Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak lortu du euskara eta Eskola Kontseiluak LOMCE-ren Euskadiko aplikazioa eremutik babestea

2014.eko irailak 29
  • Akordioa gorabehera, Eusko Jaurlaritzak legearen gainerakoaren aurkako errekurtsoa aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean, hezkuntza-erreformaren «erabat kontra» dagoelako.
  • Gaur argitaratu da akordioa Euskadiko eta Estatuko aldizkari ofizialetan, eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak eta Ogasun eta Administrazio Publikoen ministro Cristóbal Montorok sinatu dute.
  • Euskarari dagokionez, hitzarmenak 38. eta 39. xedapen osagarriak interpretatzen ditu, eta Euskadiri ikasgeletan euskararen irakaskuntza zehazteko gaitasuna onartzen dio.
  • Gainera, Eusko Jaurlaritzak zehaztuko ditu eskola-kontseiluen eta zentroetako zuzendaritzen arteko harremanak, ordezkaritzako kide anitzeko organoek horien funtzionamenduan duten rol garrantzitsua bermatuz. 


Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak eta Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) Hezkuntzaren hobekuntzarako azaroaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren (LOMCE) zenbait aginduren interpretazioari buruzko Euskadiko eta Espainiako gobernuen arteko aldebiko hitzarmena argitaratu dute gaur. Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak eta Ogasun eta Administrazio Publikoen ministro Cristóbal Montorok sinatu dute hitzarmena.

Sei hilabetez negoziatu dute Euskadiko eta Espainiako gobernuek akordio partziala lortzeko. Hau da, ez du galarazi Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalean lege osoaren kontra jarri duen errekurtsoa. Hala ere, LOMCEren aplikazioak Euskadin eragin duen gatazkatik kanpo utzi nahi ditu euskara eta eskola-kontseiluak.

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-erreformaren «erabat aurka» dagoela esan du berriz, baina «oso garrantzitsutzat» jo du Espainiako Gobernuak Euskadik euskara irakasteko eta eskola-kontseiluen eta hezkuntza-zentroetako zuzendaritzen arteko harremana zehazteko gaitasuna duela onartu izana.

EUSKARARI BURUZKO AKORDIOA

LOMCEk 38.4 artikuluan xedatzen du hezkuntza-administrazioek gaztelania eta hizkuntza koofiziala «arrazoizko proportzioan» batu behar dituztela, ikasleek biak menderatzeko. Gainera, sistema autonomikoan esku hartu ahalko duela xedatzen du, baldin eta Estatuko Administrazioak uste badu ez dela puntu hori bermatzen.

Eusko Jaurlaritzak akordioaren garrantzia nabarmendu du, Euskadiko legediak bi hizkuntzak «arrazoizko proportzionaltasun» irizpideekin erabiltzea bermatzen duela errekonozitu eta azaldu baitu. Hala, Espainiako Estatuak ezingo dituelako esku-hartzeko tresnak aplikatu adierazitako kasuan.

Gainera, 39. xedapen gehigarriak exijitzen du «hizkuntza koofiziala eta literatura» eta «gaztelania eta literatura» ikasgaiek tratamendu bera izan dezatela heziketa-etapa guztietan. Arlo horretan lortutako akordioa ere oso garrantzitsua da, Espainiako Gobernuak onartu duelako Euskadik murriztapenik ez izatea bi ikasgaien eskola-orduak ezartzeko, baldin eta oinarrizko araudiaren mugak betetzen baditu.

ESKOLA KONTSEILUAK

Eskola-kontseiluei dagokienez, ikastetxeetako zuzendaritzaren eta parte hartzeko organoen arteko harremanen erregularizazioari buruzko akordio partzial bat nabarmendu behar da. LOMCEren helburua da eskola-kontseiluek erabakitzeko gaitasunik ez edukitzea eta proposamenak egiteko organoak soilik izatea. Hala ere, akordioari esker, Espainiako Gobernuak onartu du hezkuntza-administrazioei dagokiela harreman horiek kudeatzeko modua ezartzea. Akordioari esker, Eusko Jaurlaritzak zentroen eta parte hartzeko kide anitzeko organoen zuzendaritzen arteko harremanak definitu ahal izango ditu, azken horiek hezkuntza-zentroek hartzen dituzten erabakietan duten rol garrantzitsua bermatuta.

Azkenik, beste hiru akordio partzial lortu dituzte, ikasleen onarpena erregulatzeari buruzkoak lanbide-heziketako ikastetxeetan (41. art.), unibertsitateetan (38. art.) eta curriculum-espezializazio modularreko ikastetxeetan (84.2 art.). Akordio horri esker, Espainiako Gobernuak onartu du agindu horietan adierazitako kasuetan, Euskadiri dagozkiola ikasleak onartzeko prozedurak eta irizpideak ezartzeko eskumena eta erabakia.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)