liburutegietako 500.000 erabiltzaile baino gehiagok (guztiak ere Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko kideak) katalogo digitalak eskaintzen dituen tituluak hartu ahal izango dituzte maileguan. Plataformak aldiko lan bat bakarrik mailegatuko dio bazkideari, gehienez ere 21 egunean irakurtzeko. Urteko egun guztietan eta eguneko 24 orduetan erabilgarri egongo da plataforma, eta mailegua bi eratan egin ahal izango da: bazkideak liburua bere gailura jaisteko aukera izango du batetik, edo streaming moduan irakurtzekoa, bestetik.

Plataforma hau eraikitzeko teknologia Eusko Jaurlaritzak garatu du. Era honetan, teknologia horren autonomia bermatzen da, erabilerarekin suma daitezkeen hobekuntzak txertatu ahal izateko, bai eta liburuzain, editore nahiz irakurleen eskaerei leku egiteko ere.

Bestalde, Imanol Agote Kultura Ondarearen zuzendariak ere Liber azokaren baitan antolatutako mahai-inguru batean parte hartuko du gaur arratsaldez, “Liburu elektronikotik haratago: app, bideo, musika, zinema eta abarrak” izenburupean. XXI mendeko liburutegien papera eta erronkak aztertuko dira mahai-inguruan, eta liburutegiek katalogoetan sartu behar dituzten eduki berrien inguruan eztabaidatuko (hezkuntza-aplikazioak, norberak editatutako liburuak, egile eskubiderik ez duten liburuak…). Imanol Agoterekin mahaikide izango dira, Lluis Pastor, Espainiako Unibertsitate-Argitaletxeen Elkarteko presidentea, eta Carme Fenoll, Kataluniako Generalitateko Liburutegi Zerbitzuko burua.

Liber, urriaren 1etik 3ra burutuko da Bartzelonan, eta Estatuko liburu azokarik garrantzitsuena da. Sektoreko profesionalentzat hitzordu saihestezina izaki, aurten ere euskal editore asko hurbildu da bertara. Eusko Jaurlaritzak azokan ezarri duen stand batekin osatu du bere presentzia.

 

 

Bartzelona, 2014ko urriaren 2an.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)