Berriak Segurtasuna

Euskalmetek meteorologia-estazio berri bat instalatu du edateko ura tratatzeko Goiko Bentako estazioan (Arrigorriaga)

2014-09-24

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren arteko lankidetza aktiboari esker instalatu ahal izan da

Meteorologiaren Euskal Erakundeak, Euskalmetek, meteorologia-estazio berri bat instalatu du Bilbo Handian, zehazki, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak edateko ura tratatzeko Goizko Bentako estazioan dituen lurretan (Arrigorriaga).

Meteorologia-estazio berriaren instalazioa joan den uztaileak amaitu zen, eta probak amaitu ondoren, aste honetan hasi da komunikazio zuzenean Euskalmetekin. Datuak 10 minututik 10 minutura eguneratzen dira eta denbora errealean daude, edonork ikusi ahal izan ditzan. Eskuragarri daude dagoeneko Euskalmeten webgunean: www.euskalmet.euskadi.net

Estazio honi esker, Bilbo Handiaren estaldura hobetuko da; eremu horrek, bada, populazio-dentsitate handia du. Instalazioa Euskadiko Sare Hidro-meteorologikoan integratu da guztiz. Hiru foru-aldundiek, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, gainerako ur-partzuergoek, Uraren Euskal Agentziak eta hainbat udalek dihardute aipatu sarean. 

Ur Partzuergoaren eta Euskalmeten lankidetzari esker, Meteorologiaren Euskal Erakundeak 7 estazio ditu partzuergoaren lurretan, eta datuak etengabe trukatzen dira.

Hala, estazioetako datu osoak denbora errealean jasotzen dira, bakoitzak bere beharrak kudeatu ahal izan ditzan. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kasuan, oso-oso interesgarria da bere instalazioetatik gertuko datu meteorologiko fidagarriak izatea, eredu matematikoetan erabiltzeko; hartara, eraginkortasun handiagoz kudeatu ahal izango dira hornidura- eta saneamendu-sistema orokorrak .

Goiko Bentako datuak

Arrigorriaga eta Abusu arteko lepoan dago estazioa, 162 metroko altitudean, AP-8 autobidetik gertu. Puntu horretan, hainbat aldagai neurtzen dira: tenperatura, hezetasun erlatiboa, prezipitazioa, eguzki-erradiazioa eta haizea.

Neurtzen dituen haizeak garbiak dira; inguru horretan haizeak abiadura hartzen du, haizeen bira biziko eremua baita, Nerbioi, Ibaizabal eta Abraren bailarak elkartzen direlako. Haizeez gain, estazio berria toki onean dago kokatuta, inbertsio termiko, eguzki-erradiazio, brisa eta horien indarra, eta elurrak neurtzeko Bilbo Handian.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko