
Lehendakaria: “guztiaren gainetik ikaslearen heziketa dago”
Eusko Jaurlaritza Ikastolen Elkarteak antolatutako ikastolen 2014-2015 ikasturte hasiera ekitaldian izan da
Iñigo Urkullu lehendakariak adostasunari eutsi behar zaiola adierazi du Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldian, horixe izan baita, bere esanetan, hezkuntza dagoen mailan egotearen arrazoia. Aitortu du LOMCEk arazo asko sortaraziko dituela, baina “ez du lortuko hainbeste kostatu zaigun gure Hezkuntza Sistema makurtzea”. Jaurlaritza LOMCEaren aurka dagoela gogorarazi du Urkulluk eta hau ikasgeletan ahalik eta eragin txikiena izatea lanean ari da, beti ere ikasleen ibilbide akademikoa arriskutan jarri gabe “guztiaren gainetik ikasleen heziketa” baitago.
Lehendakaria, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarterekin batera, Andoainen antolatu den ikastolen 2014-2015 ikasturte hasieraren ekitaldian izan dira. Ekitaldian eta “Ikatola mendebete” lelopean, duela ehun urte Euskal Herriko lehenbiziko ikastola sortu zuen Miguel Muñoari omenaldia egin zaio. Muñoak gerora Koruko Andra Mari Ikastetxea izan zen Donostiako Euskal Ikastetxea sortu zuen.
Euskara, hezkuntza eta kultura munduko eragile eta erakunde ordezkarien aurrean, lehendakariak ziurtatu du “hezkuntza sistema sendo, koherente eta iraunkor baten oinarriak” ipintzen ari dela HEZIBERRI 2020 planaren bitartez. Gobernuak adostasuna bilatuz, hezkuntza eredu pedagogikoaren marko propioa garatuko du etorkizunean Hezkuntza Lege sendo bat eraikitzeko.