Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Hitzeman programa aurkeztu du, presoak gizarteratzeko legezko bidea

2014.eko urriak 02
  • Hitzeman programak aukera ematen die presoei giza eskubideekiko konpromisoa hartzeko, biktimei eragindako kaltea onartzearekin eta autokritika egitearekin lotuta.     
  • Hitzeman programarekin bat egiten dutenek aholkularitza jasoko dute, baita babes pertsonala eta sozio-asistentziala ere, behar bezala gizartera daitezen.  
  • Hitzeman proposamen irekia da. Hemendik aurrera bost hilabeteko epea izango dute zuzendaritza guztiek elkarrekin hitz egiteko, dokumentuari ekarpenak egiteko eta akordioetara iristeko.

Eusko Jaurlaritzak gaur goizean aurkeztu du Hitzeman programa  –presoen legezko gizarteratze-prozesuei laguntzeko «Legezko bidea»–. Bakea eta Bizikidetza Planaren 8. ekimena da adierazitako programa, eta haren abiapuntua legediak Euskadiko gizartearen testuinguru berriarekin bat egingo duen espetxe-politika sustatzeko eskaintzen dituen aukerak aztertzeko Eusko Jaurlaritzaren erabaki sendoa izan da.  

Hitzeman programak Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikuluan bildutako zigorrak dituzten pertsonak gizarteratzeko printzipioa du oinarri. Printzipio horrek are balio handiagoa du ETAk terrorismoa behin betiko utzi ondoren sortutako baldintza soziopolitikoak hain aproposak diren une honetan.

Programa jendaurrean aurkeztu ondoren bost hilabeteko epea ireki da hura hobetzeko ekarpenak jaso eta alderdi guztien artean ahalik eta adostasun handienera iristeko. 

Hitzeman programak hiru helburu ditu:

Biktimei dagokienez:

-       Biktimei erreparazio moraleko hitzak ez ezik, ekintzak ere eskaintzea, betiere bere garaian eragin zitzaien bidegabekeria aitortuta.

-       Iraganaren azterketa kritikoa egiteko eta giza eskubideen urraketen gaineko erantzukizuna onartzeko prozesu soziopolitikoak bultzatzea.

Gizarteari dagokionez:

-       Pertsonek ekarpenak egitea bakea eta bizikidetza sendotzen laguntzeko.

-       Espetxe-politika bizikidetza-politikaren zati izaten laguntzea, hura ezarri behar den «garaiko gizarte-errealitatearekin» bat eginda.

Presoei dagokienez:

-       Gogoeta autokritikoko prozesu etikoak bultzatzea eta indartzea, baita erreparazio- eta gizarteratze-prozesuak ere.

-       Hainbat estaldura mota eskaintzea: legezkoa, sozioasistentziala eta materiala; betiere, gizarteratze-prozesuak sendotzeari begira.

PROGRAMAREN EDUKIA: 

Presoak beren borondatez sartuko dira Hitzeman programan. Lehenik eta behin, hasierako adierazpen bati atxikiko zaizkie;bertan bilduko da bakea eta bizikidetza behin betiko ezartzen eta hari eusten laguntzeko konpromisoa. Adierazpenarekin bat egin ostean Eusko Jaurlaritzak abian jarriko du programa.

Jaurlaritzak Kudeaketa Batzorde bat sortuko du (hainbat ibilbidetako eta diziplina anitzeko pertsona ezagunek osatuko dute) eta hark proposatuko die programarekin bat egitea erabaki duten presoei zer ibilbide jarraitu. Preso bakoitzak bere ibilbidea izango du.  

Lau ibilbide eskainiko dira:

  1. Konpromiso akademikoarekin loturikoa, unibertsitateekin eta bestelako akademia-erakundeekin lankidetzan.
  2. Konpromiso asoziatiboarekin loturikoa, gizarte zibileko erakundeekin lankidetzan.
  3. Konpromiso instituzionalarekin loturikoa, udalekin eta bestelako erakundeekin lankidetzan.
  4. Konpromiso solidarioarekin loturikoa, elkartasuneko proiektu jakin batzuekin lankidetzan.

Prozesua behar bezala aztertu eta amaitzean, Kudeaketa Batzordeak gizarteratze-prozesuaren aldeko edo aurkako irizpena emango du. Helburu nagusia bakearekin eta bizikidetzarekin hartutako konpromisoak iraganean, gaur egun edo etorkizunean egindako giza eskubideen kontrako edozer urraketaren aurkako arrazoibiderik ekarri duen baloratzea izango da, baita biktimei eragindako kaltearen onarpen autokritikorik egin den ere. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak aurrekoa ziurtatu eta balioetsiko du, eta dagokien erakundeei jakinaraziko die.

Aldi berean, Hitzeman programak babes edo estaldura instituzionala eskainiko die hari atxikitako presoei. Estaldura horrek honako hau ekarriko du berekin:

-       Aholkularitza pertsonala eta legezkoa, baita laguntza psikologikoa ere, halakorik behar izanez gero.

-       Laneratzeko laguntza, gizarteratze-prozesuan behar hori duten preso ohientzat.

-       Etxebizitza bilatzeko laguntza, gizarteratze-prozesuan premia hori duten preso ohientzat.

Laguntza instituzional horrek bi urte iraungo du.

Zehaztu beharra dago Hitzeman programa ez dagoela lotuta presoei dagozkien eskubide edo onura arruntak eskuratzearekin. Gaixo dagoen preso batek edo 70 urtetik gorako batek ez dauka zertan Hitzeman programa jarraitu legez dagokiona jasotzeko; presoak hurbiltzea ere ez dago horrekin lotuta. Hitzeman

programaren helburua Konstituzioak ezarritako xedeari laguntzea eta hura bizkortzea da; alegia, gizarteratzeko prozesu pertsonalei laguntzea.

Hitzeman programa ez da aparteko erantzun bat. Bat dator  beste preso-tipologia batzuk gizarteratzen laguntzeko espetxeek onartutako politikekin. Jardunbide egokietan oinarritzen da. Besteak beste, Nanclares Bidea esperientziaren balioa biltzen du, baita aurreko gizarteratze-esperientziena ere.

Biktimarioak biktimarekiko dituen erantzukizunei dagokienez, Hitzeman programak bat egiten du Europako Batzordearen eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/29/EB Zuzentarauarekin.

Programak ez du ezer bermatzen; ez da inolako formula magikoa, eta ez du itxaropen faltsurik sortu nahi arazo oso konplexu baten konponbidearen inguruan. Eusko Jaurlaritzaren helburua legezko bide bat irekitzea da, bideragarria, errealista eta mailakatua izango dena, eta modu konstruktiboan partekatu ahal izango dena, bai gizartearekin, bai politikariekin.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @anamarti4
    2014.eko urriak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [HITZEMAN] Eusko Jaurlaritzak #Hitzeman programa aurkeztu du, presoak gizarteratzeko legezko bidea ➡ http://t.co/6vWd8BCGK7 #eu…

  • @jonbarrika
    2014.eko urriak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [HITZEMAN] Eusko Jaurlaritzak #Hitzeman programa aurkeztu du, presoak gizarteratzeko legezko bidea ➡ http://t.co/6vWd8BCGK7 #eu…

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)