Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak txirrindulariek Euskadiko errepideetan izandako istripuen gaineko monografiko bat argitaratu du

2014.eko urriak 02
Trafikoko Zuzendaritzaren «Bizikleta istripuak Euskadiko errepideetan» txostena www.trafikoa.net webgunean eskuragarri dago
 
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak esklusiboki txirrindulariek euskal errepideetan 2013an izandako istripuei eskainitako monografiko bat argitaratu du: «Bizikleta istripuak Euskadiko errepideetan». Bertan, istripuok azken hamar urteetan izandako bilakaera aztertzen da. Txostena www.trafikoa.net webgunean eskuragarri izango da, eta aurreko urtean kaleratutako beste lan monografiko batzuk osatzera dator. Hain zuzen ere, motorzaleek izandako istripuak, oinezkoek izandakoak eta laneko bide segurtasuna aztertzeko lanak ere egin ziren iaz. Azken kasuan, in itinere eta in mision istripuak aztertu ziren.
 
Txirrindulariek izandako istripuei lan monografiko bat eskaini izanaren arrazoia argia da: 2013an Euskadin trafiko istripuetan hildako 56 pertsonetatik lau txirrindulariak ziren, eta, larri zauritutako 430 lagunetatik, berriz, 46 zihoazen bizikletan.

Horrez gain, kontuan izan behar da txirrindulariek izandako istripurik larrienak errepide sarea erabiltzen dutenean heltzen direla diotela datuek. Izan ere, iaz hildako lau txirrindulariek errepide sarean izan zituzten istripuak, baita larri zauritutako 46 txirrindularietatik 30ek ere. Ildo horretan, oso esanguratsua da ere trafiko istripuetan hildako edo larri zauritutako txirrindularien portzentajea istripuak izaten dituzten txirrindularien portzentajea baino nabarmen altuagoa dela. Gainera, errepidean istripu bat izaterakoan, hiltzeko edo larri zauritzeko aukera sei aldiz handiagoa da bizikletan joanez gero ibilgailu batean joanez gero baino.

Datuak aztertuta, honakoa ere ikusten da: 2004an errepideetan biktimekin izandako istripu guztien % 2,9an zeuden tartean bizikletak, 2010ean % 5,9koa zen jada portzentajea, eta, 2013an, % 7,3koa.

«Bizikleta gero eta gehiago erabiltzen da gure kale eta errepideetan garraiobide bezala, eta, horrenbestez, ahalegin bat egin behar dugu ohitura aldaketa hori barneratu eta bizikleten eta gainontzeko ibilgailuen arteko elkarbizitza sustatzeko. Guztiok elkarrekin erabil dezakegu gure errepide sarea, eta modu arduratsuan egin behar dugu, zirkulazio arauak errespetatuz bizikletan, autoan zein oinez joan», Garbiñe Sáez Molinuevo Segurtasun Saileko Trafiko zuzendariaren arabera.

2004 eta 2013 artean, biktimak eragin dituzten trafiko istripuetan nahastutako ziklisten kopurua izugarri handitu da, hamar urteko tartean ia hirukoiztu arte. Txostenean ikus daitekeen bezala, gainera, igoera bereziki esanguratsua izan zen 2011n eta 2012an, 2013an zerbait apaldu zelarik.  Bilakaera, hori bai, ezberdina izan da lurralde bakoitzean, Araban 2004tik 2013ra % 2,7tik % 6ra igaro baita, Bizkaian % 2,5etik % 6,7ra, eta Gipuzkoan % 3,6tik % 8,4ra. 

Larunbat eta igandeak, egunik arriskutsuenak

Azken hamar urteetan izandako istripuak aztertuta beste datu esanguratsu bat ere ikus daiteke: euskal errepideetan izandako bizikleta istripuetatik % 19,7 larunbatetan izan ziren, eta, % 19,1, igandetan.  Jaiegunak ere kontuan hartuz gero, bizikleta istripuen ia erdia larunbat, igande eta jaiegunetan izaten direla esan daiteke. Are, 2003 eta 2013 artean hildako txirrindularien erdiak larunbat, igande edo jaiegunetan hil zirela ere zehaztu daiteke.

Istripuak dituzten txirrindularien profila

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren txostenak istripuak izan dituztenen % 94 gizonezkoak direla ere jasotzen du, baita euren batez besteko adina 40 urtekoa dela ere. Adinka banatuta, hildako edo larri zauritutako txirrindularien % 62k 30 eta 60 urte artean zituzten, % 12k 60 urte baino gehiago, eta, % 6k, 15 urte baino gutxiago.

Istripu eragile gisa gehien errepikatzen diren faktoreak, berriz, gidatzerakoan arreta galtzea, partzialki aurkako erraian sartzea eta gelditzeko edo pasatzen uzteko seinaleak ez errespetatzea daude. Hala ere, kasurik gehienetan txirrindulariak ez zuen inolako arau hausterik egin.

Euskal errepideetan izandako bizikleta istripuak aztertzerakoan, lau istriputik batean bizikletaz gain bestelako ibilgailurik tartean ez dela izan, iraulketak areagotu egin direla eta hamar istriputik zortzi ohiko errepideetan izaten direla ikusten da. Azken hiru urteetan hildako edo larri zauritutako txirrindulari gehien pilatu dituzten errepideak, berriz, honakoak dira: N-634, N-1, GI-2133 eta GI-627.

Informazio gehiago eskuratzeko, txostena honako helbide honetan kontsulta daiteke: www.trafikoa.net.

Euskadiko trafiko gertaerak zuzenean eskuragarri

Bestalde, Segurtasun Sailak Euskadiko errepide sarean une oro dauden trafiko gertaeren berri zuzen-zuzenean ematen duela nabarmendu behar da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren datu publikoak formatu berrerabilgarrian eskuragarri izateko aukera ematen duen Open Data Euskadi atarira jo behar da (http://opendata.euskadi.net/w79-home/es/ ). Datuok XML formatuan daude eskuragarri eta honako xehetasunak ematen dituzte: izandako gertaera mota, arrazoia, errepidea, puntu kilometrikoa, noranzkoa, eta gertaeraren eragin maila.

Orain arte eskaintzen zen informazioaz gain, aurrerantzean gertaera non jazo den zehazteko koordenatu geografikoak ere eskainiko dira (longitudea eta latitudea). Horrela, mapa digitaletan gertaeraren lekua modu bisualagoan geolokalizatzeko aukera izango da.

Horrelako datuak erabiltzen dituzten gailu mugikorrak gero eta ohikoagoak direnez, XML fitxategiaren bertsio konprimituago bat ere jarriko da eskuragarri, horrela erabiltzaileek Interneteko datuen trafikoan aurrezteko eta deskargak azkarrago egiteko aukera izango dutelarik.  Horrez gain, beste XML fitxategi bat ere jarri da eskuragarri zehaztutako bi daten artean izandako gertaerak kontsultatu ahal izateko; horrela, errepide batean denbora tarte jakin batean izandako gertakarien atzera begirako analisiak egin ahal izango dira. Fitxategi horiek koordenatu geografikoak ere eskainiko dituzte, data zehatz batetik aurrera bakarrik izango diren arren eskuragarri. Hiru fitxategi mota hauek Open Data atariak trafikoari eskainitako webgunean jarriko dituen estekak baliatuz eskuratu ahal izango dira (http://opendata.euskadi.net/w79-home/es/).

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2014.eko urriak 03

    Comentario de Twitter:
    Tráfico del Gobierno Vasco dedica un monográfico a la accidentalidad de los ciclistas en las carreteras del País... http://t.co/tzj0MDTWYG

Komunikabideek behera kargatzeko