Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura

2014.eko urriak 03

Iñigo Urkullu lehendakariak kurtso politiko berriko lehen Kontroleko Osoko Bilkuran egin dizkioten galdera zein interpelazioak erantzun ditu.


3 Galdera, Idoia Mendia Cueva Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, gizarte-larrialdietarako laguntzen aurrekontu-saila handitzeari buruz.

Lehendakariak azaldu du diru-sarrerak bermatzeko errentak bizimodu duina izateko gutxienekoak estaltzen dituela: «Euskadin gizarte-beharrak dituzten pertsona guztiei legeak diru-laguntza bat bermatzen die». Urkulluk esan du gizarte-larrialdiko laguntzak aurrekontura egokitu behar direla. Lehendakariaren arabera, diru-laguntza horiek lehentasunezkoak dira Eusko Jaurlaritzarako eta 2013an aurreko urtean baino % 18,4 handiagoak izan ziren.

Lehendakariak bataren eta bestearen arteko aldea nabarmendu du. Diru-sarrerak bermatzeko errenta eskubide bat da, baina gizarte-larrialdiko diru laguntzak osagarriak dira eta aurrekontuaren mende daude.

6. Interpelazioa, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Epsilon eta Hirikori emandako laguntza publikoak ikertzeko batzordean irregulartasunen arduraduntzat jo diren goi-kargudunekin hartzeko asmoa duen neurriei buruz.

Lehendakariak adierazi du ez dituela legea bete duten eta errugabeak diren pertsonak juzgatuko. Epsilon eta Hiriko kasuen irizpena, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko auditoretzaren erantzuna eta auzitegietako ebazpenak ikusirik, lehendakariak adierazi du egiaztatuta geratu dela pertsona horien jarduera legezkoa izan zela eta ez zutela inolako irabazirik lortu.

Gaurko Batzordean lehendakariak berriz onartu du Epsilon eta Hiriko ikerketa-proiektuek porrot egin zutela eta  ez zutela aurreikusitako emaitzak lortu 2008an eta 2012an. Dena den,  lehendakariak azpimarratu nahi izan dut porrota eta ustelkeria bereizi behar direla. Urkulluren arabera, ez da ustelkeriarik izan, erabakietan parte hartu zuten funtzionario publikoetatik batek ere ez zuelako diru publikoko euro bat bera ere eskuratu. Horrenbestez ez ditu epaiketarik izan ez duten errugabeak zigortuko, egia osoak jasotzen ez dituen «irizpen partzial» batean oinarriturik.  «Adierazitako pertsonek legezkotasuna dute berme», esan du Urkullu lehendakariak.

7. Interpelazioa, Laura Garrido Knörr Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, gizarte-laguntzen iruzurrari aurre egiteko oraingo babes-sistema berrikusteari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du ez dela egia iruzur-egoera orokor batean gaudenik. Hala ere, Eusko Jaurlaritza eta Lanbide adi egongo dira, eta gehiegikeriak hautemateko eta, halakorik badago, gehiegikeriak gutxitzeko lanean jarraituko dute. «Diru-laguntzak kontrolatuko ditugu, baina ez ditugu desagerraraziko», defendatu du lehendakariak eta gogorarazi du duintasuna, kohesioa eta elkartasuna herri honen balioak direla.

Lehendakaria kezkatuta agertu da Alderdi Popularra gizartea babesteko Euskadiko sistema zalantzan jartzen ari delako. Izan ere, lehendakariak gaur azaldu du 25 urtez elkartasun-, adostasun- eta lankidetza-printzipioen arabera arautu dela. Gainera, hedabideen bidez «publikoki eta generikoki salatu dute» inolako frogarik gabe edo iruzurra konpontzeko daturik eman gabe.

10. Interpelazioa, Unai Urruzuno Urresti EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Jaurlaritzak indarrean dituen murrizketen politikei buruz.

Lehendakariak adierazi du bai berak, bai Jaurlaritzak konpromisoa dutela aurrekontu sozialak egiteko. Esan du 2015erako ere eutsiko diotela Osasungintzara, Hezkuntzara eta gizarte babesera bideratutako aurrekontu-partidari, bai eta enplegu publikoari ere.  Azaldu duenaren arabera, bere konpromiso soziala zera da, aurrekontuetarako hiru eurotatik bi partida horietarako erabiltzea.

Lehendakariak esan du ez duela murrizketarik egingo gizarte-politiketan; bere esanetan, politika horiei eusteak esan nahi du beste alor batzuetan inbertitzeko gaitasun txikiagoa edukitzea. Nolanahi ere, ahalegin hori onargarria dela dio, jakinda kohesioa bermatuko dituen sistema bati eutsiko zaiola.


14. Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Jaurlaritzak terrorismoaren biktimak erailak izan ziren euskal geografiako toki guztietan oroitzapenezko mugarri eta plakak jartzea sustatzeko asmoa izateari buruz.

Urkullu lehendakariak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak Memoriaren Mapa aurkeztu zuela, Bake eta Bizikidetza Planaren IV. ekimenean. Jarduera honek iradokizunak ere onartzen ditu, udaletan terrorismoaren eta indarkeriaren biktima izan direnak oroitzeko eta errekonozitzeko ekintzetarako, horien artean, aipatu ditu azaroaren 10a Memoriaren Egun izendatzea udalerri bakoitzean, ekintza pertsonalizatuak egitea, edota memoria-erreferente bat sortzea alde guztien artean adostuta.

Ez atzerapausorik, ez zalapartaka aurrera egiterik, adierazi du lehendakariak Bake eta Bizikidetzaren inguruan. Urkullu behin betiko bakea eta gizarte osoarentzako bizikidetza sendotuko dituzten balioen alde agertu da, adostasuna eta elkar ulertzea oinarri hartuta betiere.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2014.eko urriak 03

    pues me ha gustado @iurkullu le doy todo mi apoyo a usd , seguro lo has hecho bien sin duda yo con mas fuerza que nunca me han echado bronca cuando usd estaba en el pleno ,estoy fuerte , hay que tener paz y convivencia

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)