Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Renove planek 2.000 etxebizitzaren isolamendu termikoa hobetzea eta 12.000 etxetresna elektriko baino gehiago ordezkatzea ahalbidetuko dute

2014.eko urriak 02

Energiaren Euskal Erakundeak leihoen eta etxetresna elektrikoen renove planak abiarazi ditu. Guztira 2,9 milioi euroko aurrekontua duten plan horiek etxebizitzetan energia kontsumoa gutxitzea dute helburu, eraginkortasun handiko sistemen ezarpenaren bitartez.

Iragan uztailean eman zen prentsaurrekoan iragarri bezala, etxeko ekipamendua ordezkatzeko renove planak 2014ko urriaren 2an hasiko dira. Leihoen renove planak 1,5 milioi euroko aurrekontua du; etxetresna elektrikoarenak, berriz, 1,4 milioi eurokoa. Bi plan horiek azaroaren 30era arte, edo aurrekontuak amaitu arte egongo dira indarrean. 

Leihoen renove planari dagokionez, ohiko etxebizitzetan leihoen ordezkapena sustatu nahi du, isolamendu hobea ematen duten leihoen erabilera bultzatuz. Hartara, berokuntzan energia aurreztea lortuko da. Planaz baliatzeko, leiho berriek ezaugarri tekniko jakin batzuk eduki behar dituzte, hala nola CEren marka izatea, beira bikoitza edukitzea, isolamendu termiko sendoa duten beirak (transmisio  termikoaren balioa (Ug) 1,40 W/m2.K. edo txikiagoa eta aire kameraren lodiera 14 mm edo handiagoa). Gainera, berotutako leku edo gune bateko eta kanpo aldetik aldentzeko erabiltzen diren leiho edo ate-leihoak izatea ezinbestekoa baldintza da diru laguntza eskuratzeko.

Leihoak ordezkatzeko egiten den inbertsioaren % 22 da EEEk ematen duen gehieneko diru laguntza. Inbertsio horren barruan sartzen dira kontzeptu hauek: markoa, beirak, pertsiana-kutxa, eta arotziari lotutako kostuak. Etxebizitza eta onuradun bakoitzeko ematen duen gehieneko diru laguntza 1.000 eurokoa da, eta ezin da gainditu inola ere kantitate hori. Diru laguntzez baliatzeko, leihoen ordezkapenak 2014 urtarrilaren 1etik plana amaitu bitartean egin beharko dira. Aurtengo leihoen renove planari esker, 2.000 etxebizitzen energia eraginkortasuna hobetuko da, 870 tep (tona petrolio baliokide) aurreztea ekarriko duena, urtean 3.200 etxebizitzak berokuntzan kontsumitzen duten energiaren baliokidea dena.

Etxetresna elektrikoen renove planari gagozkiola, linea zuriko etxetresnen ordezkapena sustatu nahi da; zehazki, A++ edo A+++ energia-kalifikazioa edo energia-eraginkortasun handiagoa duten hozkailuak, izozkailuak, garbigailuak eta ontzi-garbigailuak erosteko diru laguntza emango da. Azken batean, etxeetan erabiltzen diren etxetresna elektrikoen energia eraginkortasuna hobetu nahi da planaren bidez, etxetresna zaharren ordez, energia gutxiago kontsumitzen duten tresnen erabilera sustatuz.

Kasu honetan, etxetresna erosten den saltokian bertan eta erosketa unean bideratzen edo gauzatzen da diru laguntza. Gainera, saltokikoak arduratzen dira etxetresna zaharra etxetik erretiratzeaz eta baimendutako kudeatzaile bati eramateaz, etxetresna modu egokian birziklatzeko.

Etxetresna elektriko mota bakoitzeko diru laguntzak hauexek dira:


Etxetresna elektrikoen Renove Plana
Energia eraginkortasunaren kalifikazioa Etxetresna elektriko mota Etxetresna bakoitzeko diru laguntza (€)
A+++ Hozkailua eta hozkailu-izozkailua 125
A+++ Izozkailua 125
A+++ Garbigailua 125
A+++ Ontzi-garbigailua 125
A++ Hozkailua eta hozkailu-izozkailua 105
A++ Izozkailua 105
A++ Garbigailua 105
A++ Ontzi-garbigailua 105



Etxetresna elektrikoen renove planari esker, Euskadiko etxebizitzetan eraginkortasun handiko 12.000 etxetresna baino gehiago sartzea lortuko da. Horrekin euskal etxebizitzetan 920 tep-ko aurrezpena lortzea espero da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko