Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

35 urte baino gehiagoko pertsonak atzerriko lantokietan aritzeko kontratatzen dituzten enpresek Jaurlaritzaren laguntza jasoko dute. (2014-09-30(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko irailak 30

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Mari Aburtok hala proposatuta, laguntza-programa bat onetsi du gaur Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 35 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko atzerrian lantokian dituzten enpresetan.

Diru-laguntzen programa berri hau Lanbidek kudeatuko du 2013-2016 aldirako plan estrategikoaren barruan. Guztira 1,52 milioi euro bideratuko dituzte, eta helburua izango da mota honetako enpresak estimulatzea adin-tarte horretako pertsonak kontrata ditzaten, baldin eta eskainitako lanpostuarekin lotutako lan-esperientzia baldin badaukate edota eskatutako kualifikazioa baldin badute, betiere Lanbiden langabe bezala erregistratuta egonik.

Enplegua sortzeaz gainera, laguntza-programa honek euskal ekonomiaren lehiakortasuna eta lan-merkatuaren kalitatea ere hobetu nahi ditu, Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 aldirako Enplegu Planak ezartzen duen moduan.

Deialdia gaur onartu du Jaurlaritzak, eta aldez aurretik Lanbideren Administrazio Kontseiluak onartuta zeukan. Hala, aurki EHAAn argitaratuko dituzten laguntzen oinarriak ezartzen ditu. Haien arabera, kontratuak orotara irauten duena irauten duela, diruz lagundutako denbora tartea ez da izango 12 hilabete baino luzeagoa, eta 2015eko urriaren 31n amaituko da.

Kontratuok lanaldi osokoak izango dira, eta gutxieneko sei hilabeteko egonaldia bermatu beharko dute euskal enpresa bati lotutako atzerriko lantoki batean.. Kontratuan, era berean, adierazi beharko da enpresak kontratatutako pertsonari hilean 350 euro ordaintzeko betebeharra duela atzerrian dagoen denboran zehar, ostatu- eta mantenu-dieta kontzeptu gisa, eta alde batera utzita kontzeptu horiengatik kontratatuak jaso dezakeen zenbatekoa, aplikagarria zaion sektoreko edo enpresako hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren arabera.

Hauek dira laguntzon hartzaileak: EAEko enpresa publiko zein publiko-pribatuak, atzerrian ezarrita dauden lantokiak, partaidetutako enpresak edo enpresa-talde berekoak diren enpresak dituztenak, bai eta atzerrian ezarritako enpresekin lankidetza-akordioak edo zerbitzuak emateko kontratuak dituzten enpresak edota atzerrian ezartzen ari direnak (prozesua behar bezala justifikatzen bada) ere.

Kontratu bakoitzeko diruz lagundutako zenbatekoa kontratuaren indarraldiko lehen 12 hilabeteetako saldata-kostuen eta Gizarte Segurantzaren % 85ekin zehaztuko da, eta gehienez ere 2015eko urriaren 31ra arte, 35.700 euroko gehieneko mugarekin. 45 urte baino gehiagoko pertsonak kontratatzeko, diru-laguntzen ehunekoa soldata-kostuen eta Gizarte Segurantzaren % 95 izango da, 39.900 euroko gehieneko mugarekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau