Berriak Osasuna
Eu

Jon Darpón: «estrategia korporatibo jarraitu batek baino ezin du bermatu pazientearen gehieneko segurtasuna»

2014.eko urriak 01

Osasun Sailak arlo honetan bultzatu duen estrategiak bi helburu ditu; batetik, Osakidetzak lortutako segurtasun-kuota indartzea, eta, bestetik, Sare guztian modu homogeneoan aplikatzea

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek ziurtatu duenez, ez da nahikoa Osakidetza pazientearen segurtasunean erreferente izatea; aitzitik, beharrezkoa da «aurrera egiten jarraitzea, etengabeko hobekuntzaren kultura esparru honetan finkatzeko, gure osasun-politiketan lehentasun nagusia baita».

Hala mintzatu da sailburua Osakidetzaren 2014ko Pazientearen Segurtasunari buruzko II. Jardunaldiaren inaugurazioan, Bilboko Koldo Mitxelena auditoriumean. Gainera, Euskal Osasun Zerbitzuko zerbitzu-erakundeetako profesionalek arlo honetan egiten dituzten ekintzak azaldu eta partekatu ditu.

Jon Darpónen hitzetan, Pazientearen Segurtasunaren Estrategian ahalik eta mailarik handiena lortzea da helburua –orain dela hilabete batzuk aurkeztu zuen aipatu estrategia Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak–. 13 jarduera-ildo ditu, eta lortutako segurtasun-kuotak indartze zein Sare osoan modu homogeneoan aplikatzea bermatzea ditu helburu.

«Izan ere, pazientearen segurtasunean aurrera egiteak –baieztatu du sailburuak– gure osasun-sistema hobetzea dakar, seguruago eta jasangarriago egitea; azken batean, osasun-sistema aurreratu baten alde egitea, pertsonak izanik grabitate-zentro».

Ildo horretatik, iragarri du pazientea bere segurtasunean inplikatzeko kanpaina bat abiaraziko dela laster, bai eta erakunde guztietan presio-ultzeren prebentzioa hobetzeko ekimen bat ere, beste ekintza batzuen artean.   

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)